Urtarrilaren 30eko greba prestatzeko bilera egin du Lasarte-Moriak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 18a, 19:13

Mercero gunean elkartu dira hainbat lagun eta bileraren ondoren argazkia egin dute Okendon. Greba orokorra feminista izango da leloa aukeratu du mugimendu feministak bere aldarripakenetarako. 

Lasarte-Moria talde feministak bilera egin du goizean hilabete amaierako greba orokorra prestatzeko. Lehenik, protestaren nondik norakoak eta arrazoiak azaldu dituzte. Alegia, ekintza pentsiodunek duela bi urte abiarazitako elkarretaratze nahiz manifestazioetan duela sorburua eta Karta Sozialeko eragileek jauzi koalitatibo bat egin nahi izan dutela, pentsioez harago, protestarako beste arrazoi batzuk ere baitaude.

Bizitzaren sostengagarritasuna zalantzan jartzen duen prekarietateak lan mundua gainditzen duela sinetsita, hainbat borrokaren konfluentzia da greba eta kolektibo bakoitzak bere aldarrikapen taula osatu du. Azken urtetako martxoaren 8ko grebak bezala, enplegu eremua gaindituko du, protesta eredua bera ere zalantzan jarrita.

Lau ardatz ditu grebak: enplegua, zaintza, kontsumoa eta pentsiodunak, langabeak zein ikasleak. Horietan guztietan zer aldarrikatu adostu nahi dute feministek, baita egunean bertan egingo diren jardueretan nola parte hartu ere. Esaterako, besoko moreak jantzi eta amantalak leihoetan zintzilikatzeko asmoa dute. Ez dute lehen bilera honetan erabakirik hartu, baina gogoetaren lehen urratsak egin dituzte.

Lasarte-Orian greba batzorde bat sortu da urtarrilaren 30eko ekintzak antolatzeko. Astelehenean 19:00etan elkartuko da kultur etxean, eta ostegunean, Mercero gunean. Halaber, agerraldia egingo dute asteazkenean grebara atxikitzeko deialdia luzatzeko.

Greba feminista izango da leloa aukeratu dute euren aldarrikapenak biltzeko eta hura duen pankartaren atzean jarrita argazkia egin dute bilera irekia amaitzean.