20 urte azpiko Espainiako txapelketan bi probatan parte hartu du Ostadar SKTko Naroa Furundarena jauzilariak, Madrilen.
Larunbatean, luzera-jauziko probako lehen saiakerak ordea, ez zuen gerora lortuko zuen zilarrezko domina iragartzen, ez baitzen balekoa izan. Baina Furundarenak ez zuen amore eman eta bigarren jauzian, 5,63 m. egin zituen. Pixkanaka hobera joan zen domina emango zion 5.69 m. jauzia lortu arte.
Jauzi hirukoitzeko proban, berriz, hirugarren mailan egon zen podiumean igandean. Gutxienetik gehiagora joan zen gaztea. Lehen saiakeretan ez zen 12 metro iristen eta luzera-jauziaren antzera, bosgarren jauzian lortu zuen langa igaro eta domina lortzea, 12,15 m.
Lanaren fruitu
Oscar Goikoetxea, Ostadar Atletismo saileko prestatzaileak lehiaketa espero baino hobeto joan dela onartu du eta Furundarenaren lehiaketaren irakurketa ona egin du. "Oso ondo lehiatu da. Bi probetako baldintzak ongi kudeatu ditu, haize aldakorra eta tenperatura baxua, eta, ondorioz, bere marka pertsonaletatik oso gertu izan da".
Ostadar SKTko Atletismo saileko arduradunak itxialditik txapelketaraino egindako lanaren fruitu dela azpimarratu du, baita Furundarena Ostadar Atletismo saileko etorkizuneko atleten erreferente dela ere. "Martxoan pistako Espainiako txapelketa bertan behera geratu ostean, itxialdian eta normaltasun berrian gogor egon da entrenatzen. Egin duen ahaleginarengatik eta izan duen jarraikitasunarengatik saria jaso du".