Uztaila erdialdean iritsi zen Txilera Asier Urruzola gaztea (Lasarte-Oria, 1999). Biologia ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta atzerrian ikasteko truke programa bati esker, Hego Ameriketan egin du sei hilabeteko egonaldia. Txile iparraldeko Valparaiso hiria izan du bizileku, Santiago hiriburutik pare bat ordura. "Oso hiri alternatiboarekin egin nuen topo; kale eta etxeak margotuta, musika emanaldiak kaleko txoko askotan...".
Valparaisora iritsi ahala unibertsitateko ikasleen geldialdiarekin egin zuen topo, eta aurreikusitakoa baino hilabete beranduago hasi zituen ikasketak. Behin martxa hartuta, ordea, gutxi iraun zuen eguneroko normaltasunak. Urriaren 18ko Santiagoko eztanda sozialak bete betean harrapatu baitzuen Valparaiso ere. "Suteak, harrapaketak, karabineroen gehiegizko errepresioa... izugarria izan da". Valparaisokoen borrokarako grina "izugarria" izaten ari da. "Langabezia tasa altua du, %18 inguruko, kontzientzia askoko hiria da, eta horregatik bat egin dute borrokarekin". Aitortu du ez duela inoiz hainbesteko "jendetza" ikusi mobilizazio batean. Gazteak ikusi ditu batez ere lehen lerroetan, baina baita helduak ere. "Gazteen indarra oso nabaria da borroka horretan, helduak, ordea, Pinocheten diktaduran bizitakoagatik beldur handia dute, ez dute ordukoa berriro errepikatzerik nahi, eta gazteen ausardian jarri dute konfiantza osoa".
"Giza Eskubideen urraketa oso larriak" gertatzen ari dira, gaurdaino, egoera lehertu zenetik. "Militarrez eta poliziez bete dira kaleak, negarra eragiteko gasa jaurti dute, ibilgailu militarretatik kimikoarekin nahastutako urarekin erredura handiak sortu dituzte, torturak eta hilketak egin dituzte eta 200 begi baino gehtiago mutilatu dituzte". Bizitzea tokatu zaion egoera gordin baten adibide bat ere jarri du mahai gainean: "Manifestari bat atxilotzen dutenean, beste manifestari batek grabatu egiten du atxiloketa. Atxilotuak garrasika bere izen abizenak eta identifikazio pertsonalaren zenbakia esaten ditu, gero, hilik eta torturatuta agertuz gero, horren ardura poliziarena dela jakinarazteko".
Inoiz uste gabeko egoerak bizitzea egokitu zaio, etxeratze aginduak, besteak beste. "Sekulako inpotentzia" sentitu du, "uneoro erlojuari begira" ibili behar izan baitu, etxeratze aginduak kalean harrapa ez zezan. "Etxean behartuta egotea zaila izan da, pelikulatan ikusten diren irudiak bizitu ditugu". Eztanda soziala "gogorra" izaten ari bada ere "gertatu beharrekoa" ikusten du Urruzolak. "Txileko eztanda soziala ez da metroko prezioaren igoeragatik soilik gertatu; prezio igoera horrek ordura arteko ezinegona leherrarazi du, pilaketa izan da". Txiletarren gutxieneko soldata 301.000 peso txiletar (bataz beste 347 euro) dira, eta bizi maila "gurea bezalakoa" dela azaldu du lasarteoriatarrak. "Zorpetuta bizi dira, ez dute bizitza duin bat aurrera eramateko aukerarik, eta hori lortzeko ari dira borrokan".
Errekurtso natural ugari
Herrialdeak dituen errekurtso naturalei ere erreferentzia egin die biologia ikasleak. "Petrolioaz gain, ezinbestekoak diren mineral ugari dituen herrialdea da, eta hori kontuan hartuta askoz egoera hobeago batean egon daiteke Txile; blokeatuta dute". Azaldu du adibidez, kobrea bere horretan kanpoko herrialdeei saltzen dietela. Horiek produktuak sortzen dituzte kobrearekin, eta Txilek, gero, produktu horiek erosten dizkie prezio askoz altuagoetan.
Etorkizun beltza ikusten dio lasarteoriatarrak herrialdeari. "Urriaz geroztik ari dira borrokan gau eta egun, eta gaurdaino ez dute aurrerapausorik lortu, eta ez dut uste, Piñera lehendakariak gobernuan jarraitzen duen bitartean ezer lortuko dutenik". Dena den borrokarekin jarraitzera animatu ditu txiletarrak, nahiz eta kontziente den egoerak bere horretan luze jarraitzen badu, nekea sor dezakeela borrokan ari direnengan. "Pena emango lidake orain arteko borroka ezerezean geratzeak".
Ikasketetan eragina
Biologia ikasketak egiten ari den aldetik, ekosistema "ezberdin ugari" ezagutzeko aukera ere izan du. "Txilek basamortua du iparraldean eta izotza hegoaldean; baso tropikala ez ezik, gainerako ekosistemak aurkitu daitezke herrialde bakarrean, baita parke natural ugari ere. Oso ondo zaintzen dituzten arren, mehatzagintza, besteak beste, kalte handiak eragiten ari da". Ikasketetan aukera politak izan baditu ere, eztanda sozialak eragin dio Urruzolari. "Klaseak bertan behera geratu ziren, eta etxetik egin behar izan dut lan . Ikaskideekin denbora gehiago partekatu ezin izanaren arantza, ordea, ezin izan du kanporatu. Izan ere, eztanda soziala gertu zenenean, ikaskideak hurrengo egunean ikusiko zituen esperantzaz agurtu ziren, baina ezin izan dute berriro elkar ikusi. Dena den, elkarrekin bizitako momentuak oroituz, aho zapore gozoarekin itzuli da Lasarte-Oriara. Azpimarratu du oso jende "ona, eskuzabala, beroa" topatu duela Txilen. "Ezagutu gabe ere dena eskaintzen dizute txiletarrek, merezi dute duintasun osoz bizitzea, eta hori lortzea nahiko nuke".