U30EKO GREBA OROKORRA

Buruntzaldeako gazte eta ikasle mugimendua, greba orokorrarekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 12:17

Sorgin Jaiek, Elebeltz Topaguneak eta Lasarte-Oriako Ernaik bat egin dute Buruntzaldeako ikasle eta gazte mugimenduaren deialdiarekin; ostegun honetako greba orokorrera atxiki dira. Eskualde mailako mobilizazioan parte hartuko dute, Gazte Blokean; Hernanin izango da manifestazioa, 19:00etatik aurrera, Tilosetan.

Lasarte-Oriako zenbait eragilek bat egin dute eskualde mailako ikasle eta gazte mugimenduaren deialdiarekin. Sorgin Jaiak, Elebeltz Topagunea eta Lasarte-Oriako Ernai ostegun honetako greba orokorrera atxiki dira. Agerraldia egin dute Hernanin, iragartzeko Euskal Herriko Eskubideen Karta Sozialaren aldarrikapenekin bat egiten duela, eta gazte mugimenduak berak dituenak lau haizetara zabalduko dituela. Horretarako, manifestazioa egingo dute urtarrilaren 30ean, ostegunez: Hernanin elkartuko dira, Tilosetan, 18:30ean. Buruntzaldea mailako mobilizazioa izango da; arratsaldeko zazpietan hasiko da.

"Krisi ekonomikoaren aitzakian, politika neoliberal ugari aplikatu dira azken urteotan; gazteok kolpatu gaituzte neurri horiek, bereziki", adierazi dute Buruntzaldeako gazte eta ikasle mugimenduko kideek. "Langile belaunaldi berrien bizi baldintzak eta eskubideak jarri dituzte jo puntuan patronalek, enpresariek eta horien alde egin duten instituzioek". Deitzaileen hitzetan, helburua da "iraganean borrokatuz eskuratu ziren lorpenak ezabatzea", eta "langile gazteen esplotaziotik are gehiago aberastea". 

"Erasoaldiaren hasiera", hezkuntzatik

"Hezkuntzatik ekin diote erasoaldiari, murrizketak eginez, LOMCE eta Heziberri erreformak inposatuz", nabarmendu dute. "Gure ikasketa prozesua osatzeko balio beharko luketen praktikaldiak aprobetxatzen dituzte maiz enpresariek, doako lana eskuratzeko". Lana lortuta ere, prekarietateari aurre egin behar diotela azpimarratu dute. Independizatzeko aukeren eskasiaz ere jardun dira: "Gure kabuz bizitzeko aukera ukatzen digute, prezio zein alokairu ordainezinak ezarriz, espekulazioaren mesedetan".

Azaldutako guztiagatik, eta beste hainbat arrazoigatik, greba orokorrarekin bat egitea erabaki du eskualdeko gazte eta ikasle mugimenduak. "Ofentsibara salto egingo dugu, pentsionistekin, mugimendu feministarekin eta langile klasearekin indarrak batuz".

Eragile hauek bat egin dute deialdiarekin: Aztarrika Gazte Asanblada, Kafe Tertulia eragile feminista, Usurbilgo Txozna Batzordea, Udarregiko Ikasle Talde Feminista, Agiñako gaztiak, Andoaingo Gaztetxea, Andoaingo Asanblada Feminista, Sorgin Jaiak, Elebeltz Gune Autogestionatua, Oriarteko Ikasle Asanblada, Kanika aisialdi taldea, Hernaniko Bilgune Feminista eta Ernai Gazte Antolakundeak.