Esti Amantegik (Lasarte-Oria, 1973) ia hamarkada darama Atsobakar zahar etxean zaintzaile lanetan. Une zailak bizi dituzte, azarotik greban baitaude. Lanuzteen alde egin zuten, patronalak urtebetez uko egin ziolako negoziatzeari; gerora ere ez du hizketarako asmo gehiegi erakutsi. Zailtasunak zailtasun, protestari eusten diote eta euren aldarrikapena kalera aterako dute martxoaren 8an.
Zaintza lanean diharduzu. Nolakoa da zure lana? Zein baldintzatan aurrera eraman behar duzue?
Bederatzi urte daramatzat Atsobakarren zaintzaile lanetan. Aukeratutako lana da, gustuko dut; baina egiten oso zaila da. Baliabideak falta dira, langile gutxi gara ditugun erabiltzaile ratioentzat, ozta-ozta gabiltza zerbitzua emateko... Horrela ezin dugu zerbitzu on bat eskaini, nire ikuspuntutik.
Zergatik uste duzu horren baldintza kaxkarrak dituzuela?
Oso lotuta dago zaintza emakume sektorea izatearekin; feminizatuta dago. Atsobakarren gehienak hala gara. Zaintzan, zuzenean, denak emakumezkoak gara; gizonezkoak dira mantenukoa, ikuskatzailea eta harrerako langileetako bat. Uste dut hala dela, zaintza lana izanda ere, beti ikusi delako soldata osagarria bezala, ez familiaren oinarria den ordainsari gisa.
Etxetik kanpo zaintzaile izateaz gain, etxe barruan ere lan hori zure ardura al da?
Zama horren gehiena emakumeok dugu. Kulturalki emakumeak bideratzen gaituzte zaintza gure gain hartzera: gaixoak, zaharrak, umeak... Ni ama naiz, beste ama baten lanaldi murriztapena ordezkatzen dut, eta amatasunarekin bateratzen dut lana. Sektore honetan gehienak ama gara. Adin bat dugunon gurasoak ere zahartzen ari dira, eta karga hori hartzen dugu. Haurrak utzi eta gurasoak hartu. Emakumeon ardura izan da beti zaintza; beste arlo batzuetan, metalurgian adibidez, gehienak gizonak diren bezala.
Eta gizartean zainketa lanak balioesten al dira?
Ez. Zaintzari ez zaio batere garrantzirik ematen. Gure kasuan, greban ari gara, eta hitzarmen bat sinatu gabe daramatzagu bizpahiru urte. Momentuz inork ez du asmorik gurekin eseri eta akordio bat negoziatzeko. Beste sektoreetan, ordea, beste jarrera bat ikusten dugu patronalaren aldetik; presiorako gaitasun gehiago dute langileek.
Zuen borrokari dagokionean, zein puntutan zaudete?
Greba azaroan hasi genuen.Ordurako patronalak urtebete zeraman negoziazio mailan esertzeari uko egiten. Orain badirudi zerbait aurkeztuko duela, baina eskatzen dugunetik oso urruti. Gatazkak luze joko duela dirudi.
"Kulturalki bideratzen gaituzte zaintza gure gain hartzera: gaixoak, zaharrak, umeak..."
Zein da patronalaren proposamena?
Gipuzkoako hitzarmenetik abiatu nahi zuten. 2008. urtekoa dela uste dut; eta ez du zerikusirik enpresa hitzarmenarekin. Sindikatuek ezetz esan zuten, eta ez dakit zehazki zertan den azken eskaintza.
Eta, aldiz, zuen aldarrikapena?
Soldata taulak eta ratioak. Batez ere, ratioak. Oso garrantzitsuak dira guretzat. Duen menpekotasunaren arabera, pertsona bakoitzarekin zenbat denbora egon behar dugun zehazten dute. Indarrean daudenak 2007koak dira, baina pertsonen egoera asko aldatu da, profilek ez dute zerikusirik. Gainera, autonomoagoak direnentzat denbora gutxiago aurreikusten da, baina bere erritmoan egin behar dituzu gauzak, eta, askotan, mantso doaz. Egoera zaila da. Batzuetan materialik ez daukagu. Garabiak erabiltzen ditugu, baina guk mugitzen dugu jendea. Pertsonekin lan egiten dugu eta gure lan karga oso handia da.
Jarduera nekagarria izan behar du, eta ez fisikoki bakarrik.
Ez gara iristen, eta leher eginda gaude. Jendeak bajak hartzen ditu, egoera fisikoa eta psikologikoa jasanezina baita. Bata besteari lotuta dago. Neke fisikoa eta psikologikoa da. Nekatua da fisikoki, zeren kristoren lan karga fisikoa dugu, pisuak dira. Baita emozionalki ere. Familiek batzuetan ez dute onartzen senideen egoera, eta harreman zuzena dugunez, gure gain hartzen dugu beraien frustrazioa. Jakin behar duzu hori nola bideratu. Zaila da.
