20 urte azpiko Espainiako txapelketan bi domina eskuratu zenituen. Denboraldiko helburua bete zenuen?
Bai, gure helburuetako bat bertan dominak lortzea zen eta. Bestea nire marketatik gertu ibiltzea zen eta hori ere bete nuen.
Nola joan zen txapelketa?
Bosgarren jauzian lortu nituen bi dominak. Pixkanaka-pixkanaka joan nintzen, lehen jauziak beroketa izan zirela esan daiteke.
Hala ere, ezberdina izan zen. Ikuslerik gabeko txapelketa izan zen. Pista ere berezia zen, berdea.
Gainera, Oskar Goikoetxea nire entrenatzailea azken momentuan ezin izan zen joan eta ostirala gauean ez genekien zer gertatuko zen. Bakarrik egon ahalko nuen pistan, ama sartu ahalko zen. Berezia...
Gainera, Madril itxia zegoen...
Txapelketa nola egin den ere ez daukat oso argi. Gijonen zen, baina irail hasieran Asturiasek esan zuen ez zela bertan egingo. Federazioak erantzun azkar bat eman eta Madrilen egingo zela jakitera eman zuen. Baina ez zuten non zehaztu.
Txapelketa aurreko asteazkenean hitz egin nuen lagun batzuekin eta haiek esaten zidaten, ‘egin ideia ez dela egingo’. Ostegunean, federazioak bidali zigun frogagiri bat bertara joan izateko eta larunbatean bertan ginen eta Madril konfinatua zegoen. Eta azken momentura arte ez genekien egingo zen edo ez. Nik esaten nuen, ‘ lehiatu arte, ez dut esango lehiatu naizenik’.
Eguraldiari ere aurre egin behar izan zenion…
Nahikoa haize zebilen eta igandean, gainera, oso aldakor zegoen. Momentu batzuetan haizea aldekoa zen, besteetan aurkakoa… Horrek eragin dezake jauzian. Jauzi baliogabea egin edo taulatik oso urrun geratzeko aukera dago. Gainera, markak baliogabetu daitezke haize gehiegi egoteagatik.
Espainiako Txapelketa nagusian ere izan zinen irailean jauzi hirukoitzean lehian. Aurten aukeraketa zorrotza egin dute eta hamabi onenak bakarrik lehiatu dira. Espero al zenuen bertan egon ahal izatea?
Bai eta ez. Kontua da aurreko urteetako markak ere balio zutela txapelketan izena emateko. Aurtengo markak ikusita bi barruan nengoen, baina arazoa zegoen norbaitek aurreko urteko markaren bat aurkeztuz gero.
Horregatik, bazegoen aukera kanpoan geratzeko. Hala ere, hamabiko talde horretan sartzea espero nuen.
Zortziko finalera iritsi zinen eta zazpigarren postuan amaitu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?
Ezberdina izan zen. Espainiako txapelketa lau egoitzatan banatu zen eta nire probako momentuan gizonen altuera jauziko proba zegoen bakarrik, pistaren beste puntan. Beraz entrenamendu bat zela zirudien, zeren eta atletak eta entrenadoreak baikinen bakarrik bertan.
20 urtez azpikoa baino arraroagoa izan zen. Ez zirudien maila absolutuko txapelketa bat zenik, ez zegoen ikuslerik, ez megafoniarik… 20 urtez azpikoan proba ezberdinak pista berdinean zeuden eta horrek mugimendua egotea ekartzen zuen, baina absolutuan lehiatu eta listo, etxera. Ez zegoen ezer gehiago.
Aire zabaleko denboraldi berezia izan da aurtengoa...
Proba gutxiago izan ditugu eta tartekatuagoak. Lehen ia astebururo zegoen probaren bat lehiatzeko. Eta nahiz eta ez lehiatu guztietan aukera zenuen. Aurten, berriz, ez zenekien noiz eta non lehiatuko zinen. Eta nahiz eta izena eman, ez zenekien lehiaketarik egongo zen ere. Guztia izan da “ea zer gertatzen den”.
Eta aurretik itxialdia egon zen. Nola eraman zenuen kirol jardueren etenaldia?
Etenaldian forma ahal nuen gutxien galtzen saiatu ginen eta kalera atera ahal izan ginenean, entrenamenduak hasteko oinarri bat izan eta jarraipena ematea, ez zerotik hasi behar izatea, zeren eta denbora gutxi izango genuela aurreikusten baikenuen.
Gainera, itxialdia dela-eta, pista denboraldia ezin amaitu geratu zineten.
Pena izan zen. Egun batetik bestera guztia bertan behera geratu zen, 20 urte azpiko pistako Espainiako txapelketa barne. Gainera, marka egitetik nentorren eta sentsazio onak nituen. Baina bat-batean dena moztu zen.
Maila absolutuko Espainiako Txapelketan, Ourensen ginenean lagun batek esan zidan, ‘aipatzen da 20 urte azpikoa bertan behera geratuko dela’. Nik ezetz nioen.
Astelehenean Gasteizera ikastera joan eta egunean bertan, esan ziguten klaserik ez zegoela eta online hasiko ginela. Asteartean, entrenatzera nindoala, iritsi zitzaidan mezua txapelketa bertan behera geratzen zela. Eta bertan nengoelako entrenatu nuen, baina beste gogo batekin, jakinda ez nintzela lehiatuko.
Egoera ikusita onena zen. Ostirala horretan Katalunia itxi zuten eta egoera horretan ezin zen egin.
Baina, bestetik, Espainiako Txapelketa batera lehenengoz parte hartu zenuen.
Hori bai izan zela esperientzia itzela. Lehen aldia nengoen Espainiako jauzilari onenen artean. Gainera, denboraldiko marka ona egin nuen. Pista txikia zen, pista irekian baino batuago dago guztia, giroa ere ezberdina da. Esperientzia berria izan zen.
Aurtengo denboraldiaren ostean, Ostadarreko Atletismo saileko gaztetxoentzat erreferente bilakatu zara.
Hori diote, baina ez dakit. Aurten ezin izan naiz hainbeste Michelingo pistan egon eta ez dut harreman askorik izan txikiekin.
Denboran luzatu den denboraldia amaitu duzu. Orain atseden hartu beharko duzu.
Bi aste izan ditut atseden hartzeko eta larunbatean hasi nintzen berriro lanean. Normalean aste gehiago izaten dira, baina ezin dugu asko luzatu. Hurrengo denboraldirako datak zehaztu dituzte behin-behinean eta abendua hasieran probak daude.
Gainera, nik ezin nuen gehiago. Gustura nengoen lehiatzen, baina banuen gogoa bukatzeko. Hamahiru hilabeteko denboraldia izan da aurtengoa. Deskantsatu eta hurrengo denboraldiari begira lana egiteko prest nago.
Zehaztu al duzue helbururik?
Zaila da ezer zehaztea. Aurten, aldaketa batzuk daude txapelketen datetan. 23 urtez azpikoa aurreratu dute otsailaren erdialdera. Normalean, absolutu mailako txapelketa da lehena eta gero gure mailako; baina aurten alderantziz izango da.
Ikusiko da egoera nolakoa den ere. Lehiatu ahalko dugun, txapelketak jokatuko diren… Orain ezin da asko zehaztu.