Bizi pozez bete dute Jalgi Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoek

Maitane Aldanondo 2019ko aza. 8a, 19:27

Hirukoteak bere lan berria, 'Bizi dantza', jendaurrean aurkeztu du gaur arratsaldean, haurren gozamenerako.

Arratsaldearen hotza atzean utzita, harrera bero eta goxoa egin diete herriko haurrek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. Hirukoak Bizi dantza azken lana aurkeztu du lepo zegoen Jalgi kafe antzokian. 17:00etan zuten hitzordua. Geltoki kaleko sarrera igarota aurrera egitea ezinezkoa zen, ordua baino lehen haurrek eta gurasoek txoko guztiak hartuta zituzten. Aulkietan, besoetan edo sorbalda gainean oholtzara begira zeuden txikiak. 

Hasi aurretik, talde argazkia egin dute oholtzatik, jarraian, azalpenen unea heldu da. Oholtza gainean ere ez dira bakarrik egon pailazoak, diskoan lan egin duten kideak izan dituzte alboan: hitzak sortu dituen Leire Bilbao idazle bizkaitarra, doinuak konposatu dituen Xabier Zabala, eta pailazo bihurriak marrazki bilakatu dituen Maite Mutuberria ilustratzailea. Abestietan, gainera, Idiazabalgo eta Ordiziako haurrek beraien ahotsa jarri dute. 

Askari berezia izan da haurrentzat eta kosta egin zaie isilik egotea.  Katu bi eta Marmoka dantza bideoklipak ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek. Haurretako batzuek azkenari jaramon gutxi egin diote, aulki artetik eta azpitik pasata, agertokira bidea hasi baitute. Txikiek  ez dute pailazoekin argazkia egiteko aukera galdu nahi izan eta pailazoek ez dute inor atsekabetu, denei tartea eginda. 

Dantza, ardatz

Euskal dantzen tradizioari begiratu diote oraingoan, dantzak euskal kulturan eta norbanakoengan duen eraginari erreparatuta. Gai ugari landu nahi izan dituzte: feminismoa, maitasun askea, hizkuntzak, ekologia... Fabula baliatu dute eta animalia bilakatu dira hiru pailazoak: Porrotx, oilarra, Pirritx, astoa, eta Marimotots katua. 

Disko bikoitza da. Bizi dantza osatzen duten hamahiruna abesti eta kantukontuekin batera, Irri dantza diskoa doa opari, pailazoen beste hainbeste kanta eta lagun esanguratsuekin grabatutako Irri Irratiko pasarte biltzen dituena.