Joxe Mari Agirretxe, Porrotx: "Lasarte-Orian gertatutakoa itsasargi bat da mundu osorako"

Adrian Garcia 2018ko urr. 5a, 14:00

Lasarte-Oria euskalduntzeko lanean hasi zen Agirretxe orain 35 urte. Lortutakoari buruz hitz egin du TXINTXARRI-rekin. Bihar aurkeztuko du 'Musua', herrian bertan

Hamaika proiektu eta saltsatan murgilduta bizi da Joxe Mari Agirretxe (Lasarte-Oria, 1964), buruari etengabe eragiten.  Ekintzaile nekaezina, orain dela 35 urte hasi zen, beste batzuekin batera, herria euskalduntzeko lanetan. Olentzeroz jantzita hasieran, pailazoz gero, haren jardunak aspaldi igaro zituen Lasarte-Oriako mugak, Euskal Herriko gaztetxoei gizarte gaiak  balore hezitzaileetan transmititzeko. Musua disko berriaren aurkezpena izan du buruan egunotan; herrian bertan aurkeztuko dute, bihar, larunbatean, Jalgi tabernan. Arratsaldean, berriz, Borobilean-en azken ikuskizuna emango dute, Jalguneko kideekin batera. "Lekukoa pasako dugu". Agenda beteta eta eskuko telefonoa joka eduki arren, tartetxo bat atera du TXINTXARRI-rekin hitz egiteko. 

Lasarte-Orian disko aurkezpena eta aurrekoaren azken ikuskizuna. Berezia izango da zuentzat herrian egitea trantsizio hori, ezta? 

Oso berezia, gainera Jalguneko gure lagun kuttunekin egingo dugu. Beste askotan ere lagundu digute, asko ikasten dugu haiengandik. Borobilean joan zaigu. Munduan bidegabekeria asko daude, baina Amona Josefinak dioen bezala, mundua borobil txikiak eginez konpondu dezakegu. Borobilean eseri eta elkarri begietara begiratuz, sentimendu eta emozio horiek guztiak partekatu behar ditugu, ezinak eta minak bideratzeko. Poliki-poliki arazo potoloagoak konpontzera ausartu gaitezke, eta noizbait iritsiko gara mundua konpontzera.  

Borobilean badoa. Zer dator orain? Nolakoa da Musua?  

Muxu bero bat da, horregatik da mu-sua. Musua eman nahi diogu gure kulturari eta naturari, elkarren arteko harremana oso gertukoa dutelako. Kultura sortzen da bizi duguna behatuz, gozatuz eta amestuz. Bizi dugun hori natura ere bada; pega-pega  bizi gara, elkarrekin. Harreman horretan sortu ditu gizakiak kantuak, dantzak, errituak, eraldatzeko dauden tradizioak... 

Naturarekin lotutako tradizio asko daude Euskal Herrian.  

Musua ematen diogu lurrari Santa Agedan, oles eginez makilarekin kolpatuz neguko hotzetik esnatu dadin; Musua ematen diogu inauterietan gure joaldunei, haien joaleak astindu ditzaten izpiritu txarrak eta zomorroak uxatzeko; baita Miel Otxini, txantxoei eta Ziripoti ere; Musua ematen diogu udako solstizioari sanjoanetan, suaren inguruan dantza egiteko; Musua Animen gauari, Olentzero eta Mari Domingiri. Azken finean, Musua kulturari eta naturari. 

Laguntzaile asko izan al dituzue diskoan?

Batetik, Leire Bilbao poetak egin ditu hitzak. Guk azaldu genion zer nahi genuen, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Maite Mutuberria gazteak egin ditu ilustrazioak, eta Xabier Zabalak musika. Disko honetan du oinarria datorren urteko ikuskizunak; prestatzen ari gara momentu honetan. 

Bi disko datoz Musua-ren liburu diskoan.  

