Bizitzen ari garen osasun larrialdian haurrak "hitzik gabe" utzi dituztela salatu du Oinherri Herri Hezitzailea egitasmoak. Horregatik, haurtzaroaren defentsan, manifestua argitaratu dute.
Haurrak etorkizuna izateaz gain, oraina ere badirela aldarrikatu du Oinherrik, eta horregatik ""hitza hartu" behar dutela babestu dute, eta, aldi berean, salatu dute beste behin ez zaiela haien behar eta eskubideei jaramonik egin. Oraingoan, gainera, etxeko txikienei kasurik ez egiteari "traizioa" gehitu zaiola azpimarratu dute: "“aditu” izenarekin dabiltzan batzuk, haurraren eskubideei eta beharrei muzin eginez, 'haurrak gogorrak' direlako aitzakiapean, kalera ateratzeko aukera ukatu diete. Bai gogorrak haien bihotzak".
Atzo gauen jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak haurrek paseatzera ateratzeko baimena izango dute astelehenetik aurrera, baina horren inguruko zehaztapenik ez du eman oraindik. Horregatik, eta "adi egoteko deia" egin du egitasmoak, "irteerarako baldintza duinak eskatzeko eta haur eta nerabeak kontuan har ditzaten".
Esparru desberdinetako adituek azaldu moduan, konfinamenduak eta aurrerantzean bizitzen jarraituko dituzten egoerek haurrengan "kalte handiak" eragin ditzaketela ekarri dute gogora.
Haurren jarrera txalotzeko deia
Hainbeste denbora etxetik atera gabe egon ondoren, merezi dute "entzunak izatea" eta kalera irteteko momentua "pozgarria" izateko bideak ematea. Horrela, haurrak entzuteko, haiekin hitz egin eta hausnartzeko, egun hauetan bizitu dituzten emozioei hitza jartzeko eta kalera irteera nolako izango den adosteko deia egin diete gurasoei.
Honetaz gain, eta haurrek erakutsitako jarrera balioztatu eta haien ahotsa entzuna izan behar duela
aldarrikatzeko, Oinherri Herri hezitzaile ekimenak deialdi hau egin nahi die EHko haur eta familiei.
Horrekin batera, etxeko txikiek erakutsi duten jarrera balioan jarri eta euren ahotsak entzun behar direla aldarrikatzeko deialdi bat luzatu dute igande honetarako. Eguerdiko 12:00etan, etxeko balkoi, leiho edota balkoietatik txaloak jotzeko gonbita luzatu dute. Ekintza horrekin, erakutsi duten jarreragatik zoriontzeaz gain, astelehenean kalera irtengo direla ere ospatu nahi dute, eta noski, haurren eskubideak gizarteratzeko eta entzuna izan behar entzunak izan behar duela ere aldarrikatuko dute.