Agerraldia egin dute Agustin Valdivia alkateak eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Lourdes Acevedok, udalak martxan jarri duen diru-laguntza lerro baten berri emateko. "Tentuz eta denbora luzez" landu dute gaia, bi ardatz oinarri hartuta: familiak eta komertzioak. Aurkeztu duten plangintza lehenengoei zuzenduta dago. "Kolpe gogorra jaso dute martxoaren 14ra arte klase ertainekoak ziren familia askok: ikusi dute diru-sarrerarik gabe geratu direla, baina euren gastuak ez direla jaitsi", nabarmendu du Acevedok.
Alkateak aipatu ditu laguntza lerroaren oinarrietako batzuk –albiste honi erlazionatutako artikuluan xehetu ditugu ezaugarriak–. Egoera hauetan dauden herritarrek eska ditzakete: ABEE Aldi Baterako lan Erregulazio Espediente bat aplikatu zaienek, langabezian geratu direnek eta autonomoek, baldin eta euren jarduera aldi baterako edo behin betiko eten behar izan badute, martxoaren 14tik aurrera. "Beste laguntza batzuen osagarri izan daitezke". Helburu nagusia da familia horien "oinarrizko beharrak bermatzea". Familiek erabakiko dute zeintzuk diren beharrizan horiek. "Pandemia honek erakutsi digu badaudela funtsezko premia gehiago: adibidez, Interneteko konexio on bat edo gailu elektronikoren bat izatea etxean, haurrek eskolako klaseak jarrai ditzaten". Gastu horiek herriko komertzio eta dendetan egin beharko dituzte, eta hilero-hilero justifikatu, erosketa agirien bitartez. Hiru hilabetez emango dituzte laguntzak, eta, gehienez, 400.000 euro bideratuko dituzte horietara, baina baliteke partida handitzea, "hori egiteko beharrezko baldintzak ematen badira".
Apirilaren 30etik martxan
Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Lourdes Acevedoren hitzetan, apirilaren 30ean hasi da udala laguntza horiek ematen. Hamar familiak eskatu dituzte oraingoz: ABEE egoeran dagoen kideren bat duten lauk; hiru autonomok; asteazkenetako azokan lan egiten duten bik; eta genero indarkeria pairatu duen batek. "Ikusi dugu martxan jarri dugun plan hau oso beharrezkoa dela lasarteoriatarrentzat".
"Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile ohikoak direnak eta ez direnak bereizi nahi izan ditugu, udal zerbitzuek gainezka egin ez dezaten", nabarmendu du Acevedok. Horri lotuta, alkateak azaldu du Covid-19 bulegoa sortzea erabaki dutela, Mirentxun, koronabirusak eragindako egoera kudeatzen laguntzeko. Bi langile sozialek, bi administrarik eta lan teknikari batek egingo dute lan bertan.
Familiak indartu, komertzioak biziberritzeko
"Oinarrizkoa da herriko familien diru-sarrerak indartzea, beraiek gero gastua herriko komertzio eta dendetan egin dezaten", azaldu du Acevedok. Gizarte Zerbitzuak arduratuko dira familiei zuzendutako laguntzak kudeatzeaz; Sozioekonomia batzordeak, berriz, komertzioei lagunduko die. "Laster" iragarriko ditu udalak denda txikiei zuzendutako lerroen oinarriak zertan diren.
Agerraldia egin duten udal ordezkariek azpimarratu dute ez dela erraza izaten ari laguntzen oinarriak-eta adostu eta zehaztea, eta Udal Gobernua "aurreneko aldiz" ari dela horrelako egoera bati aurre egiten.