Herrikideak dira Iñigo Otaegi (Lasarte-Oria, 1998) eta Jone Arroyo (Lasarte-Oria, 1999). Biak lasarteoriatarrak, herriko bizilagunak, baina sei hilabetez, herritik kanpo, milaka kilometrotara ere pisukide izan dira; Txilen. Euskal Herriko Unibertsitatean ari dira ikasten. Industria elektronika eta automatika ingeniaritza lehena, eta Gizarte Langintza bigarrena, eta, atzerriko egonaldia amaituta, sorterrira iritsi berri dira.
Hego Amerikako herrialderik "seguruena" zelako aukeratu zuen Arroyok truke programa Txilen egitea. Baina hankaz gora jarritako errealitate batean bizitzea egokitu zaio, non segurtasuna bera ere kolokan sentitu duen. Otaegik azaldu dio Txintxarri-ri Concepcionera iritsi eta hiria zertxobait ezagutu bezain pronto antzeman zuela bertan zegoen ezberdintasun sozial "izugarria". Txanponaren bi alde horiek ere nabaritu ditu Arroyok, eta Txileko egonaldian jabetu da oinarrizko beharrak "ase ezin" dituen jende asko dagoela herrialdean. "Txileko arazoa hain da arazo estrukturala, non irtenbide bat bilatzeko ezinbestekoa ikusten dudan dena erabat iraultzea".
"Ulergaitza" txiletarrak 301.000 pesoko (bataz beste 347 euro) gutxieneko soldatarekin bizitzea, bizitza maila gurea bezalakoa denean. Horrela ulertu dute txiletarrak zorpetuta bizitzearen arrazoiak nondik datozen. "Gazte gaztetatik zorpetzen dira, izan ere, unibertsitateko ikasketak oso garestiak dira Txilen, eta ezin dituztenez ordaindu, kredituak eskatu eta ikasketak bukatu eta gero, urte luzez jarraitzen dute horiek ordaintzen".
Eztanda sozialak lasarteoriatarrak bizitzen egon diren hiria ere gogor astindu du, eta hasieran, gertatzen ari zena "erreala" zela sinestea ere kosta egin zitzaien. Ez dute ahaztu Santiagon, urriaren 18an egoera lehertu zeneko berria telebistan ikusi zuten unea: "Sei lagun bizi ginen etxe berean, eta oso erreakzio ezberdinak izan genituen bakoitzak. Ez genekien gu bizi ginen hirira iritsiko ote zen, zenbait iraungo zuen ez gertatu zen guztia gertatuko zenik ere; ezjakintasun handiz bizi izan ditugu momentu asko".
Etxea, "gune segurua"
Concepcioneko gatazkaren erdigunetik apur bat aldenduta zegoen Otaegi eta Arroyoren etxea, eta horrek lagundu die egoera gaztazkatsutik tarteka aldentzen. "Gure etxea zentrotik 15 minutura zegoen, kaosaren erdigunetik aparte eta horri esker, etxea gune seguru gisa ikusi dut beti", azaldu du Arroyok. Horrek, ordea, ez dio zenbait unetan beldurra sentitzea saihestu, ezta Otaegiri ere. Egunerokoak hala behartuta, egoera gordin eta zail baten baino gehiagoren lekuko izan dira. Arroyori adibidez, kontatu zioten, poliziaren kuarteletan musika bolumen oso altuan entzutea, bertan jendea torturatzen ari zirenaren seinale zela, eta hori baieztatu du berak: "Egun batean, unibertsitatetik bueltan, etxe ondoko kuarteletik pasa eta musika ozen entzun nuen. Doinu hark ezin izan zituen torturak jasaten ari ziren pertsonen garrasiak ezkutatu, ordea, horiek ere entzuten ziren".
Otaegi ere aurkitu da larritasun egoera batean baino gehiagotan. Manifestazioekin bat egin eta kalera irten zen une bateko bizipenak ekarri ditu gogora. "Lehenengo manifestaziora iritsi nintzenean, mobilizazioa nahiko sakabanatua zegoen eta bidegurutze batean geundenez, ez genekien nondik agertuko ziren poliziak". Eguneroko borrokatik buruan iltzatuta geratu zaion elkartasun irudi bat ere partekatu du berehala. "Oso polita izan da ikustea manifestariek elkarri nola laguntzen dioten. Negarra eragiteko gasarekin erasotuak izan direnei jende asko gerturatzen zitzaien, ura eta bikarbonatoarekin, gasa arnastearen ondorioz sortutako kalteak arintzeko".
Adin guztietako txiletarrak ikusi dituzte kalean borrokan, eta horrek harritu egin ditu lasarteoriatarrak. "Hasieran gazteak irten ziren kalera, baina borrokak aurrera egin ahala, adin guztietako herritarrak batu dira borrokara. Denek dituzte kalera irteteko arrazoiak; gazteek lan baldintza txar eta soldata penagarriengatik eta helduek, berriz, pentsio miserable eta ez duinengatik, besteak beste". Kalean topatu duen gazteria mugimendua "eredugarria" da Arroyorentzat. "Askotan alderatzen nuen hemengoarekin, eta ez du zerikusirik; sekulako borrokari eusten ari dira, gau eta egun, urriaz geroztik".
Egoera ezegonkorra bizitzen ari baziren ere, ez zuten Euskal Herrira bueltatzerik pentsatu. Azpimarratu dute leherketa sozialaren ondorioz akademikoki "ezer gutxi" ikasi duela atzerriko egonaldian, baina gertuagotik ezagutu ahal izan dute beste hezkuntza sistema bat. "Gurea baino askoz ere parte-hartzaileagoa da, ikasle kopurua murritzagoa da eta horrek irakasleekin gertuagoko tratua izatea ere ahalbidetzen du, ebaluazioa jarraiagoa da". Beste alderaketa bat egitera ere ausartu da: "Euskal Herrian unibertsitateak gizarteko arazoetatik kanpo daude, Txilen eztandarekin bat egin dute, posizionatu dira gizarteko arazoarekin".