Dena prest estreinaldi ofizialerako

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urr. 24a, 17:37

Lasarte-Oria Bai! krosaren historian aurrenekoz, ipar martxa modalitateko lasterketa jokatuko da igandean. "Ilusioz gainezka" daude Ostadar Ipar martxako kideak. Iazko froga arrakastatsua eta gero, izen-emateak zabaltzea erabaki dute. 50 pertsona baino gehiagok izena eman dute kirol ekitaldirako.

Ostadar SKTk urtero aldatzen du krosaren kamisetaren kolorea. Gorria izan zen iazkoa; aurtengoa, berriz, urdina. Elastikoari so eginez gero, berrikuntza gehiago ikus daitezke bularraldean. Hizki gehiago serigrafiatu dituzte, beste lasterketa bat gehiago jokatuko delako igandean: Ipar Martxa modalitateko lehenengo edizioa. Iazko froga "ederki" irten zela nabarmendu dute Ostadar Ipar Martxaren arduradun Rosa Ormazabalek, Junkal Perezek eta Alex Ramosek. Arrakasta horrek hauspotuta, erabaki dute izen-ematea irekitzea eta parte hartu nahi duten guztiei kros herrikoia barrutik bizitzeko aukera ematea. "Ilusioz gainezka gaude iganderako".

50 pertsona baino gehiagok izena eman dute lasterketarako. Ez da zifra batere txarra. Izan zitekeen are hobea, Ormazabalen hitzetan: "Donostiako Katxalin frogarekin bat egingo du krosak; horrek eragingo du jende ugarik proba horretan parte hartuko duela". Dena dela, "pozik" dago, astero-astero Ostadar Ipar Martxan aritzen diren herritarrek gogotsu hartu dutelako probaren prestaketa. Pasa den asteazkenean egin zuten azken entrenamendua. "Aurreko saioetan kosta zitzaigun kroseko ibilbidea San Silvestre probakoarekin ez nahastea, baina dagoeneko neurria hartu diogu". Bost kilometro izango ditu luze ipar martxalariek bete beharreko bideak. Geltoki kaletik abiatuko dira, gainontzeko kirolari guztiak bezala. Kale Nagusira iritsiko dira, eta ibai ondotik buelta eman gero. Helmugara iritsi baino apur bat lehenago elkartuko dira berriro korrikalariekin: Michelingo zuzengunean. "Pibote batzuk jarriko dituzte gure gunea eta lasterkariena bereizteko eta istripuak saihesteko", jakinarazi du Junkal Perezek. "Lasterketa errepidetik egin ahal izatea ederra da; asko errazten du horrek gure jarduna". Konpetitu egingo dute martxalari batzuek; besteen erritmoa ez da izango horren azkarra. "Gozatzea izango da haien xede nagusia".

"Lorpen handia" da krosaren egunean lasterketa propioa edukitzea Ostadar Ipar Martxako arduradunentzat. "Egun oso berezia izango da igandekoa; lasarteoriatarrentzat ikaragarria da herriko lasterketan parte hartzea", adierazi du Rosa Ormazabalek. "Krosa emozioa da". Duela 5 urte murgildu zuten kirol diziplina hori herrian, eta, urtetik urtera, gero eta pertsona gehiago animatu dira makilak hartu eta ipar martxa nola egin ikastera. Astero elkartzen dira entrenatzeko, eta hilabetean behin irteera bat egiten dute. Ikasturteko lehenengoa Valderejoko Parke Naturalera eginikoa izan da, irail bukaeran. Hainbat kilometroz kirola egin ostean, Añanako gatzagetara joan ziren arratsalde pasa. "Ikaragarri gustatu zaie plana herritarrei; datorren urtean errepikatuko dugu". Azkeneko bi urteetan, bidaiak egin dituzte Aste Santuan: iaz, Menorcara; Gironan izan dira aurten.

Alex Ramos, Espainiako Kopan

Krosaren egunaren bezperan, larunbatez, Espainiako Kopan parte hartuko du Alex Ramosek. Donostian ariko da, Miramonen. 11 kilometroko ibilbidea osatu beharko du herritarrak, zirkuituari pare bat itzuli emanez. 16:00etan hasiko da kirol ekitaldia. Igandeko lasterketan ere parte hartuko du, baina laguntzaile modura.

Bi urte darama diziplina horretan konpetitzen Ramosek. Lana eta familia tarteko, ez dauka denbora gehiegi, baina ahal duenean gustura hartzen ditu makilak, eta lehiatu. "Kirola egitea gustuko dut". 75. Zumaia Flysch egin zuen duela hilabete batzuk, esate baterako. 350 bat kirolari federatuk parte hartu dute gisa horietako probetan aurten. Espainiako Kopaz gain, sailkapen probak eta Espainiako Txapelketa joka ditzakete ipar martxalariek, estatu osoan zehar.

Erlazionatuak