Ekimenez beteriko asteburuari ekin diote Sasoetan. Arratsalde goibela medio, bizilagun gutxi elkartu da Andatza plazan jaien hasieran. Bertaratu direnak eguraldi txarrari irribarrea erakusteko gogoz zeuden, auzoko zapia edo kamiseta soinean.
Jardueran antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman ondoren, Sasoeta Sasoian bizilagun elkarteko presidente Ángel Gonzálezek Mostatxo tabernako Sole Senperena eta Eduardo Alonso senar-emazteei omendu ditu, 20 urteotan auzoaren alde egin duten lanari aitortza gisa. «Liluratuta ez genuen hau espero», esanez eskertu zuen omenaldia Senperenak senarrari mikrofonoa pasatu aurretik. Alonsok denentzako jaiak prestatu dituztenak izan ditu gogoan eta parte hartzera deitu ditu auzokideak. Lore sorta berehala jaso dute, oroigarrirako, ordea, itxaron beharra izan dute. Izan ere, ekartzea ahaztu dute antolatzaileek eta korrika joan behar izan dute bila. Plaka heldu denean, taldeko argazkiaren txanda izan da.
Orduan, bai, txarangaren musika eta suziri gerra hasi dira. Kioskoaren bi aldetatik bota dituzte dozena erdi bat segidan. Etxafuegoaren makila nork hartu jolasean aritu diren haurren gozamenerako, ez dira arratsaldeko bakarrak izan. Andatzan bertan nahiz Jaizkibel plazan, eztanda gehiago izan baitira. Burrunba gustuko ez duten txikiak, berriz, belarriak estalita edo gurasoen besapean babestu dira.
Ke artean bidea ekin dio kale jirari Ointxe in deu txarangak. Elkarteko presidentea buru zutela auzoko kaleetan barrena ibili dira, jaien hasieraren berri ematen eta girotzen. Balkoi eta leihoetatik begiratu diete batzuek, beste batzuek, berriz, bide ertzetik; baina entzule gehien Jaizkibel plazan izan dute amaieran.
Ondoren, doinua aldatu, eta dantzarako unea heldu da. Oholtza gainean tai gabe dantzan aritu dira lau emakume koreografia dantzan ibili diren haurrei erakusteko. Askotan begiratzeko beharrik ere ez dute izan txikiek, pausoak ondo baino hobeto dakizkitela erakutsi baitute. Abilezia handiagoa edo txikiagoarekin, ondo pasatu dutenik ezin da ukatu.