Haurrak izan dira goizeko protagonistak. Kirolaren alde egin dutenek, Los Chavales de Martijak antolatutako jardueretan parte hartu dute, bestelako ariketa fisikoa nahiago zutenek, berriz, Andatza plazako puzgarrietan saltoka ibiltzea izan dute. Hirugarren aukera, beste biekin bateragarria, buruhandien aurretik, eta bereziki, atzetik, korrika egitea.
Goizean bazkari herrikoirako paella prestatzen aritu dira Jaizkibel plazan. Bizilagun askok sabela bete du, arratsaldeak ekarri duenerako indarrak hartzeko: mus eta futbolin txapelketak, Altxorra quiz jokoa, zunba erakustaldia... Danborradak bizilagun ugari batu ditu Andatza plazan. Berak sortutako ereserkia jo ondoren, Jokin Goenaga omendu dute. Martxa pare baten ondoren, auzoan barrena ibili dira danborrak eta barrilak.
Soinuak beharrean, usaiak gidatuta ibili direnen jomuga Jaizkibel plazako sardina jatea izan da. Ilara luzea osatu dute parrilan erretako sardina pare bat dastatzeko.