Familia milakolore, gure abestien bilduma bat, oparitzen dugu diskoan. Familia ardatz hartuta hamabi gai hartu ditugu, eta Miren Amurizak espresuki eginiko zortzi ipuintxo txertatu ditugu abestien artean. Kasu honetan, Txakur Gorria taldeak egin ditu ilustrazioak; tartean dago Ane Labaka herritarra. 

Hain zuzen, naturarekiko harreman hori bat dator gaurkotasunarekin; herri ondoan ari dira eraikitzen proiektu arriskutsu asko.  

Mundua itsusi dago. Gerrak, okupazioak eta hesiak daude nonahi. Baina urrutira joan beharrik ez dago: Zubietan erraustegia, kartzela eta armadaren kuartela eraiki nahi digute. Beste okupazio bat da hori. Handiek oso erraza dute Zubieta bezalako herrixka bat zanpatzea, haien eta ingurukoen iritziak kontutan hartu gabe. Gainera, lurrari eta naturari min egiten diote proiektu horiek. 

Zuek pailazoek askotan landu duzue birziklapenaren gaia.  

Pentsatzen dugu beste jarrera batekin landu beharko genukeela hondakinen kudeaketa. Gero eta hondakin gutxiago sortu, gero eta hobeto. Sortzen direnak berrerabili eta birziklatu behar dira, zero zabor politikara hurbiltzeko. Arduratsu jokatu behar dugu horretan, haurrengandik hasita, baina baita gazte eta helduek ere. Txikitatik hezi eta hazi behar dugu arduran, inguruarekiko errespetuan. Azken finean, natura maitatzea geure burua maitatzea da. Musua-k hori esan nahi du: maitasun keinu bat da gure naturarekiko, eta hausnartzeko dei bat, ingurua zaindu dezagun. 

Ez zen kasualitatea izango Borobilean-en DVDa Zubietako Eskola Txikian grabatzea. Zer moduz joan zen?   

Oso ondo. Grabatu bakarrik ez, umeekin lanketa ere egin dugu. Abestiak, gidoiak, koreografiak eta grabaketak nola egiten diren ikasi dute, irakasle eta adituekin batera. Lau hitzaldi eta solasaldi izan genituen prozesu guztia ezagutu zezaten, eta ondoren egin genituen grabaketak. 

Zergatik eskola txikian? 

Euskal Herria eta gure hizkuntza ere txikiak dira. Agian horregatik,  errazago enpatizatzen dugu geu bezala txikiak direnekin, eta korrontearen aurka izokinen moduan borroka egiten dutenekin. Munduaren beste ikuspegi bat dugu txikia garenok, hizkuntza eta kultura txikia dugunok. Eskola txikia izanik, eskaintzen du beste goxotasun bat, dena masifikatuta dagoen garaiotan.

Orain hiru hamarkada hasi zineten lanean. Hasieran Lasarte-Oria euskalduntzen. Zein egoeran zegoen orduan herria?  

Orain dela 35 urte Lasarte-Orian ez zegoen udalik ere, behin-behinekoa zegoen. Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun euskara talde bat bazegoen; bertara hurbildu ginen gu [Agustin Mujika Takolo-rekin batera], herrian dena egiteko zegoelako. Garai hartan haurren %80k ez zuen eskolan euskaraz ikasten, eta kalean ere ez zen hitz egiten. Zenbat euskaldun ginen ere ez genekien. 

Pailazo bihurtu aurretik Olentzero zineten, ezta?

Olentzero antolatzen hasi ginen orduan. Ordura arte ikastolarena bakarrik zen. Helburua zen ikastetxe guztietara zabaltzea, eskola orduetan ume guztiak joan zitezen. Lortu zen hori. Eskoletan ezagutza bermatuta zegoenean, orduan kalera atera genuen. Eta orain 24ean arratsaldez egiten da, herri guztiarentzat. Baina prozesu luzea izan zen hori. 

