Covid-19aren bulegoak azken bi asteetan jaso dituen diru-laguntza eskaeren %47 onartu ditu: 99tik 47. Emango dituen laguntza horiek hiru hilabeterako izango dira, 300 eta 500 euro artekoak. Udalak jakinarazi duenez, hemezortziri ezetz esan diete, "eduki ditzaketen gehieneko diru-sarrerak gainditzen dituztelako eskatzaileek". Beste 34 kasuetan, eskatzaileek ez dute beharrezko dokumentazioa aurkeztu.
Ukatutako kasuetatik, udal teknikariek zazpi eskatzaileri lagundu diete DSBE Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta tramitatzen, telematikoki. Beste zenbait pertsona, berriz, Gizarte Zerbitzuetara bideratu dituzte, beste diru-laguntza batzuk eskatu behar dituztelako: GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntza, genero indarkeriaren biktima izateagatik eskatu daitekeena, e.a.