Ametsa errealitate bihurtu du Maialen Chourrautek

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abuztuaren 12a

"Ametsa eskuetan daukat uneotan". Maialen Chourraut herriko piraguistaren hitzak dira. Txapeldun olinpiko baten adierazpenak. Urrezko domina irabazi du gaur arratsaldean, emakumezkoen K1 modalitatean. Euskal kirolari batek bakarka irabazten duen bigarren urrea izan da gaurkoa, eta emakumezko baten lehenengoa. Eta baita Lasarte-Oriaren palmareseko aurrenekoa ere.

2016ko abuztuaren 11. Gure herriaren historian urrezko hizkiz idatzia geratuko da gaurko eguna. Urrezko domina irabazi du Maialen Chourraut piraguistak Rioko Joko Olinpikoetan, emakumezkoen K1 modalitatean. Finalerdietan aise lortu du final handirako sailkapena, eta erakustaldia eman: 98.65 segundotan burutu du jaitsiera erabakigarria, sailkapen orokorrean hiru segundoko aldea ateraz bigarren sailkatuari, Zeelanda Berriko piraguista Luuka Jones-i, hain zuzen. Jessica Fox australiarrak osatu du podiuma.

Hiru egun lehenago susto ederra hartu zuen herritarrak sailkapen probako lehenengo jaitsieran. Ate bat ez zuen zeharkatu, eta 50 segundoko penalizazioa jaso zuen. Bigarren jaitsiera hil ala bizikoa zen berarentzat, baina ez zen kikildu eta 11. postuan sailkatu zen finalerdietara. Hori zen abuztuaren 8ko helburua.

Gaurko xedea, berriz, urrezko domina. Maialenek berak askotan esan izan duen lez, hori zuen helburu, nahi eta desio, baina kanalean egin behar merezimenduak. Eta baita egin ere. Berak egin ditu akats gutxien une erabakiorrean, eta bera igo da podiumeko maila gorenera. Euskal kirolari batek bakarka lortzen duen bigarren urrezko domina izan da (Miguel Indurain txirrindulariak kolkoratu zuen aurrenekoa, Atlanta 1996ko Jokoetan), eta emakumezko kirolari euskaldun batek buruz buru poltsikoratzen duen aurrenekoa. Gure herriaren palmaresean ere lehenengo urrea da. Duela lau urte brontzea eman zigun Maialenek berak, Londresen (Nely Carla Alberto eskubaloi jokalariak ere brontzezko bat irabazi zuen). 

"Eskuetan daukat ametsa"

Egindako balentria eta gero, hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu Maialenek, pozarren. "Uneotan, nire eskuetan daukat ametsa, urrezko domina", adierazi die EiTBko lankideei. "Oraindik ez dut sinesten lortu dudana, lortu dugu gure proiektua gauzatzea, oso-oso pozik nago; familiari eskaintzen diot domina, eta baita ibilbide luze honetan lagundu nauten guztiei ere". 

Ziklo olinpiko honetan amatasuna eta entrenamenduak uztartu ditu piraguistak, 2013an jaio baitzen Ane alaba. Xabi Etxaniz entrenatzaile eta senarrarekin batera "apustu handia" egin zuen orduan, munduari erakusteko oso posible dela guraso eta eliteko kirolari izatea aldi berean. 

Orain, atseden hartzeko eta egindakoaz gozatzeko garaia da. "Hiru urteotan Anek nire erritmora egokitu behar izan du, entrenamendu eta bidaietara, eta bada garaia aste batzuez oporrak hartu eta atseden hartzeko. Lasai egon nahi dugu orain", adierazi du herritarrak. 

Iaz Jon Altuna Egitegi lankideak Maialen Chourrati egindako elkarrizketa

Aurten, Riora joan aurretik Maialenekin izan genuen solasaldia

Nely Carla Alberto, lehia betean

Gozatu ederra hartu dute gaur lasarteoriatarrek, Maialen Chourrautek egindakoarekin. Hala ere, baliteke egunotako bakarra ez izatea, lehian murgilduta baitabil oraindik Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria.

Lehen multzoko fasean ari da lehian, Espainiako selekzioarekin. Momentuz, bi partidu irabazi eta bakarra galdu dute. Hurrengo errondarako sailkapena gertu daukate. Meritu handiko garaipenak poltsikoratu dituzte orain arte, Montenegro eta Brasilen mailako taldeak azpiratuta. Norvegiaren aurka ere maila oso ona eman zuten, baina galdu egin zuten. Aurreneko fase hau ixteko bi partidu geratzen zaizkie: Errumania eta Angolaren aurka jokatuko dute, hurrenez hurren.

Duela lau urte brontzea ekarri zuten bueltan Maialenek eta Nely Carlak. Aurten, urre bat ziurra da dagoeneko. Eta baliteke azkena ez izatea. Izan ere, batzuetan, ametsak errealitate bihurtzen dira.