Euskararen lehenengo maratoia ere garai horretakoa da. 

Euskara eta alaitasuna batu nahian jaio zen pailazo taldea; ikasgaitik harago, euskara zerbait alaia izan zedin umeentzat. Ikus zezaten kalean ere bazuela presentzia. 1986an izan zen lehen euskararen maratoia. Bilera informal eta emankor batean, sagardo eta txistorra tartean, Takolok esan zuen Euskararen Maratoia 40 Ordu Euskaraz egin behar genuela, jakiteko zenbat euskaldun geunden Lasarte-Orian. Oholtzara igotzen zen bakoitzari itsasgarri bat jarri, eta 1.200 pasatxo zenbatu genituen. 

Atzera begiratuta, lorpen handiak egin dira Lasarte-Orian. 

Garai hartan eskualdeko ahate itsusia ginen. Baina beharra dagoenean lan egiten da. Jabetu ginen euskarak aurrera egiteko eremuak konkistatu behar zituela. Gaur egun euskara zerbitzu indartsu bat dugu udalean; ikastetxe guztiak D ereduan daude; AEK eta udal euskaltegia helduak ari dira euskalduntzen; Mintzalagun kuadrilla ederra dugu; 25 urte bete berri dituen herri aldizkariak astero argitaratzen du; Bertso Eskola; Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola; Xumela abesbatza; Dinbi Banda batukada; Literatur Txokoa; Ipar Martxa; Plaza Dantza dago astero; Ttakunek ume eta gazteentzat programa mordoa ditu: Kuadrillategi, Gazte Kluba, Eskola Kirola... Eraldaketa indartsua jasan du herriak. Halere, sekula ez diogu utzi hausnartzeari; duela bi urteko maratoian ahobizi eta belarriprest martxan jarri ziren, orain Euskal Herri osoan zabaldu dena. 

TXINTXARRI zuen garaikoa ere bada. 25 urte bete ditu aste honetan. 

Izugarria da etxe guztietan txintxarri bezalako bitarteko bat jasotzea, gure herriaren berri euskaraz izatea.  

Eredugarria izan al daiteke Lasarte-Oria beste hizkuntza gutxituentzat?  

Lasarte-Orian egin dena, eta oro har, Euskal Herrian gertatzen ari dena, mundu mailan itsasargi bat da gu bezala txikiak diren hizkuntza eta kulturentzat. Pailazook dugun poza da bidaide izan garela itsasontzi eder honetan. Herri honetan euskalgintzak eta pailazoek bide berbera eraman dugu; beti bultzatu dugu alaitasuna, euskara eta baloreak. Hezten ari gara gure herria eta gure ingurua. 

Herrigintza eta euskalgintza errotuta daude Lasarte-Orian. Euskara elkarte batek babesa ematea garrantzitsua da haientzat, ezta? 

Bai, baina arazo bat dago. Garrantzitsuak diren tresnak eta dinamikak ohikotzat jotzen ditugu, eta iruditzen zaigu horiek beti egongo direla hor, normala dela haien jarduna. Guk Euskal Herria goitik behera zeharkatzen dugu urtero, eta distantzia pixka bat hartuta, Lasarte-Oriako kultur elkartea eta herrigintza itsasargiak dira Euskal Herri osoarentzat. Gauza horiek zaindu behar dira; herritarren partetik, baina baita erakunde publikoen partetik ere. Txokoekin eta jaietan gertatu dena ez zait gustatu. Ez dakit pailazooi dagokigun hori esatea, baina oso itsusia da herrian dagoena ez baloratzea. 

Euskara atsegingarri egitea izan da beti zuen filosofia. Beste baloreak transmititzeko ere umorea erabiltzen duzue. Hori al da pailazoen arrakastaren giltza? 

