Ekain amaierarako prest edukitzen dute herriko sorginek edabe magikoa, Lasarte-Oria goitik behera sorgindu ohi duena. Duela bi hilabete iragarri zutenez, aurtengo Sorgin Jaiak ez dituzte "ohiko moduan" egingo, baina erabaki dute festa sinboliko batzuk egitea eta, aurreko urteetan bezainbeste gauza pertzara bota gabe, ahal duten heinean herria koloreztatu eta jai egunen alaitasuna helaraztea lasarteoriatarrei, "era kontrolatu eta neurrizko batean".
Azpimarratu dute egunero ekintza xume bat egingo dutela, "segurtasun eta osasun neurri oro errespetatuz". Egitarauan bertan hala adierazi dute, egunean eguneko ekintzen azpian, gogorarazten dutelako beharrezkoa izango dela maskara janztea eta metro eta erdiko distantzia soziala mantentzea. Ez dute bilatzen "ohiko festetan ikusi ohi den masifikazio eta deskontrola", eta ez dute onartuko Sorgin Jaiek antolatutako ekintza eta jarduerak hori egiteko aitzakia bezala erabiltzea.
Antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte egun hauetarako programatutako ekintzetan parte hartzera: "Osasuna erdigunean jarriz, argitu ditzagun denon artean herriko kaleak! Gora Sorgin Jaiak!".