Euskal kulturgintzaren egoera azaleratu, gogoeta bultzatu eta neurriak eskatzeko, asteartean, hilak 21, eta asteazkenean, hilak 22, Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia egin du Kulturgintzan egitasmoak. "Desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneko edo grabatutako emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen".
Ekosistema osatzen duten eragile guztiei eskatu diete babesa: sortzaileei, antolatzaileei eta bitartekariei, komunikabideei, hezitzaileei, kulturzaleei eta herrikideei. Dagoeneko, 730 sortzailek eta eragilek baino gehiagok bat egin dute, tartean, zenbait lasarteoriatarrek. Besteak beste, Aintzane Usandizaga eta Pablo Barrio idazleek, Bea Egizabal ipuin kontalari eta umoristak, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak –Ane Labaka kideetako bat da– edota Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak.
Kultur itzalaldi honen arrazoiak www.kulturgintzan.eus webgunean jaso dituzte. Batetik, sektorearen egoera. Pandemiak larriagotu egin du ekosistemako eragileen egoera "prekarioa", kultur lanak bertan behera utzi baitira. Erakunde publikoei horri aurre egiteko unean uneko premiazko neurriak hartzeaz gain, epe ertain-luzerako proposamenak ere plazaratzeko eskatu diete.
Bestetik, kulturaren balio sozialaz eta euskal kulturgintzarekiko atxikimenduaz hausnartzeko eskatu dute, sormen lanek partekatzen dituzten balioak nabarmenduta. "Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?”
Konfinamendua dela eta, greba digitala izango da; baina itxialdia amaitzean bestelako "ekimen eraginkorragoak" abiaraziko dituzte. Ildo beretik, ekosistema osatzen duten guztientzat elkargunea izango den topaketa bat antolatu nahi dute “euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko.