Nordic Walking Girona taldeko 25 kide etorriko dira asteburuan herrira, krosean parte hartzera eta Ostadar Ipar Martxako kideekin egun batzuk pasatzera. "25 gatoz, pertsona gehiagorentzat tokia ez dagoelako ostatuan", aipatu du Cristina Borras Ferrek, talde horretako arduradunak. "Irrikitan gaude Lasarte-Oria eta inguruak ezagutzeko".
Borrasek duela lauzpabost urte ezagutu zuen Rosa Ormazabal, Ostadar Ipar Martxaren sortzaileetako bat. Harreman gero eta estuagoa egin dute. Aste Santuan Gironara joan ziren hainbat herritar, egun batzuk pasatzera eta Kataluniako hiri hori ezagutzera. "Sinergia ikusgarria" sortu da bi taldeen artean. "Bisita guk egingo diegu orain. Ea zer moduz doan: espero dugu 2020an bueltatzea". Gironako talde hori 2012an sortu zen. Astero-astero 400 bat pertsona aritzen dira makilekin. "Gozatzea eta tokiak ezagutzea dira helburu nagusiak".