Espainiako Gobernuak esan zuen haurrek etxetik ateratzeko baimena izango zutela apirilaren 27tik aurrera, eta gaur eman ditu baimen horren inguruko zehaztapenak Maria Jose Montero gobernuko bozeramaileak.
Haurren irteerak "mugatuak eta baldintzatuak" izango zirela aurreratu bazuten ere, ziur Euskal Herriko haurren gurasoek ez zutela gaur jasotako baimenaren inguruko informazio hori espero. Izan ere, iragarri du 14 urtetik beherako haurrak irten ahal izango direla etxetik, baina gurasoekin erosketak egiteko, botikara joateko edota banketxeetara joateko soilik. Erabakiak sortu duen harrabotsa ikusita, gobernuak atzera egin du eta esan du paseoak baimenduko dituela igandetik aurrera; baldintza zehatzak asteon emango ditu.
Gobernuko bozeramaileak "arduraz jokatzeko" eskatu die gurasoei, pandemiaren hedapena ekiditeko. Horrekin batera, irteerak "modu kontrolatuan" egin behar direla ere azpimarratu du, "higiene neurriak eta segurtasun tartean mantenduz".