Nola egituratzen duzue zuen greba?
Gure gutxiengo zerbitzuak oso altuak dira. Zortzi laguntzaile ari bagara lanean goizean, batek bakarrik egiten du greba. Zuzeneko artatzea egiten dugu, hau da, dutxak, garbiketa, janaria eman eta komunera eraman; baina gainerakoa, ez. Oheak, adibidez, egin gabe uzten ditugu. Antolatu egiten gara, egunak eskatzen ditugu, denek greba egin ahal izateko, partekatzeko. Eta martxoaren 8an ere hala izango da. Atsedenaldian aterako gara eta, agian, elkarretaratzea egingo dugu, edo herrikoarekin bat egingo dugu. Gure ratioak hain gutxienekoak dira, nahita ere ezin dugula egin.
Aitortza sozialik ez duzue, presioa egiteko gaitasunik ere ez; baina, era berean, gutxiengo zerbitzuak oso altuak dira. Ez al da paradoxikoa?
Bai. hala da. Mundu paradoxikoa da. Familiek ulertzen dute, jakitun dira ez garela guztia egitera iristen, eta gurekin daude. Baina kexatzen dira. Adibidez, Aldundian kexatu eta orain harreran norbaitek egon behar du; besterik egiten ez badu ere, atea ireki eta ixteko. Behin inor ez zegoelako hesiaren beste aldera jauzi egin zutelako senideek egoitzan sartzeko. Ulergarria da, baina guri esan beharrean atera daitezela gurekin kalera. Eskatzen ari garena denontzat onuragarria izango da, bai guretzat, bai familientzat, bai aitona-amonentzat. Oso zaila da.
Feminizatutako sektorea izateagatik dela uste al duzu?
Bitxia da. Okerrago ikusia egoteaz gain, Michelinen greba egin dutenean, gizonezkoen sektorea, gu baino lehenago iritsi dira akordio batera. Zergatik ematen zaio garrantzia hori? Eurak gurpilekin lanean ari dira, eta gu pertsonekin. Emakumeak garelako al da? Ez ditugulako iskanbilak sortzen? Beste modu batera daramagulako kexa? Patronalaren gehiengoa gizonak dira, eta gu, emakumeak.
"Antolatu egiten gara, egunak eskatzen ditugu, denek greba egin ahal izateko"
Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta protesta berezirik egiteko asmorik ba al duzue?
Momentuz ez dugu ezer adostu. Atsobakar bezala kalera aterako garela pentsatzen dut. Nik egingo dut, eta nik bezala, Atsobakarren jende askok. Lasarteko mobilizazioan, ez dakit nola, baina parte hartuko dugu. Gure aldarrikapen propioa jarriko diogu egun horri.
Martxoaren 8ko grebaren zeharlerroetako bat da zaintza eta emakumezko etorkinei ere erreferentzia zehatza egiten zaie. Sektore horretan asko dira, ezta?
Ez da kasualitatea. Gainera, are zapalduagoak dira, lotuago daude. Ordezkapen bat egiteko deitu eta ezetz esanez gero, berriro deituko ez dieten beldur dira. Denok dugu, baina batez ere beraiek. Nik ezetz esateko askatasun handiagoa dut.
Zer aldatu behar da zaintza alorrean?
Lan handia dago egiteko. Lehen pausoa izan daiteke Martxoaren 8an gizonek hartzea ardura eta hori ikustaraztea. Gizonak konturatzea. Batzuetan, "lagunduko dizut" esaten dizute. Nik ez dut behar laguntza; ez dut laguntzarik nahi. Nik ez dut "lagunduko dizut" esaten, egin egiten dut. Bada, eurek, gauza bera. Guk egiten dugu, horrela hezi gaituztelako, baina batzuetan ezetz esan behar duzu, anaiak egin dezala, adibidez. Baina kosta egiten zaigu.
Zergatik egin beharko genuke greba emakumezkook Martxoaren 8an?
Arrazoi asko ditugu. Ez da zaintza bakarrik, gizartea bera da. Epaitegietan ikusten ari gara zer gertatzen ari den: La Manada, bortxaketak, erasoak... Ez da ezer gertatzen. Gizonek agintzen dute. Gure tokia aldarrikatu behar dugu. Ikustarazi egin behar da emakumeon egoera, bereziki, gure sektorean. Ama bezala, alaba bezala eta zaintza sektoreko langile gisa, are gehiago. Zaintza nire gain dago eguneko 24 orduetan.
Egungo egoera iraultze bidean, zer eska dakieke gizonezkoei?
Hasi dira umeekin parkera joaten, partidetara, eskolara eramaten... Oso ondo, euren seme-alaba ere badelako, baina horrekin egin al dute bere erantzukizunaren partea? Egunak 24 ordu ditu eta urteak 365 egun.