Astelehen goizeko giroa

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 13:05

Ez du tabernetako terrazetara joateko girorik egiten gaur. Eta, hala ere, hori egiteko asmoa daukanak, gutxi topatuko ditu irekita, zentroan behintzat. Tabernari gehienek ez dute pertsiana igo gaur, hainbat faktorek eraginda: euren negozioak irekitzeko baldintza zorrotzak, Eusko Jaurlaritzak lehen faseko neurrien dekretua atzo gauerdian argitaratu izanak eta eguraldi txarrak, besteak beste. Ostalari asko Okendoko janari bilketa solidarioan parte hartzen ari dira.

Tabernaren bat edo beste irekita topatu dugu zentroan, baina salbuespenak izaten ari dira: Kebab Taberna izan da terrazako mahaiak prestatu dituen bakarra gaur goizean. Besteren bat, Buenetxea esaterako, moldaketa lan batzuk egiten zebilen. Baina itxita daude gehienak: Jalgi, Trumoi, Hirualdeta, Usoak, Yolanda, Artizar, Gure Etxea, Oreka, Ilargi... Gaur etxez etxeko zerbitzuarekin hasi dira batzuk. Avenida Taberna, adibidez. Yon Rodriguezek kontatu digunez, lehenengo eskaerak jaso dituzte honezkero, eta espero dute datozen egunetan sukaldean are lanpetuago ibiltzea. "Pixkanaka-pixkanaka, baina hasi gara lanean", nabarmendu du.

Taberna ugarik ez, baina gainontzeko komertzio txiki askok ireki dituzte ateak honezkero. Lokal barruan bezeroen herena bakarrik arta dezakete, ez gehiago, eta, horregatik, ilara luzeak egin dituzte herritarrek.

Janari bilketa solidarioa

60 ostalari baino gehiagok elkartzea erabaki dute, euren egoera ikusarazteko, udalari babesa eskatzeko eta herrian ekimenak antolatzeko. Horietako bat da gaur egiten ari diren janari bilketa solidarioa, Okendo plazako arkupeetan. 21:00ak arte egin ditzakete ekarpenak herritarrek.

Ekintzarekin bat egin duten tabernek hiruko txandak egiten ari dira, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara arte. Supermerkatuetan ere kutxak jarri dituzte, erosleek lagundu nahiko balute.

 

Erlazionatuak

Lehen fasearen lehen eguna

Txintxarri Aldizkaria 2020 mai 11 Gizartea

Kutxak bete eta bete

Txintxarri Aldizkaria 2020 mai 11 Ekonomia