Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen neurriek pertsonen mugikortasunari eragiten die batez ere. Ezingo dute euren udalerritik atera herritarrek, ez baldin bada lana egiteko, ikasteko, osasun-arreta jasotzeko edo zaintza-lanak egiteko. Mugakide diren herrietara joan ahalko da "jarduera sozioekonomikoak" egiteko baldin bada. EAE erkidegotik irtetea eta bertan sartzea ere debekatu egin du Lakuak. Eremu publiko zein pribatuko bilerak sei pertsonakoak izan ahalko dira gehienez, bizikidetza-unitate berekoak ez badira. Etxeratzeko agindua 23:00etatik 6:00etara artekoa izango da gauetan.
Neurri horiek gaurtik daude indarrean, goizeko seietatik. EHAA aldizkarian argitaratu du dekretua Jaurlaritzak. Neurri nagusiak Osasun sailburu Gotzone Sagarduik aurreratu zituen atzo arratsaldean, baina dekretuan beste hainbat ere jaso ditu Lakuak. Batzuk aurreratu zituen iragan astean, eta moldatu egin ditu beste batzuk. Eremu gorrian dauden herrientzat iragarritako neurri are murriztaileagoak indargabetu egin ditu.
Ostalaritza eta elkarte gastronomikoak
Taberna eta jatetxeek 23:00etan itxi beharko dituzte ateak beranduenez, eta 6:00etan ireki. Mahai edo mahai-multzo bakoitzean ezingo dute sei pertsona baino gehiagok egon, beti ere 1,5 metroko distantzia fisikoa mantenduz. Barran ezingo da kontsumitu. Koktelak, buffettak eta antzeko ekitaldiak egin ahalko dira, sei laguneko taldeetan gehien jota.
Arestian aipatutako ordutegi muga horiek ez dituzte bete beharko erregaiak etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Jabeek bermatu beharko dute instalazioetako ostalaritza-zerbitzuak eta komunak garraio profesionalean lanean dihardutenek erabiliko dituztela soilik.
Elkarte gastronomiko, txoko eta lonjetan debekatuta dago edozein jarduera mota egitea; itxita egongo dira. Diskotekak eta"gaueko aisialdirako gainerako establezimenduak" ere bai.
Kirola
Kirol instalazio eta lehiaketei dagokienez, dekretuak adierazten du "eten" egingo dela "taldeko edozein jaduera". Bakarka bakarrik egin ahalko da kirola. Salbuespen batzuk badaude: gimnasioetan programatutako ikastaroak, beti ere maskara erabilita; eta lehiaketa profesional edo erdi-profesionaletan ari diren taldeen entrenamendu eta konpetizioak. Talde federatuek eta eskolakoek entrenatzen jarraitu dezakete, seiko taldeetan.
Kirol instalazioen edukiera maximoa %50ekoa izango da. Barruan ematen diren ikastaro eta antzekoetan taldeka ari beharko dute; gehien jota sei pertsonakoak izango dira.
Aire zabalean bakarka edo gehienez sei pertsonako taldeetan egin ahalko da kirola.
Kirol lehiaketa, ikuskizun eta antzekoak egiten diren herrietan, bertan bizi direnek joan ahalko dute ikustera soilik. Espazio itxietan 400 ikusle gehienez, eta 600 aire zabalekoetan.
Kultura
Espazio itxietan –antolatzailearen instalazioetan zein kirol-gune itxietan edo antzekoetan– gehieneko edukiera %50ekoa izango da; gehienez, 400 pertsona. Aire zabaleko ikuskizunetan muga 600 ikus-entzulekoa izango da. Maskara erabili beharko dute, nahiz eta euren artean 1,5 metro edo gehiagoko distantzia egon.
Herrian-herrian antolatzen diren ekitaldietara soilik joan ahalko dute bertan bizi diren biztanleak, ez ondoko udalerrietakoak edo beste nonbaitekoak.
Aire zabaleko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak
Herritarrek erabili ahalko dituzte, baldin eta gehieneko edukiera errespetatzen badute: pertsona bat barrutiaren azaleraren lau metro karratuko. Udalei dagokie espazioak antolatzea, garbitzea eta bertako higiene-baldintzak bermatzea.
Establezimenduak
Ahalik eta sarrien aireztatu beharko dira, egunean hiru aldiz gutxienez. Tabernak edo jatetxeak ez badira, ezingo dute alkoholik saldu 20:00etatik 8:00etara; bide publikoetan debekatuta dago alkohola kontsumitzea, ostalaritza-zerbitzuen terrazetan izan ezik.
Azoka eta merkatuak
Bide publikoan eta aire zabalean jarduten duten azoketan ezingo dira jarri baimendutako postuen %50 baino gehiago; euren arteko distantzia 1,5 metrokoa izan beharko da gutxienez.
Bezeroen joan-etorria mugatu egingo dute eta derrigorrezkoa izango da maskara uneoro erabiltzea.
Beilak, ehorzketak eta gurtza tokiak
Beilak "mota guztietako instalazioetan" egin daitezkeela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak: espazio itxiak baldin badira, sei pertsonak ahalko dute egon; aire zabalekoetan, berriz, 30ek. Ehorzketen kasuan, espazio itxietan hamar pertsona elkartu ahalko dira eta irekietan 30.
Gurtza tokiek pertsona guztiek ikusteko moduko toki batean zehaztu beharko dute gehienez zenbat pertsona sartzen diren; kontuan hartu beharko dute ezingo dituela edukiera maximoaren erdia gainditu. Erabiltzaileen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da.
Garraio publikoa
Ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahalko dira, eserita edo zutik joateko plazak izan. EAEko garraio publiko guztietan debekatuta dago jatea bidaiek bi ordu edo gutxiago irauten badute; edatea, ordea, ez.