'HERRIKO TABERNEN AUZIA'

Herriko taberna eta elkarteen kontu korronteak enbargatzen hasi da Auzitegi Nazionala

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 22a, 20:27

Sortuk ohar bidez jakinarazi duenez, 35/02 sumarioko epaia gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala, eta herriko taberna eta elkarte batzuen kontuak enbargatzen. 2014. urtean kaleratu zuen epaia, eta 103 herriko taberna eta elkarte konfiskatzeko agindu, Lasarte-Oriako Xirimiri barne, "ETAren egitura diruz finantzatu" zutelakoan. Hurrengo urtean berretsi zuen sententzia hori Auzitegi Gorenak.

Sortuk adierazi du uste duela "datozen egunetan" enbargatuko dituztela auziperatutako herriko taberna eta elkarte guztien kontuak. "Epai politiko eskandalagarri honek bide eman dio 1936ko gerraz geroztik eman den espoliazio politiko eta ekonomiko handienari; ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta da".

2002. urtetik

Baltasar Garzon epaileak ireki zuen 35/02 sumarioa 2002. urtean, Herriko tabernen auzia izenez ezagutzen dena. Xirimiri elkartea ixteko agindua eman zuen urte horretako maiatzean, eta kontuak blokeatzeko agindu. Gerora, Xirimirik bere ateak ireki zituen berriro, Auzitegi Nazionalaren sententziaren zain. 2014ko uztailean eman zuen horren berri, eta 2015ean berretsi zuen Auzitegi Gorenak.

Geroztik, ia bost urte pasa dira, eta orain hasi da epai hori gauzatzen Auzitegi Nazionala, koronabirusak eragindako osasun krisi bete-betean, Sortuk oharrean adierazi duenez. "Bost urtez egon da epaia lozorroan baina, hala ere, bitartean, asko dira euren ekarpen politiko eta kulturalari eutsi dioten eta biziberritu dutenak, herriz herri eta auzolanean". 

Erlazionatuak

Xirimiri elkartea sententziaren zain

Txintxarri Aldizkaria 2014 urt 31 None

Xirimiriren itxieraren aurka mobilizazioa

Txintxarri Aldizkaria 2015 eka 18 None