Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8an erakutsiko du bere indarra. Gauerdian hasiko da 24 orduko greba feminista, baina goizeko 11:00etan abiaraziko dituzte ekimenak. Karabana osatu eta herrian barrena ibiliko dira; 12:00etan, kalejira hasi arte. Grebaren ardatzei lotutako bost geldialdi izango ditu eta Kale Nagusian eserialdia eginda amaituko dute, 13:30ean.
Eguerdian, berriz, nork berak berea ekarrita bazkalduko dute Okendo plazan, 14:30ean. Jarraian, performance-a, mosaikoa eta irakurketa egingo dute. Arratsaldean, Donostiara joango dira Heteropatriarkatu kapitalistari planto! lelopean egingo duten herrialdeko manifestazioara. Antiguako tuneletik irtengo da, 19:00etan. Eguna kazeroladarekin amaituko dute, 22:00etan.
Aurretik, gaur bilera informatiboa egingo dute Emakumeen Zentro Zibikoan, 18:30ean. Bihar, berriz, argazki masiboa Okendon, 12:00etan.
Adin guztientzat
Lasarte-Oriako Udalak eta Emakumeen Zentroak ere hainbat ekimen antolatu ditu martxoaren 8aren inguruan. Ohi bezala, egunean bertan, elkarretaratzea egingo dute Okendon, 12:00etan. Prestatutako egitaraua, ordea, hori baino askoz zabalagoa da. Pasa den asteazkenetik hilaren 15era luzatuko baita.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Jesus Zaballos alkateak adierazi du "gizarteak emakumeen eskubiden alde urratsak egiten jarraitzeko" beharra. Halaber, emakumezko lasarteoriatarrak deitu zituen greba feminista babestera.
Antolatutako jarduerek berdintasuna izango dute ardatz; adin guztietako jendearteari bideratuak dira.
Txikienentzat, bi hitzordu daude. Batetik, ostegunean, martxoak 7, Sorgina Txirulinak Emakume paregabeak eta berdintasuna ipuina kontatuko die 5 urtetik gorako haurrei. Haur liburutegian,18:00etan. Bestetik, hilaren 12an, Eidabe Taldeak Mari eta gaileta fabrika antzeztuko du kultur etxean, 10:30ean. Hiru belaunaldi ezberdinetako emakumeak lotzen dituen istorioa da.
Gaztetxoei dagokienean, berriz, 12 eta 17 urte arteko nerabeek Martxoaren 8ko kartel lehiaketara aurkeztutako lanak Emakumeen Zentroan ikusgai daude, 17:00etatik 19:30era. 8 kartel jaso dituzte aurten, iazkoen bikoitza. Haiek ikusi eta boza eman nahi dutenek, hilaren 6a arte dute. Izan ere, egun horretan, 18:30ean banatuko baitituzte sariak. Irabazlea 2020 Emakumearen Nazioarteko Egunaren kartela iznago da. Erakusketari lekua hartuko dio Ruta por el empoderamiento bildumak. Lanek dibertsitate funtzionala duten askotariko alorretako emakume ezagunen irudiak biltzen ditu. Xedea errealitate horiek ezagutaraztea da.
Bestalde, gazteen artean Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoeta sustatzeko hilaren 15ean solasaldia egingo dute Gaztelekuan, 18:00etan hasita. Ikus-entzunezkoak eta eztabaida batuko dituen saioa izango da.
Publiko helduari bideratuta, hilaren 7an El sexo débil ha hecho gimnasia antzezlana, kultur etxean, 19:30ean. Alkateak emanaldia "babestu" eta kultur etxeko "aulki guztiak betetzera" deitu zituen herritarrak, bereizi egingo den antzerki taldeari urteotan egin duten lanarengatik "eskertza eta maitasuna erakusteko". Ondoren, Abend jatetxean afari herrikoia antolatu dute, 21:30ean. Izena emateko Emakumeen Zentrora deitu edo bertaratuta egin daiteke. Hilaren 9an, aldiz, IV. Zunba maratoia egingo dute Okendo plazan, 10:00etatik 13:00etara. 300 lagunek baino gehiago parte hartuko dute eta ohi baino emanaldi gehiago egongo dira. eta Hilaren 10ean, Jaunne Femme filmaren emanaldia, jatorrizko hizkuntzan azpidatziekin. Manuel Lekuona kultur etxean, 19:30ean.
Amaitzeko, hilaren 15ean, Biyak Bat erretiratuen etxean, Sexijentziak askatuz antzeztuko du Bazen Behin Clown taldeak, 18:00etan.