Garzon epaileak duela hamabi urte irekitako sumarioa da 35/02, Herriko Tabernen auzia izenarekin ezagunagoa dena. 2002ko maiatzaren 2an Xirimiri elkartea ixteko agindua eman zuen epaileak eta kontuak blokeatu zituen.
Gerora, Xirimiri berriro jarri zen martxan, Entzutegi Nazionalak azken epaia eman arte behintzat.
Gaur gaurkoz, akusazioa froga perizialak aurkezten ari da epaiketara eta martxoan sartuko da epaiketa azken fase erabakigarrian. Sententzia apirila edo maiatza aldera ematea espero dute.
Prozesu luzea izaten ari da. Urtarrilaren 9an epaiketa bigarren fasean sartu zen eta martxoaren 19rako aurreikusten da fase honen amaiera.
"Epaiketan garbi ikusi da inolako argudio edo frogarik ez dutela, gure ekintza kultural eta politikoengatik zigortu nahi gaituzte", adierazi du Maider Izagirre Xirimiriko bazkideak.
Era berean, sententziak izan ditzakeen ondorioez ere hitz egin du: "Xirimiri desjabetzeko eta bertako bi langileak kaleratzeko arriskua ikusten dugu, izan ditzakeen koste pertsonal zein ekonomikoez gain".
Iazko urriaren 14an herriko tabernen auzia bezala ezagutzen den 35/02 sumarioaren epaiketari ekin zitzaion SEGIren aurkako 26/11 epaiketarekin batera.
Denera 80 pertsonari baino gehiagori leporatzen die Entzutegi Nazionalak erakunde armatuko kide izatea edota herriko tabernen kudeaketarekin ETA finantziatzea. Tartean dago Xirimiri, eta denbora guzti honetan hainbat ekimen burutu dira herrian elkarteak bizi duen egoera salatzeko.
"Sufrimendu fasea gainditu eta aukera politiko guztiekiko errespetua oinarri izango duen egoera behar dugu, eta kontrako norabidean ematen diren urratsak baztertu egin behar dira. Inoiz burutu behar ez ziren prozesuak ditugu hauek, ez baitute inolako oinarri juridikorik", adierazi du Maider Izagirrek.
Prentsaurrekoan bildutako guztien izenean inputatuentzat "absoluzioa" eskatu eta "epaiketa politikoak" amaitzearen beharraz aritu da Izagirre: "herri honen parte bati bere ideiak defendatzea ukatzen zaion unetik herri osoa kondenatzen dute, herriarentzat ateak zabalik edukitzeagatik zigortu nahi gaituzte, herriari bizia emateagatik, herriarekin lan egiteagatik".
Urteurren gazi-gozoa
Xirimirirentzat urak handi datozen garai hauetan, mende laurdena beteko du 2014an. Urteurren berezia ospatzeko herritarren eta eragile ezberdinen parte-hartzea nahiko lukete elkarteko bazkideek.
Ekimen ezberdinak prestatzen ari dira horretarako, hasteko, apirilaren 26an Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute Manuel Lekuona kultur-etxean auziperatuei babesa agertzeko.
Bestelako ekintzak ere egingo dira: herri bazkaria, Buruntzara txangoa, hitzaldiak, film proiekzioak, kontzertuak... Baina bereziki maiatzaren 24 eta 25eko asteburuak hartuko du garrantzia, 25. urteurrena jaialdi handi batekin ospatzeko asmoa baitute Okendo plazan.
"Oraindik hainbat hari lotzeke ditugu, baina egitaraua finkatzean herritarrei jakinaraziko diegu", adierazi du Izagirrek.
Amaitzeko, lanean jarraitzeko "konpromiso irmoa" agertu eta "bakoitzaren ekarpen txikiez" epaiketa politikoak gelditzea posible dela nabarmendu dute Xirimiri elkarteko kideek.