San Marko Mankomunitateak eskainitako datuak oso albiste txarra dira Eguzki talde ekologistarentzat. Datuen arabera, Lasarte-Oriak hiri-hondakinen %45 baino ez du gaika biltzen eta Donostiak bakarrik ditu datu okerragoak, %40,38.
Eguzkik “Donostiaren zamagatik, baita, neurri apalagoan izan arren, Lasarte-Oriaren zamagatik” San Marko Mankomunitatea Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea dela azpimarratu du. San Marko Makomunitateko bataz bestekoa %49,80koa da; Gipuzkoa osoko Mankomunitateetakoa, berriz, %57koa. Datu horiek ere ez dute egoera onean uzten Lasarte-Oria.
Gainera, 2018ko eta 2019ko emaitzak alderatuz gero, Lasarte-Oriak birziklapen tasan 1,5 puntu inguru behera egin duela jakitera eman du talde ekologistak.
Datu horiek, ordea, ez dira batere harrigarriak talde ekologistaren ustez. Eta Einsteinek hitzez baliatu da Eguzki azalpena emateko: “Ez espero emaitza desberdinik beti gauza bera egiten baduzu”. Horrela, udal gobernuak orain arte bezala “ahal den gutxien birziklatzea” erabaki duela salatu nahi du.
Horregatik, hondakin bilketa egiteko sistema eraginkorrak ezartzeko eskaera egiten diote Udalari. Izan ere, Eguzkik azaldu bezala, “ez baitago inolako arrazoirik pentsatzeko Lasarte-Oriako herritarrok Urnietakoek edo Andoaingoek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dugunik. Aipatutako herri horietan, berriz, gaikako bilketa-tasa % 70 eta % 63ren gainetik dago, hurrenez hurren”.
Era honetara, sistema eraginkorrak ezarri dituzten udalerriek, alkatetzan edozein alderdi izanda ere, emaitza onak lortu dituztela nabarmentzen du talde ekologistak. Eta Lasarte-Oria sistema eraginkorrik ezarri ez dutenen paradigmatzat du Eguzkik. “Gogora dezagun izan zela Gipuzkoako azken udalerria, edo azkenetakoa, herritarrei hiri-hondakinen zatiki guztiak gaika biltzeko aukera eskaintzen. Eta eskaini zienean ere, berariaz hautatu zuen sistemarik kaxkarrena, gutxien birziklatzen zuena, alegia”.
Nahiz eta birziklapenaren alde daudela esan edo honen aldeko ekimenak sustatu, talde ekologistaren ustez, Udal gobernua da hiri-hondakinen arazori buruz “kontzientziatu” behar den lehena. Baina neurri eraginkorrak behingoz hartu beharrean, lurpeko edukiontzien inguruko erreferendum bat bultzatzen ari dela salatzen du Eguzkik. “Lurpeko eta lur gaineko edukiontzien arteko eztabaida hain da faltsu eta zentzubagea, edonondik begiratuta ere, ezen ez dakigun zer pentsatu. Bururatzen zaigun bakarra da despiste-maniobra bat dela Lasarte-Orian hondakinen inguruan dagoen benetako arazoari behingoz eta behar bezala ez heltzeko”.