Lehen fasearen lehen eguna

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 13:48

Normaltasun berrirantz lehen urratsa egingo du Euskal Autonomia Erkidegoak gaur. Hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzak itxialdiaren arintzean jarritako zenbait mugek, eta azken orduko aldaketa batzuk barneratu zituen atzo arratsaldean. Gauerdian argitaratu du EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Ostiralean ezagutarazi zituen fase aldaketa, eta biharamunean, Nekane Murgarekin batera egindako prentsaurrekoan Arantza Tapia sailburuak testuinguru berriak dakarrena azaldu zuen. Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuarekin adostu du beste lurralde batzuetan baino neurri zorrotzagoak ezartzea. Bereziki, mugikortasunari eragiten diote aldaketek, udalerritik irtetea debekatuta. Edonola, akaso, honen inguruan jasotako kritikak medio; azken erabakian pixka bat malgutu du neurria, bizilekuko udalerriaz gain, honen ingurukoetara joatea ahalbidetuta. 

Lehen fasea, gutxienez, maiatzaren 24a arte luzatuko da. Biharamunean bigarren fasera pasako den erabakitzeko, oraingoan baino neurri zorrotzagoak bete beharko dira, adierazle nagusiak pandemiaren hedatzeari eta osasunari lotutakoak dira. 

Horren aurretik, hauek dira datozen bi asteetan kontuan hartu beharrekoak:

  1. Ordutegiak: Paseorako eta kirola egiteko ordutegiak bere horretan mantenduko dira.
  • 06:00-10:00 eta 20:00-23:00. 14 eta 70 urte artekoentzat.
  • 10:00-12:00 eta 19:00-20:00.70 urtetik gorakoentzat.
  • 12:00-19:00. 14 urte arteko haurrak.

     2.  Paseoak:

  • Egunean behin.
  • Kilometro bateko muga bertan behera. Udalerri barruan eta handik muga egiten duten herrietara joateko aukera dago.
  • Bizikide guztiek elkarrekin ateratzeko aukera dute –hamar lagun arte– ordutegia errespetatuta.
  • Haurrek ordubete dute kalean egoteko, orain arte bezala.
  • Segurtasun, osasun eta higiene neurriak errespetatuta.

      3. Kirola:

  • Egunean behin.
  • Bakarka.
  • Kontakturik gabeko kirolak.
  • Udalerri barruan eta handik muga egiten duten herrietara joateko aukera dago.

     4.  Kiroldegiak:

  • Kudeaketa pribatuko atari zabaleko kirol instalazioak zabal daitezke.
  • Banakako kirol jarduera, aldez aurreko hitzorduarekin, kudeaketa pribatuko kiroldegietan.
  • Udalerrikoetara eta muga egiten duten herrietakora joan daiteke.
  • Kudeaketa publikoko kiroldegiek itxita jarraituko dute. 

     5.  Bisitak

  • Adinekoak eta menpekotasunen bat duten senideak bisita daitezke, zaintza edo artatzea egiteko.

     6.  Ostalaritza:

  • Tabernetako terrazak erabil daitezke: edukiera erdia, bi metroko tartea mahai artean. 
  • Bezero taldeak ezin dira hamar lagunetik gorakoak izan. 
  • Ezingo dira erabilera komuneko elementuak jarri: karta, ahozapitakoak...
  • Ez dago denbora mugarik.
  • Mahaiak eta aulkiak desinfektatu egin beharko dituzte zerbitzu artean.
  • Ordutegi berezia 65 urtetik gorakoentzat.
  • Agintarien gomendio da bileretan jende berarekin elkartzea. 

     7.  Hotelak eta ostatu turistikoak:

  • Erabilera komuneko guneak ezin dira erabili.
  • Kafetegi eta jatetxe zerbitzua bezeroei mugatuta.

     8.  Merkataritza

  • 400 metro koadro arteko saltokiak
  • Ez da aurretiazko hitzordurik behar,
  • % 30eko edukiera.
  • 2 metroko segurtasun tartea.
  • Ordutegi berezia 65 urtetik gorakoentzat.
  • Merkatariek egunean bitan desinfektatu beharko dute denda.
  • Jarduera sozioekonomiko ohikoak egiteko ondoko herrietara joan daiteke. 

     9. Azoka

  • Atari zabaleko azoka txikiak, udalak hala erabakiz gero.
  • % 30eko edukiera.
  • % 25era murriztuko da postu kopurua.

    10. Elizkizunak

  • Edukieraren herena.
  • Gune itxia izanda, maskara erabiltzea gomendatzen da.

    11. Hileta eta beila

  • Beilan, gehienez, hamabost senide atari zabalean bada, hamar, gune itxian bada. 
  • Hiletetan, gehienez, hamabost pertsona eta gurtzaren ministroa.

    12. Autoa

  • Bizikideek bederatzi eserleku arteko autoa parteka dezakete.
  • Ez badira elkarrekin bizi, ilara bakoitzeko bi eserleku bete beharko dira, distantzia gorde eta markara erabilita. 

    13. Garraio publikoa

  • Maskara derrigorrezkoa da.
  • Ohiko maiztasuna.
  • Edukieraren % 60a.
  • Geltoki itxietan ausaz bidaiearin tenperatura neurtuko dute.

    14. Besteak

  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egin daiteke aurretiazko hitzorduarekin
  • Kontzesionariora joan aurretiazko hitzorduarekin.
  • Gidatze baimena berritu.
  • Lorezaintza dendak eta landare hazitegiak ireki daitezke, azalera muga gabe, hitzorduarekin. 
  • Loteria administrazioek ateak zabal ditzakete. Merkataritza guneetan daudenek sarrera zuzena eta berezitua badute bakarrik. 

Zer ezin da egin?

  • Udalerritik irten arrazoi bereziengatik ez bada*.
  • Ezin dira etxe barruan bilerak egin.
  • Kirola norbaitekin egin.
  • Haur parkeak erabili.
  • Itsasoan igeri egin (kirolari federatuek izan ezik).
  • Igerilekura joan.
  • Kultur alorrean ez dago aldaketarik: Liburutegiek, museoek eta kultur jarduera nahiz ikuskizun aretoek itxita jarraituko dute.

* Oro har, hiru lurraldeen artean eta Gipuzkoan barrena mugitzea debekatuta dago. Salbuespena osasunari edo lanari lotutako arrazoiak dira, baita ohiko etxebizitzara bueltatzeko, ikastetxeetara edo hezkuntza zentroetara joateko (datorren astelehenean aurreikusten dute hezkuntza jarduerari berriro ekitea), eta senideak artatzeko, zaintzeko edo bisitatzeko, zaharrak, menpekoak edo elbarriak badira. 

 

Erlazionatuak

Ohiko zerbitzua berreskuratuko du Euskotrenek

Txintxarri Aldizkaria 2020 mai 10 Gizartea