Ane Irurtia: "Mundura zabaldu ez duten errealitatea bildu dugu dokumentalean"
Euskal Herritik joandako beste hiru ikaskiderekin batera, 'Sobrevivir' dokumentala osatu du lasarteoriatarrak. Txilek bizi duen errealitate gordina azaleratzeko sortu dute ikus-entzunezkoa.
Txilera iritsi eta bertan egonaldia luzatzen ari zen heinean konturatu zen Ane Irurtia (Lasarte-Oria, 1998) herrialdearen gehiengoak bizi duen errealitate gordinaz. Konturatu zen baita ere Txilen gertatzen ari zenaz bestelako irudi bat munduratzen ari zela; errealitate gordin horretatik urrun geratzen zena.
Haur Hezkuntzako ikasketak egiten ari da Mondragon Unibertsitatean, eta Txileko iparraldean dagoen Antofagasta hiriko hezkuntza sistema ezagutzeko asmoz abiatu zen Hego Ameriketara. Baina eskoletako egunerokoaz gain, beste errealitate batzuk ezagutzea beste aukerarik ez du izan, ezustean. "Gizarte erabat elitista da Txilekoa, ezberdintasun soziala ikaragarria da".
Santiago hiriburuan eztanda gertatu eta egun gutxira iritsi zen Antofagastara ere mobilizazio soziala. Horrela, egun batetik bestera, unibertsitateko klaseak bertan behera geratu, eta hiri horretako eskola publiko batean egindako hiru eguneko praktikaldia ere bere horretan geratu zitzaion. Ikasketa prozesuaren aurrera jarraitzeko asmoz, Antofagastako ospitaleko ikasgela batera bideratu zizkioten praktikak, eta han izan zuen lehenengoz, hainbat familiaren egoera zailen lekuko zuzena. Adibidea ere jarri dio txintxarri-ri. "12 urteko neskatila bat ezagutu nuen ospitalean, zuen adinerako oso heldua zena. Amak familia aurrera ateratzeko dirua behar zuenez, ezin zuen hutsik egin lantokian, eta ondorioz, oso gutxitan joan zitekeen ospitalera, alaba bisitatzera. Neskatila bakar- bakarrik ari zen bere gaixoaldia aurrera eramaten".
Hedabideen desinformazioa
Euskal Herritik joandako beste hiru ikaskiderekin gertatzen ari zenaz hitz egiten hasi, eta konturatu ziren hedabideak "informazioa ezkutatzen" ari zirela, ez zutela herrialdean gertatzen ari zena munduratzen, eta horri aurre hartu nahian, dokumental bat egitea bururatu zitzaien. Horrela, unibertsitateari ideia horren berri eman, eta eurek utzitako kamara batekin hasi ziren lehenengo lanetan: kalean. "Ordurako, eztanda sozialaren aurrean antolatzeko eta gertatzen ari zenaz hitz egiteko batzarrak antolatzen ari zen unibertsitatea, eta horietan parte hartzen hasi ginen". Hitzordu horietako batean, jendaurrera irten, mikrofonoa eskuan hartu eta bertan bilduta zeuden parte-hartzaileei dokumentala egiteko asmoaren berri eman zieten. Ikus-entzunezkoan parte hartzeko gonbita luzatu eta berehala hasi ziren lehen elkarrizketekin. Lehen kontaktu horien laguntzarekin joan ziren, gero, pixkanaka jende gehiago ezagutu eta elkarrizketatzen; guztira 35 pertsonen testigantzak bildu dituzte, nahiz eta den-denak ez diren agertzen dokumentalean.
Erritmoa hartuta, "etenik gabe" aritu dira lanean, eta inoiz pentsatu gabeko leku eta errealitateak bildu dituzte. Spoilerra ekiditeko ez dio informazio zehatzik eman Irurtiak Txintxarri-ri, baina aurreratu du elkarrizketatutako emakume baten historiaz zerbait. "Antofagastako Bonilla herrixka erdi-marjinal batean bizi da, herrialderen aldeko borrokarekin konpromiso handia du, eta herrixkan bizi duten errealitatearekin batera emakume gisa borrokan aritzeak dituen oztopoak ere agertzen ditu".
Arriskuaz jabetu gabe
Dokumentala osatzeko zenbat "arrisku" euren gain hartu dituztela gerora konturatu dira. "Fitxatuta dagoen jendearekin aritu gara lanean, baina egiten ari ginenak arrisku batzuk zituela gehiegi pentsatu gabe ibili gara, eta eskerrak horri, bestela, ziurrenik, ez genuke osatu dugun dokumentala osatuko".
Ikus-entzunezkoarekin lanean ari zirela "ezusteko" batzuk jaso dituztela jakinarazi du lasarteoriatarrak, baina horiek ere ez dira nahikoa izan lana bertan behera uzteko. Hori bai, egin duten lana egiteko elkarren arteko babes eta laguntza "ezinbestekoa" izan dela ere azpimarratu du. Hilabeteko lan "intentsua" amaituta, Antofagastako Universidad Catolica del Norten egin zuten lehen aurkezpena, eta oso ondo gogoratzen da Irurtia une hartaz. "Jende asko hurbildu zen, tartean dokumentaleko parte-hartzaileak, eta oso une hunkigarriak sortu ziren. Asko eskertu digute egin duguna, ezin zuten sinetsi atzerritar talde batek horrelako lan bat egin izana". Euskal Herriak ere eman dute Onatin, Usurbilen eta Markinan, eta Lasarte-Oriako data ere laster iragarriko dute.
Sobrevivir izena jarri diote dokumentalari. Hain zuzen ere hori azaleratu nahi izan baitute; urriaren 18az geroztik, egoera sozialak eztanda egin zuen egunetik, bizirautetik duintasunez bizitzera igarotzeko ari direla borrokan.
Truke programakoekin, babesa
Truke programari esker ezagututako ikaskideengan aurkitu dute "babes handia". Eztanda soziala gertatuta, egoera "ezegonkorrak" bizitzea egokitu zaie, etxera aginduak adibide. "Etxetik irten ezinik" egon behar izan dute egunak joan eta egunak etorri, eta hori "gogorra" izan dela aitortu du Irurtiak. "Giltzapetuak egotearen zama arintzeko, gu bezala truke programako ikaskideen etxeetara joaten ginen eta bertan igarotzen genituen etxeratze aginduak. Asko lagundu digu horrek, elkarrekiko babesa garrantzitsua izan da".
Etxera bueltatu da orain, eta bidaia beste modu batera aurreikusia bazuen ere, "zorionekoa" sentitzen da Txilen egindako sei hilabetetan ikasitakoarekin. "Pertsonalki asko hazi naiz Txileko esperientziarekin, eta etorkizuneko Ane hezitzailearengan eragina izango du atzerriko egonaldi horretan ezagutu eta bizitakoak".