COVID-19

Hamabost positibo herrian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 15:39
Pandemia hasi zenetik urria izaten ari da intzidentzia gehieneko hilabetea Lasarte-Orian. Grafikoa: TXINTXARRI/Flourish.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urriaren 27ko datu epidemiologikoak bildu ditu txosten batean. Horien arabera, Lasarte-Orian hamabost kasu atzeman dituzte asteazkenean, bezperan baino bederatzi gehiago. Urria hasi zenetik 171 kutsatze detektatu dituzte herrian; gune gorrian jarraitzen du, 584,33ko intzidentzia-tasarekin.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan bezperan baino kasu gehiagoren berri eman dute asteazkenean: sei herrietan, guztira, 67. Grafika honetan ikus daiteke urriko bilakaera:

Azken asteetan koloreka banatu ditu Osasun Sailak herrian herriko kasuak, intzidentzia-tasaren arabera. Bestela esanda, neurtzen dute azken hamalau egunetan zenbat kasu izan dituen herri bakoitzak 100.000 biztanleko. 500 edo gehiago dituztenek semaforo gorria piztuta daukate. Eskualdean, seiek. Tasa hori erabiltzen dute 5.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrien datu epidemiologikoak neurtzeko.

EAE erkidegoko hiru lurralde historikoetan 1.164 kasu atzeman dituzte urriaren 27an. Gehienak PCR proba bidez, 1.094; antigeno bidez, berriz, 70. Mota bateko zein besteko 15.070 eta 439 proba egin dituzte, hurrenez hurren. 

405 pertsona ospitaleratuta daude plantan koronabirusa dela eta. Horietatik 75 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan oheratuta daude. R0 edo birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1,21ekoa da erkidego osoan eta hiru ehuneko txikiagoa Gipuzkoan. Adierazle horrek zehazten du koronabirusa daukan pertsona batek batez beste zenbat kutsatu ahalko lituzkeen.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak 04: Test berriak

Txintxarri Aldizkaria 2020 urr 27 Gizartea