"Egun bizi dugun eredu ekonomiko eta soziala sostengaezina da; bai eremu produktiboan, baita erreproduktiboan ere". Gisa horretara ekin diote agerraldi publikoari Lasarte-Oriako greba batzordeko kideek. Bost pertsona eseri dira mahaian, hainbat sindikatu eta eragile ordezkatuz: Maialen Aranburu (ELA sindikatua); Olatz Arozena (LAB sindikatua); Oihane Etxezarreta (gazteen kolektiboa); Saioa Gomez (mugimendu feminista); eta Joxe Manuel Aranburu (pentsionista). Urtarrilaren 30eko -osteguna- greba orokorra testuinguruan jarri dute, Euskal Herriko Karta Sozialak prestatutako Aldarrikapen Taularen berri eman, kolektibo bakoitza atxikitzeko arrazoiak esplikatu eta grebaren egunean herrian egingo diren mobilizazioak iragarri.
ELA sindikatuko kide Maialen Aranbururen hitzetan, "estrukturala" da prekarietatea lan munduan, eta "gorantz" doa, "2010 eta 2012ko negoziazio kolektibo eta lan erreformen bidez": langabezia, soldata arrakala, eros-ahalmenaren galera eta azpikontratazioa aipatu ditu, beste batzuen artean. Gauza bera gertatu da pentsio publikoekin. "Murrizketak egin dira etengabe, Toledoko Ituna eta Elkarrizketa Sozialaren markoan eta 2011 eta 2013ko erreformen bidez". Aranburuk zehaztu du prekarietatea "lan eremu formaletik harago" doala: "Bizitza sostengatzeko egitura kolektibo eta publikoak" pairatzen ari dira egoera hori. "Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da; horrek, gainera, izugarrizko genero inpaktua dakar berarekin, prekarizazioaren aurretik zeuden desberdintasun eta zapalkuntzak areagotuz".
Lasarte-Oriako greba batzordeko kideen aburuz, "beharrezkoa" da "zaintza nahiz bizitza erdigunean" jarriko dituen "sistema berri bat" eratzea; "eredu sozioekonomiko alternatibo bat". Ildo horretan, urtarrilaren 30eko greba "sistemaren aldaketa erradikala bultatzeko eta ofentsibara pasatzeko mobilizazio erraldoia" izan daitekeela uste dute.
Aldarrikapen Taula
Euskal Herriko Eskubideen Karta Soziala osatzen duten eragileek Aldarrikapen Taula bat sortu dute. "Hiru ardatz" zehaztu dituzte: lana, pentsioak eta eskubide sozialak. "Lan harremanetarako esparru eta pentsio sistema propioak" funtsezkoak dira taula horretako neurriak gauzatzeko, herriko greba batzordearen hitzetan. Hego Euskal Herriko erakundeei "erabaki zehatzak" hartzea galdegiten die. Tartean, hauek:
- Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea
- Zuzeneko nahiz azpikontratatutako enplegu publikoan 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea
- Lan arloko soldata arrakala, diskriminazioa eta indarkeria matxistarekin amaitzea
- Pentsioen sistema publikoa defendatzea
Hego Euskal Herriko patronalei exijitu diete Aldarrikapen Taulan azaltzen diren lan-baldintzen inguruko eskaerak aintzat hartzea.
Greba orokorra Lasarte-Orian
LAB sindikatuko kide Olatz Arozenak azaldu du zein izango diren urtarrilaren 30eko grebaren harira Lasarte-Orian egingo diren ekintzak. "Herritarrak animatzen ditugu horietan parte hartzera, eta egun horretan lanera ez joatera".
- 07:30ean, kotxe karabana bat irtengo da Hipodromotik; lantegi eta poligonoetara joango dira.
- 08:30ean kalejira bat egingo dute herrian barrena, komertzioekin lanketa egin eta greba egiteko arrazoiak esplikatzeko.
- 09:30ean, eskualde mailako hitzorduarekin bat egin, eta Urbil merkatalgunera joango dira, bertako dendekin lanketa egitera.
- 11:00etan, bizikletaz edo trenez Donostiako manifestaziora joateko deia.
- Behin Donostiara iritsita, 11:45ean, bat egingo dute manifestazioko zutabeetako batekin, Amaran (Madrilgo Etorbidearen bukaeran), eta Artzai Ona elizarantz joango dira, 12:30ean hasiko den manifestazioan parte hartzeko.
- Manifestaziotik bueltan, Elizatze plazan bazkalduko dute. Norberak eraman beharko du bere janaria.
- 18:00etan, herri mailan egingo dute manifestazioa, Okendo plazatik abiatuta.