Iruñeko Udalak bertan behera utzi du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 16:31

BERRIA eta Gara kazetek argitaratutakoaren arabera, Iruñeko Udalak "kontratu irregular" bati egozten dio hiru pailazoen emanaldia bertan behera utzi izana. "Aurreko gobernuak ez zituen gauzak ongi egin". Agintean egon zen alderdietako bateko kideak, EH Bilduko Maider Belokik, erantzun du "aitzakia" dela hori. Prentsaurrekoa egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñeko Katakrak liburu-dendan, astelehenean, 17:30ean.

Iruñera joatekoak ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak azaroaren 29an, beraien azken disko-liburua aurkeztera, Bizi dantza. Hiri horretako udalak, ordea, bertan behera utzi du haien ikuskizuna, "kontratu irregular bat" tarteko, BERRIA eta GARA kazetek emandako informazioaren arabera. Kultura eta Berdintasun zinegotzi Maria Garcia-Barberenak (Navarra Suma) adierazi du aurreko gobernuak ez zuela prozedura "behar bezala" bete. EH Bilduko Maider Belokik erantzun dio "aitzakia" dela hori, eta espedientea "ezkutatuta" daukala gaur egungo gobernuak.

Prentsaurrekoa emango dute hiru pailazoek eta Iñigo Santxo abokatuak datorren asteko astelehenean, hilak 18, Iruñeko Katakrak liburu-dendan, egoera zein den esplikatzeko. Bideo bat ere igo dute euren YouTubeko kanalera (Katxiporreta):

Azken lana, 'Bizi dantza' 

Joan den asteko ostiralean aurkeztu zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek beraien azken lana: Bizi dantza disko-liburua, Jalgi Kafe Antzokian. Lepo egon zen. Euskal dantzan oinarritu da hirukotea oraingoan; aztertu dute nola eragiten duen horrek norbanakoengan eta euskal kulturarengan. Xabier Zabalak musikatu du lana; Leire Bilbaok idatzi ditu testuak; eta Maite Mutuberriak ilustratu du liburua. Gainera, Ordiziako eta Idiazabalgo haurrek euren ahotsak jarri dituzte.