Buruntzaldeako 102 enpresa batzordek bat egin dute urtarrilaren 30eko grebarekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 21a, 16:26
Eskualde mailako agerraldia egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaur goizean, Hernanin. Argazkia: Aiurri.

Eskualde mailako agerraldia egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaur goizean, Hernanin. Urtarrilaren 30eko grebaren atarian "indartsu" daudela nabarmendu dute. Lasarte-Oriako udal langileek eta Biyak Bat adinekoen egoitzakoek, besteak beste, bat egin dute deialdiarekin. Buruntzaldean 102 enpresa batzorde dira, oraingoz.

Euskal Herriko Eskubide Sozialetan Kartako eragileek grebara deitu dute urtarrilaren 30ean, ostegunarekin. Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat egin, eta beste urrats bat egitea erabaki dute: "lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen alde borroka" egiteko deitu dute greba. LAB eta ELA sindikatuek adierazi dute 1.200 enpresa batzordek bat egin dutela honezkero deialdiarekin; horietatik 102 dira Buruntzaldeakoak. Datu hori eman dute bi sindikatuek gaur goizean Hernanin, eskualde mailan egindako agerraldian. Tartean daude Lasarte-Oriako udal langileak eta Biyak Bat adinekoen egoitza.

Aizpurua Autobusak, Thyssen, Sapa, Altradi, Hernani, Urnieta zein Andoaingo udal langileak... Adibide ugari eman dituzte bi sindikatu horietako ordezkariek gaurko agerraldian. 

"Aldarrikapen Taula" bat prestatu dute grebaren deitzaileek: Zapatero eta Rajoyren lan-erreformak bertan behera uztea; 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea; 1.080 eurokoa izatea gutxieneko pentsioa; pentsioa kalkulatzeko hamabost urte hartzea kontutan; 1.200 euroko gutxieneko soldata; edota gizon eta emakumeen arteko soldata- eta pentsio-arrakalekin amaitzea, besteak beste.

Bideoaren egilea: Aiurri

Herriko greba batzordearen aurkezpena, bihar

Beste hainbat herritan bezala –170 guztira, LAB sindikatuak jakinarazi duenez–, Lasarte-Orian ere sortu dute greba batzordea hainbat eragilek. Bihar egingo dute agerraldi publikoa, Antonio Mercero gunean, 19:00etan. 

Horren harira, bilera informatiboa eta argazki masiboa egin zituen Lasarte-Moria mugimendu feministak joan den asteko larunbatean, Antonio Mercero gunean eta Okendo plazan, hurrenez hurren.