Lasarte-Oriako greba batzordearen aurkezpena: urtarrilaren 30eko grebaren testuingurua

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 11:58

"Egun bizi dugun eredu ekonomiko eta soziala sostengaezina da; bai eremu produktiboan, baita erreproduktiboan ere". Gisa horretara ekin diote agerraldi publikoari Lasarte-Oriako greba batzordeko kideek. Bost pertsona eseri dira mahaian, hainbat sindikatu eta eragile ordezkatuz: Maialen Aranburu (ELA sindikatua); Olatz Arozena (LAB sindikatua); Oihane Etxezarreta (gazteen kolektiboa); Saioa Gomez (mugimendu feminista); eta Joxe Manuel Aranburu (pentsionista). Urtarrilaren 30eko -osteguna- greba orokorra testuinguruan jarri dute, Euskal Herriko Karta Sozialak prestatutako Aldarrikapen Taularen berri eman, kolektibo bakoitza atxikitzeko arrazoiak esplikatu eta grebaren egunean herrian egingo diren mobilizazioak iragarri.