Sorgin Jaiak: "Festa sinboliko batzuk egitearen alde egin dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 16:00

Sorgin Jaiak - Antolatzaile taldea

Pijama Eguneko txupinazoarekin abian dira Sorgin Jaiak. Ezohikoak izango  badira ere, betiko festa giroaren printza batzuk ekarriko dizkiete herritarrei 

Udalak baino lehen eta hark egingo zuena egingo zuela, Sorgin Jaiak-en antolatzaileek apirilean ezagutarazi zuten festak ohi bezala ez egiteko erabakia. Hala ere, kolore pixka bat emango diote herriari ekimen xume batzuekin. Taldeko hainbat kidek e-postaz erantzun dituzte txintxarri-ren galderak.

Sorgin Jaiak ohi bezala ez egitea erabaki duzue, zergatik?

Koronabirusa dela eta sortutako krisiak elkarren arteko zaintzak zein guztion ongizatea erdigunean jartzeak duten garrantzia agerian jarri du. Egoera honen aurrean, ikusi dugu ez dugula baliabide nahikorik guztion segurtasuna bermatu eta festak antolatzeko; hau da, gureaz gain, herritar ororen segurtasuna eta ongizatea bermatzea ezinezkoa zaigula. Arduratsua izatea beharrezkoa dela ikusi dugu, eta horregatik, aurten Sorgin Jaiak orain arteko herritarren elkarlanari esker antolatu diren bezala ez ospatzea erabaki dugu, hurrengo urteko prestaketarako utziz guztiok herritik herriarentzat sortzen ditugun jaiak antolatzeko motibazio zein indarrak.

Nola izan zen prozesua?

Larrialdi egoera hasi zenean ez genuen uste erabaki hau hartu beharko genukeenik eta lan talde bakoitzak bere martxan lanean jarraitu zuen. Egoera luzatzen hasi zen, eta, pixkanaka, nahi ez genuen erabakia hartu beharra geroz eta gertuago ikusi genuen.Azkenean, nahiz eta gustukoa ez izan, denok ulertu genuen aurten Sorgin Jaiak ezingo zirela betiko moduan ospatu. Ez da erraza herriari esatea urtebetez hain gogotsu itxaroten dituzten jaiak ezingo dituztela gozatu, baina beharrezkoa zela adostu genuen, eta gaur, egokia izan zela pentsatzen dugu.

Zein puntutan zeuden prestaketa lanak, orduan? 

Lan talde bakoitzak lanak aurreraturik zituen, baina gure artean partekatu eta erabakiak hartzeke genituen. Hala ere, lanketa baliagarria izango da. Lan taldeen barruan hainbat hausnarketa burutu dira egitarauak balio jakin batzuk berma zitzan eta, beraz, hurrengo urterako baliagarria izango den barne gogoeta bat burutu dela esan daiteke.

Ekimen batzuk egitea erabaki duzue, zeintzuk? 

Hasieratik argi ikusi dugu betiko festen hutsunea ezingo genuela bete, baina, egun hauetan herriari kolore pixka bat emateko asmoarekin, festa sinboliko batzuk egitearen aldeko apustua egin dugu. Egunero ekintza xume bat antolatu dugu, beti ere segurtasun neurri guztiak hartuta. Adibidez, Pijama Eguna mantendu dugu festen hasiera bezala.

Beste data batzuetan jarduerarik egiteko asmorik ba al duzue?

Duela hilabete batzuk aipatu bezala, gure ekaineko egitaraua bertan behera geratu da, ez da beste hilabete batean burutuko, hurrengo urtera atzeratuko da. Hala ere, Sorgin Jaiak-ek ez du baztertzen datozen hilabeteetan hainbat herriko ekintzekin bat egitea edota horien antolakuntzan parte hartzea. Hau da, ez gaude geldi momentu honetan Koordinazio Mahaian parte hartzen eta herriko beste hainbat eragileekin harremanetan dihardugulako.

"Orokorrean herritarrak ulerkor agertu dira hartu dugun erabakiarekin"

Herritarrek ulertu al dute?

Jakin badakigu, urtearen momentu honetan herritarrak Sorgin Jaien esperoan egon ohi direla eta aldi berean, gure erabakiaren berri izatean, pena handia sentitu zutela, geuk bezalaxe; baina osasun krisia guztiok bizi dugunez, zentzuz jokatzeko unea da, zaintza eta ongizatean zentratzekoa. Testuinguru honetan, beraz, orokorrean herritarrak ulerkor agertu dira hartu dugun erabakiarekin.

Apirilean ezagutarazi zenuten erabakia. Asteotako bilakaerak planteamenduan eragin al du?

Berdinak dira apirilekoa zein egungoa. Ez ditugu festa masifikatuak nahi, gure ekintza guztiak segurtasun eta osasun neurri oro errespetatuz burutuko dira. Neurri guztiekin herria koloreztatzen saiatuko gara era xume batean.

Aurtengo etenak, orain arte Sorgin Jaiak lortutakoan eragingo duenik uste al duzue? 

Nahiz eta urtean zehar ekimen gehiago antolatu, argi dago Sorgin Jaiak ekainean loratu ohi direla; izan ere, festena herriarekin harreman estuena izaten dugun unea dela esan daiteke. Aurtengoan, itxialdi aurretik dagoeneko lanak aurreratuta genituenez, amorrua sentitu genuen erabakia hartu behar izan genuenean. Hala ere, bistan da egoera honek zer pentsa eman digula; beraz, datorren urtera begira talde berria osatu eta hausnarketa kolektiboa egin ostean, indar handiagoz itzuliko garelakoan gaude.

Ildo horretatik, bestelako lanketa batzuk abian jarri dituzue, zertan dautza? 

Itxialdian, Koordinazio Mahaiarekin elkarlanean, beste era bateko lanketak antolatu ditugu. Hauen bitartez, herritarren artean gai ezberdinen inguruan hausnartzea eta gai hauek mahai gainean jartzea bilatzen genuen. Adibidez, Zizelkariak eta Sobrevivir dokumentalei buruzko eztabaida foroen bitartez; lehenengoan,  gazte-mugimenduen inguruan eztabaidan jardunez, eta bigarrenean, Txileko eztanda sozialaren nondik norakoak ezagutuz.

Erlazionatuak

Sorgin Martxa, pijama eta maskarekin

Txintxarri Aldizkaria 2020 eka 26 Kultura