Angel Nos
"Lasarte-Orian bizi naizen iruindarra naiz. Duela bost urte etorri nintzen bizitzera, eta emaztearekin eta semearekin euskaraz hitz egiten dut gehienetan. Lau urtez aritu naiz euskaltegian, eta aurten, lan-ordutegiek ez didate eskoletara joateko aukerarik ematen. Horri aurre hartzeko, ordea, telebista euskaraz ikusten dut eta irratia ere euskaraz entzuten dut. Euskaraz aritzeko, bizitzeko animatu naiz egitasmoan parte hartzera".
Lide Arroyo
"Euskaraz bizi naizen aldetik, nire eguneroko hizkuntza ohituretan aldaketa handirik eragingo ez duen arren, bi arrazoi nagusigatik eman dut izena Euskaraldian. Batetik, erabilera kontzienteago batean aritzeko, hau da euskara norekin eta nola erabiltzen dudan ikusteko, eta, bestalde, euskaraz jakin arren erdaraz hitz egiteko joera dutenengan eragiteko. Belarriprest direnentzako ere ekimen polita iruditzen zait, eurek ere euskara praktikatu ahal izateko espazio seguruak eduki ditzaten, hizkuntza berri bat ikasterakoan, kosta egiten baita maiz hizkuntza hori ama hizkuntza dutenekin hitz egiteko urratsa ematea".
Eli Corbacho
"Duela bi urte ere parte hartu nuen, orduko lankideekin eta aurten ere parte hartuko dut. Euskaraz jakin arren, egunerokoan, erdaraz bizi naiz, ohitura dut erdaraz aritzeko, eta hain zuzen ere horri aurre hartzeko animatu naiz; euskaraz gehiago hitz egin eta erabilera hobetzeko".
David Pena
"Herrien idiosinkrasia eta arima hizkuntzan dago. Duela hiru urte iritsi nintzen Galizatik Euskal Herrira, eta argi neukan euskara ikasi eta euskaraz bizi nahi nuela. Euskaraldian parte hartuko dut oso interesgarria iruditzen zaidalako kolektiboki egiteko".
Jon Agirre
"2018ko Euskaraldian ez nuen parte hartu, eta, aurten, egitasmoan parte hartzera animatu dut nire burua. Inguruko zenbaitzuekin euskaraz bizi naiz, baina beste batzuekin, berriz, euskaraz jakin arren, erdaraz aritzen naiz. Joera horiek aldatzeko eman dut izena".
Eman izena: https://izenematea.euskaraldia.eus/