Haurren konfinamendua “modu kontrolatuan” erlaxatzen hasi behar dela iritzi du pediatrak: “Jendeari erosketak egiteko, ogi bila joateko edota txakurrak paseatzeko konfiantza ematen bazaio, haurren gurasoengan ere konfiantza bera jarri behar da”. Haurrak orain “osasuntsu” daudela azaldu du, eta ez dago frogatuta helduak baino kutsakorragoak direnik, bai ordea kutsatuta egotekotan, infekzio larri bihurtzeko aukera oso txikia dutela. Haurrak kalera ateratzeko aukera babesten duen arren, argi du Labianok pertsona heldu eta arrisku egoeran dauden pertsonekin kontaktua ekidin behar dutela.
40 egun baino gehiagoko itxialdiak haurrengan izango dituen ondorioak azaldu ditu. Fisikoari dagokionean, “eguzkiaren argitan gutxi egoteagatik” D bitaminaren falta gertatu daitekeela azaldu du Labianok. Horrekin batera, etxean egoteak haurren ariketa fisikoaren murriztea dakar, eta horrek, loditasunaz gain, idorreria bezalako kalteak ere sor ditzake haurrengan. Zeresanik ez eragin psikologikoak; loaren nahasteak, sumintasuna, antsietatea eta aurreko garapen etapara “atzera pausuak” eman daitezke, besteak beste gauetan, ohean pisa egitea. "Tristura handiago" sumatu dezaketela ere azpimarratu du, baita "gehiegizko beldur eta kezkak" ere.
Haurrek salto, korri eta mugitu egin behar dutela argi dauka Labianok. “Funtsean, energia deskargatzeko beharra daukate ondo sentitu daitezen, eta mugimendua edo ariketa fisikoa ezinbestekoa da bizitzako etapa honetan, haurraren garapen fisiko eta psikologiko egokiarentzat, izan ere, antsietatea gutxitu, umorea eta loaldia hobetu, eta gehiegizko pisua edukitzearen probabilitatea jaisten du”.
Elikadura ohitura onak mantentzeko deia
Osasun publikoarentzat haurren gizentasuna “arazo larri” bilakatu dela nabarmendu du: “XXI. mendeko beste epidemia bat dela esan daiteke”. Eta aurkitu dio azalpena bat osasun arazo horri: “Garatutako herrialdeetan dauzkagun bizi ohiturak direla-eta, gure bizimodua sedentarioagoa da eta elikaduran, berriz, geroz eta elikagai prozesatu gehiago kontsumitzen dira”.
Konfinamendu garai honetan gainera, haurrek ariketa fisiko gutxiago egingo dutenez, energia gutxiago gastatuko dute, eta “aspertzeko denbora” gehiago izango dutenez, horrek, elikagai “desegokiak” jatera bultzatzen ditu, Labianoren iritziz. Horri aurre hartzeko haurrekin batera kozinatzea “aukera aparta” dela nabarmendu du: “Jakiak sortu eta apaintzera animatu nahi ditut, esperimentatu dezatela oinarrizko elikagaiak (barazkiak, frutak) erabiliaz, edota etxeko pizzak, bizkotxoak egin ditzakete. Beste aholku bat ere gehitu du; elikagai desegokiak, gasdun edariak eta supermerkatuetako zukuak, besteak beste ekiditeko saiakera egiteko eskatu du: “Haurrek, ura bakarrik edan behar lukete”.
Etxeko lau paretaz gain, balkoi edo terraza edukitzea “lagungarria” dela zalantzarik ez du pediatrak: “Gutxienez, haizea eta eguzkia hartu dezakete, baina zoritxarrez, familia gehienek ez dute zorte hori, espazio gutxiko etxe txikietan bizi baitira”.
