Kataluniarekiko Elkartasun Taldea sortu dute

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 3a, 12:30

Katalunian gertatzen ari denarekin "kezkatuta", elkartu eta herritarrei zein espetxean dauden agintariei elkartasuna adierazteko taldea sortu dute herritar batzuek. Gai horrekiko Lasarte-Orian dagoen "egonezina" adierazi nahi dute, eta mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu. Mozioa aurkeztuko dute urriaren 14ko ohiko udalbatzarrean, astelehenez.

Katalunian independentzia erreferenduma egin zutenetik bi urte bete dira asteon. Espainiako Estatuak bortizki erantzun zuen: segurtasun indarrak bidaliz eragotzi nahi izan zuen galdeketa, boto-emaileak kolpatuz. Atxiloketa ugari ere egin zituen. Kataluniako legebiltzarreko eta gobernuko kideen aurkako epaia urriko lehen hamabostaldian espero da. 

Kataluniako egoerarekin "kezkatuta" daude hainbat herritar; Kataluniarekiko Elkartasun Taldea sortu dute. Helburu ugari dituzte: gai horrekiko Lasarte-Orian dagoen "egonezina" adierazi nahi dute; antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak; eta urriaren 14an, astelehenez, mozioa aurkeztuko dute ohiko udalbatzarrean. "Harreman estua dute hainbat lasarteoriatarrek Kataluniarekin; kezkatuta daude han jazotzen ari denarekin". Lasarte-Orian bizi den kataluniar batek, Marc Bagesek, eman zituen azalpenak atzo arratsaldean, Okendo plazan. 

Kataluniako independentzia prozesuaren inguruko zenbait zertzelada eman zituen Bagesek: "Gizarteak eta bertako ordezkari politikoek 2012. urtean ekin zioten independentzia eskuratzeko bideari; jendartearen mobilizazioa baketsua eta eredugarria izan da". Kataluniako Elkartasun Taldeko kideek uste dute "gogorra" izango dela agintarien aurkako epaia, besteak beste, fiskaltzaren eta epaileen jarreragatik. "Kartzelan mantendu dituzte guztiak orain arte". 

Mozioa udalbatzarrean

Lasarte-Oriako korporazioak urriaren 14an egingo du hurrengo ohiko saioa, astelehenez. Mozio bat aurkeztuko dute Kataluniako Elkartasun Taldeko kideek egun horretan. Konpromiso batzuk hartzea galdegingo diote udalbatzarrari: Kataluniako gatazkari konponbidea topatzeko bide poliziala eta judizialari uko egitea; Espainiari eskatzea bertan behera uzteko errepresio-estrategia; Kataluniarrei elkartasuna adieraztea; epaia publiko egiten denean estelada bandera jartzea; eta herritarrei dei egitea epaia deitoratzeko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzera.

Herritarrek ere badute zeregina: "Torredembarrako biztanleek beti hartu gaituzte beso-zabalik; balkoietan estelada jarriz eta mobilizazioetan parte hartuz erantzun nahi diegu".

Erlazionatuak