Erabaki ugari ordubetean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urr. 16a, 10:16

Taxien tarifak 2020. urterako, SAVIA fundazioaren mozio bat, larrialdi klimatikoa, Lasarte-Oriako mugikortasuna eta Katalunia. Gai horiek jorratu dituzte udal korporazioko kideek urriko ohiko udalbatzarrean.

Laburra baina mamitsua izan da urriko ohiko udalbatzarra: bost gai jorratu dituzte korporazioko kideek. Lehenik eta behin, datorren urterako taxien hiri-tarifak onartu ditu udalbatzarrak, aho batez. Tania Rodriguez zinegotziak (Elkarrekin Lasarte-Oria Puede) ezin izan du saiora joan.

Mugikortasunari buruz aritu dira gero. EAJk eraman du gaia pleno aretora. "Urrats handiagoak" egiteko eskatu dio udalari Jon Antxordoki bozeramaileak, barne-mugikortasuna "hobea" izan dadin. Besteak beste, eskatu dio erdigunea ixteko proba pilotu bat martxan jartzeko, asteburuetan autoak bertatik igaro ez daitezen.

Agustin Valdiviak (PSE-EE) erantzun dio "oso oinarrizkoa" dela mozio hori; aurka bozkatu du alderdi sozialistak. Berdinketa zegoenez, alkateak kalitateko bozka erabili du EAJren proposamena ez onartzeko. Mozio alternatibo bat prestatu eta aurkeztu du segidan Valdiviak; instituzio publikoei zenbait konpromiso hartzeko eskatzeaz gain, aipatu du mugikortasun plan bat egin behar duela Lasarte-Oriako Udalak. Horren alde bozkatu du EH Bilduk, "koherentziagatik", Jon Martinek azaldu bezala. "Jasotako puntu asko guk ekarri izan ditugu plenora; onak dira herritarrentzako". Dena dela, aipatu du "susmagarria" dela "sozialisten jarrera aldaketa". EAJk, aldiz, aurka bozkatu du. "Kalitateko botoa erabili du alkateak guk proposatutako neurri zehatz eta errazei ez ekiteko". Antxordokik adierazi du sozialistek ez dutela Lasarte-Oriarentzat "neurri argirik" planteatzen: "Beste administrazioei eskatzearekin ez da nahikoa; gauzak egin behar dira".

SAVIA fundazioak aurkeztutako mozio bat aztertu dute segidan. Elkarte horrek eskatu dio udalbatzarrari Etorkizuneko Belaunaldien Defendatzailea izeneko instituzioa sortzea. Bozkatu, eta onartu egin dute.

Kataluniako egoera hizpide 

Mozio bat eraman du sortu berri den Kataluniarekiko Elkartasun Taldeak pleno aretora, Auzitegi Gorenak ezarri dizkien kartzela-zigorrak zenbaterainokoak izango diren ezagutu berri duten buruzagiei elkartasuna adieraziz.

Alde bozkatu dute oposizioko alderdi guztiek, eta aurka PSE-EEk. Berdinketa. Alkateak kalitateko bozka erabili du beste behin, mozioa ez onartzeko. Epaia "onartezina" dela adierazi du Martinek. EH Bilduk estelada bandera atera du mahai gainera, eta "elkartasun besarkada bat" bidali epaituei. "Ez dago eskubiderik".  EAJk adierazi du ez zaiola ongi iruditzen "horrelako gai serio bat" kalitateko bozka bidez erabakitzea. PSE-EEk esan du hori dela jarraitu beharreko prozedura eta Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen duela.

Larrialdi klimatikoari buruz hitz egin dute gero. Mozio bat sartu dute urgentziaz EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek. Ez da aurrera atera. PSE-EEk eta EAJk mozio alternatibo bat aurkeztu dute; euren aldeko bozkekin –11, guztira– onartu dute proposamen hori.