Gu esketx klasikoak egiten hasi ginen: arrautzak puskatzen genituen. Berehala konturatu ginen erreferenteak ginela, umeek ere arrautzak puskatzen zituztela etxean. Pentsatu genuen sudur gorriak izan zitezkeela baloreak transmititzeko tresna egokiak. Kultura aniztasuna, Familia milakore, Bizipoza,Ttipi-ttapa korrika, umeen esplotazioa, baserria, amalurra... denetariko gaiak lantzen ditugu urtero. Sudur gorriak eta umorea  mundua interpretatu eta eraldatzeko tresnak dira. Margotu dezakegu etorkizun amestu bat, modu alai batean. Arrakastatzat jo badaiteke gure ibilbidea, giltzarria da alaitasuna. Goxotasuna partekatzen dugu; muxuak, besarkadak... 

Gaixo dauden haurrekin lan handia egiten duzue. Valentzian egon zara egunotan, Julen bisitatzen.  

Bizkaitarra da eta 21 urte ditu. Bihotz arazoekin jaio zen. Txiki-txikitatik izan genuen harremana. Bi urte zituela konplikazio bat izan zuen, eta koman sartu aurretik "Takolo, Pirritx eta Porrotx" hitzak ahoskatu zituen.  Izebak lortu zuen gure telefonoa, eta Bizkaira joan ginen egun batean, Pirritxek eta Porrotxek oholtza prestatu bitartean, Takolo ospitalera joan, gelan sartu eta gitarrarekin hitz egiten hasi zen. Bada, umea esnatu egin zen. Orain transplante baten zain dago, Valentzian. Bisitan joan ginen, elkarri indarra emateko. 

Zuek haiei bai, baina ume horiek ere indar asko transmitituko dizuete, ezta?  

Errealitate gordin horiek bizi dituzten haur eta senideak ezagututa, umorearen begirada aldatu zaigu.Takolok Julen esnatu izana erakusten du sudur gorriak duen indarra. Txiste, barre, algara, esketx edo parranda bakarrik ez. Umorea ere bada bizitzan ekiteko modu bat. Irribarrez eta baikor jardutea  ezinbestekoa da beste mundu bat lortzeko. Guretzat Aspanogi eta beste elkarteak ezagutzea aberasgarria izan da. Hain zuzen, haien 20. urteurrena ospatuko dugu urrian. Oso berezia izango da.  

Lasarte-Orian ere egongo dira horrelako adibideak. 

Bai, ez da urrutira joan behar. Jalgune ezagutzen dut barrutik, elkarteko partaideak eta begiraleak. Eta taldearen aniztasuna itzela da. Sinestezina da egunerokotasunean erakusten duten errespetua, elkartasuna, maitasuna eta elkar zaintzeko ardura. Gizartearentzat eredugarriak dira. Jalgunek beste begirada bat eman digu, pertsona horien indarra, ilusioa eta eskuzabaltasuna erakutsi dizkigu. Horrek bete egin gaitu, eta gure nortasuna ere aldatu du. 

Hiru hamarkadaz aritu zara gaztetxoekin batetik bestera. Orain asko ikusten dira eskuko telefonoari itsatsita, elkarren artean batere hitz egin gabe. Nola aldatu dira haurrak pailazogintzan jardun duzuen urte horietan guztietan?  

Haurrak beti dira irudimentsuak, jolastiak, irekiak... Guretzat eredu bat dira. Haiek ez dira aldatu. Mundua aldatu da, helduok aldatu gara. Gu txikiak ginenean Lasarte-Orian ez zegoen autobiarik, eta auto gutxi pasatzen ziren. Telebistarik ere ez zegoen. Kalean jolasten genuen, irudimena erabiltzen. Orain saltoki handiez inguratuta gaude.  Aisiarako gune bihurtu dira, gainera. Telezaborra oso handia, sare sozialetan mugarik ez dago. Horregatik, orduan ez bezala, orain behartuta gaude alternatibak sortzera, euskaratik, herrigintzatik eta baloreetan oinarrituta.