'Guztion kontua da!' kanpaina abiatuko du udalak urriaren 19an, birziklatzeaz sentsibilizatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 15a, 14:54

"Ahalik eta lasarte-oriatar gehienak" birziklatzeaz eta hondakinak "behar bezala" bereizteaz sentsibilizatu nahi ditu udalak. Horretarako, kontzientziazio kanpaina bat prestatu du: 'Guztion kontua da!'. Karpa ibiltari bat herrian barrena ibiliko da, auzoz auzo, urriaren 19tik azaroaren 13ra arte.

"Birziklatzea guztion kontua da. Lasarte-oriatarrak sentsibilizatu behar ditugu, ikusarazi hori dela bide bakarra", adierazi du herriko alkate Agustin Valdiviak Guztion kontua da! kontzientziazio kanpainaren aurkezpenean. Berak eta Zerbitzuak saileko zinegotzi David Mateosek eman dituzte egitasmo horren nondik norakoak.

Urriaren 19tik azaroaren 13ra arte, bi egunak barne, karpa ibiltari bat ikusiko dute herritarrek auzoz auzo. Segun eta zein den eguna edo hilabetea, toki batean edo bestean egongo da –eskuineko zatiduran kontsulta ditzakezue toki, egun eta ordutegiak–. Dinamizatzaile bat arduratuko da birziklatze-prozesuaren azalpenak emateaz herritarrei: hondakinak nola bereiztu behar diren, zaborrontzietara botatzen dugun hori nola birziklatzen den eta nora doan, botatako horrekin merkaturatuko diren beste produktu batzuk egin daitezkeela, eta abar. "Lasarte-oriatarrak animatzen ditut karpa ibiltarira gerturatu eta sentsibilizatzera", adierazi du alkateak.

"Lortu nahi dugu Lasarte-Oriako birziklatze-tasa handitzea, eta baita ere gure etxeetan bereizten dugun materiala ahalik eta puruena izatea", azpimarratu du Mateosek. Zehaztu du ekosistema "gutxiago" kaltetuko lukeela herriak horrela, eta zerbitzua hobetu egingo litzakeela. "Oso garrantzitsua da hondakinen lehen bereizketa hori ongi egitea, birziklatze-prozesua hobea izan dadin". 

"Hondakinak bereizten dituen herritar bezala, ni behintzat gusturago sentitzen naiz ikusten badut nik zaborrontzira botatako material bat beste produktu bat sortzeko zikloaren parte dela ikusten badut", zehaztu du alkateak. "Gehiago birziklatuta, errefus gutxiago sortuko genuke, eta zabor gutxiago joango litzateke erraustegira".

Karpa ibiltaria, auzoz auzo

Herrian zehar jarriko du karpa ibiltaria udalak urriaren 19tik azaroaren 13ra, 09:00etatik 13:00era.

Auzoa/plaza Egunak
Okendo plaza Urriaren 19, 20, 26 eta 27a eta azaroaren 12 eta 13a
Jaizkibel plaza Urriaren 22a eta 23a
Txartel kalea Urriaren 29a eta 30a
Oztaran plaza Azaroaren 2a
Isla plaza Azaroaren 3a eta 4a
Kale Nagusia (Brigitarren komentuaren alboan) Azaroaren 5a eta 6a
Zabaleta auzoa Azaroaren 9a eta 10a
Aralar plaza Urriaren 21a eta 28a eta azaroaren 11