Zaurgarritasun egoeran dauden familiengan arreta berezia jarri du. Azaldu du konfinamenduak eragin “ezkorra” badu, zeresanik ez zaurgarritasun egoeran dauden familiengan. Azaldu du Haur osasun mentaleko adituek ohartarazten dutela, zaurgarritasun egoeran dauden haurrek, hala nola, autismoa, hiperaktibitatea edota osasun mentaleko beste hainbat nahaste dituztenek, “estres egoera” honen aurrean egokitzeko” zailtasun gehiago” dituztenez, ziurrenik “sufrimendu psikologiko handiagoa” jasango dutela.
Itxialdiaren eragina epe luzera
Konfinamenduak epe luzera izango dituen ondorioak jakiteko oraindik “goiz” dela azaldu du pediatrak, baina “ondorio nabarmenenak” zaurgarritasun egoeran eta garapenaren lehenengo etapetan dauden haurretan izango direla azpimarratu du. Horregatik, egoera horretan dauden haurrak gehien babestearen alde egin du, iruditzen baitzaio ez zaiola nahikoa arreta jarri horri. Helduen “egoera emozionalak” haurrengan “eragin zuzena” dutela ere ekarri du gogora: “Haurrek euren emozioak gertueneko harremanen bidez erregulatzen dituzte”.
Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa
EHUko OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldeak Haurren osasuna konfinatuta azterketa egin du. Itxialdiak 3 eta 12 urte bitarteko haurren osasunean duen eragina ikertu dute, eta konfinamendua etxeko txikienentzat “kaltegarria” dela ondorioztatu dute. 11.500 haurren datuak bildu dituzte, eta bertan emandako datu bat baino gehiago bat datoz Lasarte-Oriako anbulatorioko pediatra Maite Labianok egindako analisiarekin.
Ikertzaileek bildutako datuen arabera, umeen laurdenak ez du bizi den etxean balkoia bezalako “kanpo espaziorik”, eta kopuru berak pantailaren aurrean 6 ordu baino gehiago pasatzen ditu. Azken datu horri ere egin dio erreferentzia Labianok, eta konfinamenduak eragin zuzena duela ikusten badu ere, konfinamendurik gabe ere, pantaila aurrean “geroz eta denbora gehiago” pasatzen dutela argitu du, “adin goiztiarretan hasita”. Adituek gainera, 2 urtetik beherakoen kasuan, pantailen aurrean ez jartzearen garrantzia azpimarratzen dutela ekarri du gogora: “Adin horietan ikusmenean eragin ezkorra izan dezakete pantailek, eta, ondorioz, ikusmen arazoak ekar ditzake helduaroan”.
Hainbat aholku eman ditu. Lehenik eta behin, internetera konektatzeko gune isolatuak ekiditeko deia luzatu du, horretarako gune komunak erabiltzera animatuz. Horrekin batera, online elkarrizketak zainduak edota behatuak izatea ikusten du egoki, eta bideo-jokoak mugatu eta trukean “pantailarik gabeko jolas analogikoak” proposatzea. Telebistarik edo mugikorrik ondoan eduki gabe lo egiteko gomendioa eman du azkenik, batez ere, helduen aldetik, “eredu egokia emateko”.
EHUko ikerketarekin jarraituz, haurren %20ak ariketa fisikoa alde batera utzi duela baieztatzen du, eta osasun fisikoak okerrera egiteaz gain, osasun emozionalak ere joera berdina izan duela azaltzen du: gurasoen arabera, haurren ia erdiak okerrera egin du osasun emozionalean, konfinamenduan zehar. Eta ez hori bakarrik, elkarrizketatutako gurasoen ia erdiak uste du konfinamenduak haurren osasun fisikoan, emozionalean eta bizi kalitatean eragingo duela. Horri beste datu bat gehitu dio ikerketak: gurasoen %15ak uste du osasun ondorio emozional horiek hilabeteak edo urteak iraungo dutela.
Elkarrizketatuen artean haur eremuko 200 profesionalak ere badaude, eta horietatik %90ak uste du konfinamenduak eragin negatiboak dituela haurrengan. Eta %76ak dio haurren osasunean izango duen eragina oso desberdina izango dela familiaren maila sozioekonomikoaren arabera.