Okendo plazatik atera eta herriko hainbat kale zeharkatu ostean, Sagardotegi plazan amaitu da manifestazioa. Zirkuluan bildu dira bertan herritarrak, elkarteko kideen azalpenak adi entzuteko.
"Prentsan publikatu dena besterik ez dakigu oraingoz; abokatuek hartu behar dute gaia orain", adierazi dute Xirimiriko kideek. Era berean, elkarretaratzea baliatu dute herritarrei hausnarketa bat eskatzeko: "26 urte gure artean daramatzan Xirimirik zer esanahi dauka herriarentzat eta norbanakoentzat? Gisa honetako gune irekiak oso gutxi daude herrian; galera ikaragarria izango da hau guretzat".
"Bi lan ildo" proposatzen dituzte bazkideek egoera honen aurrean: "Defentsari ekin behar diogu orain, herria aktibatzeko bideak jorratu behar ditugu. Horren harira, batzarra antolatu dugu bihar, 19:00etan, Xirimirin bertan. Herritar guztiak daude gonbidatuta". Bigarrena "gune ireki berri bat" sortzea dela azaldu dute kideek; biharko batzarrean landuko dute gai hori ere.
Amaitu baino lehen "indarrak batu" eta "aurrera jarraitzeko" deiak egin dituzte elkarteko kideek.
Hamahiru urteko prozesua
Hamahiru urteko prozesua izan da eta 2013ko urrian abiatu zen epaiketa, eta iaz uztailean Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia eman zuen. Bertan herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren egitura" finantzatzeagatik.
.