SASOETAKO JAIAK

Sasoetak ez ditu auzoko festak ospatuko aurten

Txintxarri Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 10:27

Danborrada izan ohi da Sasoetako Jaietako ekintza ikusgarrienetako bat.

Sasoeta Sasoian elkarteak ohar bidez jakinarazi du erabaki duela auzoko festak bertan behera uztea aurten. Urriaren 2, 3 eta 4ean egitea aurreikusten zuten. "COVID-19a dela eta, ezin dugu jaiak guk nahi bezala ospatu", adierazi dute.

Auzo elkarteak dio "bateraezina" dela egitarauko ekintzak beti bezala ospatu eta aldi berean beharrezkoak diren segurtasun- eta osasun-neurriak mantentzea. "Pandemiaren bilakaerari so eginda, kasu positibo gehiago daudela ikusita, uste dugu erabaki onena dela auzoko festak bertan behera uztea eta herritarren osasuna babestea".