Nori zuzenduta daude?
Martxoaren 14tik aurrera ABEE Aldi Baterako lan Erregulazio Espediente bat aplikatu zaien herritarrek, langabezian geratu direnek eta autonomoek, baldin eta euren jarduera aldi baterako edo behin betiko eten behar izan badute.
Bizikidetza-unitateka sailkatu ditu eskatzaileak udalak:
- Pertsona bakarrekoak
- Etxebizitza batean bizi diren pertsona guztiena, baldin eta ahaidetasun harreman hauetakoren bat betetzen baldin badute: Ezkonduta egotea edo antzeko erlazio batean: izatezko bikoteak, elkarrekin bizi eta euren kargura seme-alabak izatea; Laugarren gradura arteko odolkidetasuna izatea –gurasoak, aiton-amonak, anai-arrebak, ilobak, e.a.–; Bigarren gradura arteko ezkontza-ahaidetasuna: eskatzailearen bikotekidearen gurasoak, aiton-amonak, seme-alabak, bilobak eta anai-arrebak.
Zein baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek?
Diru-laguntzak eskatu nahi dituzten lasarteoriatarrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte.
- Udalerrian erroldatuta egon behar dute, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.
- Martxoaren 14tik aurrera ABEE bat aplikatu edo langabezian geratu izana.
- Autonomo gisa jardutea eta jarduera aldi baterako edo behin betiko eten izana, baldin eta babesa eskatu badute martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoeraren adierazpena dela eta etenda duten jardueretako batean.
- Bizikidetza-unitateko kideen kontu korronte guztien saldoen baturak ezin du izan 6.000 eurokoa pertsona bakar baten kasuan; 7.500 eurokoa bi pertsonen kasuan; edo 9.000 eurokoa, hiru edo pertsona gehiagoren kasuan.
- Laguntza hauek eskatzeko ez da beharrezkoa izango diru-laguntzei buruzko legearen 13. artikuluan eta garapen-araudian aipatutako betekizunak betetzea.
- Ezingo dute laguntza eskatu onuradunak zorrak baditu udalarekin –erakundeak aztertuko du eskatzaile bakoitzaren egoera zein den, eta zorrik daukan edo ez–.
Zenbat diru, eta zenbat denboraz?
Gehienez hiru hilabeteko diru-laguntzak izango dira, martxoaren 14tik hasita, eta ez dituzte 400.000 euro baino gehiago bideratuko lerro horretara oraingoz, nahiz eta posible den kopurua handitzea, baldin eta nahikoa baliabide badauzkate. Hilabetero jaso ditzaketen kopuru maximoak hauek dira:
- Pertsona bakarreko bizikidetza-unitateko, 300€.
- Bi pertsonak osatutakoek, 400€.
- Hiru edo gehiagokoek, 500€.
Eskatzaileek bete beharko dutena
- Agiri bidez egiaztatu beharko dute betetzen dituztela baldintzak.
- Jasotako laguntzak, ezinbestean, herriko komertzioetan erosteko erabili behar dituzte –hamabost langilera artekoak eta 2.000.000 eurokoa baino bolumen txikiagoa duten negozioak hartzen ditu udalak dendari txikitzat–.
- Erosketa txartelak biltzea, gero justifikatzeko. Hilero aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek, Mirentxun.
- Beste diru-laguntza batzuk jasoz gero –publikoak edo pribatuak, estatu mailakoak edo nazioartekoak–, udalari jakinaraztea.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
- NAN, EIZ edo pasaportea.
- Adin txikikoren bat zaintzen dutenek, familia-liburua.
- Izatezko bikoteek, hori egiaztatzen duen agiria.
- Lanbideko prestazioaren agiria.
- Erakunde arteko datuak egiaztatzeko baimenaren dokumentua.
- Bizikidetza-unitate osoaren kontu korronteen saldoen adierazpena.
- Udalak laguntza ingresa dezan, banketxearen kontu zenbakia.
- Kaleratze gutuna edo ABEE batean sartu izanaren adierazpena (ABEE batean daudenek aurkeztu behar dute).
- Jaso duten azken nomina (ABEE).
- Lanbiden izena emanda daudela frogatzen duen agiria (ABEE).
- EJZ Ekonomi Jardueren gaineko Zergan baja eman izana, eta hala badagokio, euren jarduera bertan behera utzi behar izanaren agiria (autonomoek aurkeztu behar dute).
Eskaera egiterako unean eskatutako dokumentu guztiak bildu ezin izan dituztenek, beste bi hilabeteko epea izango dute horretarako.
Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak
Mirentxuko bulegoetan aurkeztu beharko dira eskariak, ekitaldi-aretoan sortu direnetan. 636 148 998 telefonora deitu beharko dute kontsultetarako edo hitzordua hartzeko. Gizarte langileekin zita izango dute eskatzaile guztiek, baina ez dute inor artatuko ez badu aurrez hitzordua hartu. Telematikoki ere aurkez daitezke eskaerak, www.lasarte-oria.eus web orrialdean. Deialdia indarrean egongo da alerta egoera amaitu eta hilabetera arte.
Eskaeren tramitazioa
Eskabidea jaso, ebaluatu eta esleitutako gizarte-langilearen nahitaezko txostena eman ondoren, Gizarte Zerbitzu, Berdintasun, Lankidetza eta Osasun Sailak Alkatetzari aurkeztuko dio proposamena, dekretu bidez ebatz dezan. Laguntza eman eta berehala egingo da ordainketa, emandako kontu zenbakian ingresatuz dirua.
Justifikatzeko modua eta epeak
- Onuradunak tiketak eta egindako erosketen edo ordainketen agiriak aurkeztu beharko ditu hilero, gehienez ere hilabete bakoitza amaitu eta hamar egun naturaleko epean.
- Alarma egoera bukatutakoan, aurkeztutako datuak eta egiaztagiriak konprobatuko dira, eta, zuzenak ez badira –Lasarte-Oriatik at erosketak egin badira, esate baterako–, behar bezala ez justifikatutako zenbatekoa itzultzeko eskatuko du udalak.