Txikitatik hasi zen Naroa Furundarena (Lasarte-Oria, 2001) atletismoan. Korrika egitea gustuko zuen eta Eskola Kiroleko aukeren artean ikusi zuenean, ez zuen dudarik izan. Ama ere atleta izandakoa da eta horrek, eragin duela aitortu du.
Duela hiru urte, "ezustekoz", Espainiako txapelketako sailkapena lortu zuen, eta, geroztik, urtero lehiatu da maila horretan. Gipuzkoako zein Euskadiko Txapelketetan hainbat domina eskuratu ditu. Egun, Gasteizen ikasten du. Bertako talde batekin entrenatzen du astean bitan, baita bakarka ere. Hona bueltzatzen denean, entrenatzeko aukera badu eta lehiaketarik ez badago, ez du bitan pentsatzen eta Michelingo kirol guneko atletismo modulora doa lan egitera. Emaitzak horren erakusle dira. Hilabete hasieran Euskadiko pentatloi txapela jantzi zuen. Ez da denboraldi honetako garaikur bakarra izango, ziur.
Denboraldia ongi hasi duzu. Euskadiko pentatloi txapeldun izan zara. Espero al zenuen?
Parte-hartzaileen zerrenda argitaratu zutenean, dena ongi bazihoan, txapela lortu ahal nuela ikusi nuen. Maila ez zen oso altua.
Baina bost proba dira eta erraza da edozeinetan hanka sartzea. Banekien denetan txukun ibiliz gero, lortuko nuela.
Gainera, Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu zenuen luzera jauziko proban, 5,39 m.
Bai, horrela da. Denboraldiko helburuetako bat lortu dugu eta lasaiago nago orain.
Urtarrilaren 11n, 5,58ko saltoa egin zenuen proba librean iazko pista estaliko marka (5,50 m.) hobetuz…
Bai, horrela da. Ez nuen espero bigarren lehiaketan marka hori egitea, baina oso pozik nago.
Sei metroak nola ikusten dituzu?
Hori oraingoz oso urruti dago. Jauzi hirukoitzean hobetzea luzera jauzian baino errazagoa da. Azkenean hiru jauzi dituzu, ez duzu guztia bakarrera jokatzen.
Eta markekin jarraituz, iaz udako Espainiako txapelketan jauzi hirukoitzean, lortu zenuen 12 m. langa gainditzea (12,13 m.), baina haizearengatik ez zen baliozkoa izan. Asteburuan 12,03 m. egin dituzu; hori zen denboraldiko beste helburuetako bat?
Bai, horrela da. Ea zer gertatzen den. Udan lortu nuen, baina zuk esan bezala ez zen baliogarria izan haizearengatik. Pista estalian ez dago arazo hori.
Luzera jauzi eta jauzi hirukoitza zure probak direla esan daiteke...
Txikitan proba guztiak egiten genituen eta federatzerako garaian, hobeto ibiltzen nintzen eta gehien gustuko nituen probak horiek zirela ikusi nuen. Horregatik, joan naiz horietan gehiago zentratzen, baina Euskadiko proba konbinatuen txapelketan ikusi den bezala, denetarik egiten dut…
Baina bat aukeratu beharko banu, jauzi hirukoitza aukeratuko nuke. Luzera jauzia, ez dut ia entrenatzen. Luzera jauzia hirukoitzeko lehen jauzia bezala da edo antzekoa eta nire entrenamendu guztia jauzi hirukoitzera dago zuzendua.
Abiadura probak ere egiten dituzu sarri…
Bai, abiadura oso garrantzitsua baita luzera jauzirako. Horregatik, ongi badatorkit, abiadurako probetan ere lehiatzen naiz. Zein egoeran nagoen eta zein markatan nagoen jakiteko ere balio du.
Hurrengo hilabetean, txapelketa ugari izango dituzu. Zein da helburua pista estalian?
Euskadiko proba kobinatuetako txapelketa hau izan da denboraldiari hasiera eman diona. Pixkanaka joango gara ikusten zer gertatzen den txapelketa eta proba libreetan..
Disfrutatzea da nire helburu nagusia. Gero, pistako Espainiako 20 urtea azpiko mailako txapelketan ahalik eta posturik onena lortzea eta ahal bada Espainiako absolutura joatea.
Eta aire librean?
Aire libre denboraldian, ikusiko da. Espainiako txapelketa San Pedro jaietan izango da gainera…
Iaz BAT taldearekin Ohorezko Mailan lehiatzeko aukera izan zenuen eta maila mantendu zuen pista estalian? Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia polita izan zen. Gure taldeko beste kide batekin joateko aukera izan nuen, Maider Rekondorekin eta ondo joan zen.
Desberdina da, maila handiko lehiaketa batean parte hartzen duzu eta. Baina funtsean, beste lehiaketa bezalakoa da.
Haiek asko bizi zuten maila mantendu ahal izatea. Baina gu eskumendeko taldea gara eta taldea osatzeko deitzen gaituzte. Guk ez dugu haiek duten sentimendua.
Eskolarteko mailan sailkapeneko erdialdean egoten zinen, baina 2017-2018 denboralditik lehen postuetan zaude. Zer aldatu da?
Entrenamendu egunak handitzen joan dira eta handitzen joan ahala, markak hobetzen joan naiz. Azkenean, txikitatik egindako lan guztiak bere fruitua izan du.
Zein motatako entrenamendua egiten duzu? Pentatlona prestatzeko entrenamendu berezirik egin al zenuen?
Denetarik egiten dugu. Astean behin pisuak altxatzen ditugu. Beste egun batean abiadura, bestean teknika, ariketak indarra lantzeko. Denboraldiaren garaiaren arabera, entrenamendu bat edo beste egiten dut.
Proba konbinatuetako txapelketa prestatzeko ez nuen ezer berezirik egin. Aste horretan, ariketa batzuk gehitu nizkion nire entrenamenduari eta besterik ez. Lehiaketan ongi pasatzera joan ginen.
Nola uztartzen dituzu kirola eta ikasketak?
Ahal den moduan moldatzen naiz. Gasteizen ari naiz ikasten eta Gasteizko talde batekin egiten ditut entrenamenduak asten bi egun, beste egun bat nire kabuz egiten dut beti hemengo entrenamendua jarraikiz. Asteburuetan hona natorrenean, ostiralean ahal baldin bada, larunbatean lehiaketarik ez badago… Ahal den moduan. Moldatzen jakin behar da. Oraingoz ongi doa eta horrela jarraitzea espero dut.