Maialen Chourraut: “Ez dakit zer gustatzen zaidan gehiago, piraguismoa ala lehia bera, konpetizioa”

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 3a, 22:15
Eguzkipean egin dugu hitzordua Maialen Chourrautekin (Lasarte-Oria, 1983). BAT Basque Teamen mediku-azterketa bat pasatzeko bidaiatu du La Seutik herrira, eta tartetxo bat kendu diogu. Ane, selekzio probak, herria, lehia, entrenamenduak... Hamaika kontu Zumaburuko parkean. Hainbeste, literaturaz ere aritu garela. Andrea Agassi tenislari ohiaren 'Open' autobiografia-liburua irakurri du, Iñaki aitak gomendatuta. Eta Maialen ere ari da bere istorioa idazten. Amatasunaren kapitulua ireki zuen duela ia bi urte, eta idazten hasi orduko, beste atal bat gehitu nahi dio liburuari. Ekin dio 'Rio 2016' kapituluari. Hona hemen lehen paragrafoak.

Urte preolinpikoa da zuretzat Maialen, baina postamatasun urtea aldi berean. Koktel ederra da. Konbinazio arriskutsua ere bai agian...

Urte ederra dut aurrean, tentsio askokoa. Gauza politak egiteko gogoarekin nago urte preolinpikoan Riorako plazak jokoan jartzen direlako. Hitz batean urte mugitua izango dela esango nuke. Orain arte nahiko lasaia izan da, baina jadanik martxan gaude eta ez gaitu inork geldituko.

Nola uztartu dituzu Aneren etorrera eta eliteko kirolaren exigentzia?
Ama eta aldi berean kirolaria izan nahi nuen, puiraguista. Hori nola egin ordea ez nekien. Pixkanaka etorri dira gauzak, egoera berriak ikusten eta aldi berean ikasten ari gara. 

Fase ezberdinak egon dira, lehenengo Ane eduki nuen, hilabetera entrenatzen hasi nintzen Munduko Txapelketa buruan. Hiru hilabete nituen zitarako, nik parte-hartu nahi nuen, baina zesareak gorputz txarra utzi zidan eta ez nintzen nahi bezain fin aritu. 

Hala ere, saiatu egin zinen. Ez zenuen berehalakoan etsi.
Polita izan zen iazko denboraldia, baina gogorra aldi berean. Anerekin nola bidaiatu, nola neurtu indarrak... Gauza berri askoko urtea. Abersagarria izan zen, ikastekoa. Baina ezin izan nuen guztiarekin. Gaixo jarri nintzen udaran, hiru infekzio izan nituen eta saiatu arren, gorputzak ez zuen eskatzen niona ematen. Erronka zaila zen, Ane elikatu, zaindu eta aldi berean goi-mailako entrenamendu eta lehiaketei egin behar izan nien aurre. Banekien ez nengoela nire onenean, baina ikusten nuen Rioko Joko Olinpikoetarako bidean denboraz oso ondo gindoazela. Jaitsiera batzuetan oso azkarra izan nintekeen, berez oso gaizki aurkitzen nintzen arren. Mantso, pixkanaka egin ditugu gauzak. Nahi adina denbora Aneri emanez gainera, oreka da gakoa.

Aurten hobeto nago. Urte honen hasierara arte titia ematen nion Aneri eta desgaste handia izan da niretzat. Orain jadanik indarra hartzen hasi naiz eta gora eta gora egiten ari naiz. Hasi naiz ondo sentitzen, hasi naiz azkar joaten. Anek gauzak asko errazten ditu oso neska txintxoa delako, alaia.

Palista al dator? Gimnasiora eramaten duzula ikusi dut argazkiren batean, kayakean ere sartu duzu alaba zure altzoan...
Berak egunero ikusten duena gimnasioa eta piraguak dira, ama imitatzen saiatzen da. Ordu asko sartzen ditu kanalean raftinga eta piraguei begira, aire librean dago, gustura egoten da oraingoz, baina handitzen denean ikusiko dugu palista datorren.

Zuk K1ean konpetitzen duzu, baina Chourraut-Etxaniz familia K3an doa. Xabi Etxaniz bikote eta entrenatzaileak, Anek eta hirurok osatzen duzue tripulazioa. Ur biziak dira horiek ere, ezta?
Talde bat osatzen dugu, elkarrekin goaz. Xabik 13 eta 16 urteko beste bi seme ere baditu, piraguistak. Xabi federazioko ekipo guztien entrenatzailea da, horregatik bidaiatzen dugu Anerekin batera, familia guztia joaten delako kanpora. Gainera Raquel Aneren zaintzailea ere espediziora batzen da eta berak laguntzen gaitu entrenatzen dugun bitartean. Ane gusturen ama eta aita dauden tokian egongo dela uste dugu eta horren arabera saiatu gara antolatzen.

Irakurri nizun Ane zurekin bidaian eramatea ‘kapritxoa’ ez, ‘beharra’ zela zuretzat. 
Orain Ane gabe bidaiatzea... Ez dut ikusten. Ez beregatik eta niregatik gutxiago, oso ondo pasatzen dut berarekin, bere bero hori behar dut. Polita da entrenatzetik atera eta alaba hor edukitzea, harekin jolastea, deskonektatzeko.

Anek entrenamendu sisteman aldaketarik egin duzu? Konpetizio aurretako errutina aldarazi dizu? Lehen ezin izaten zenuen inor ikusi, inorekin hitz egin konpetizio egunean. Milimetroan aztertu nahi izaten zenuen ibilbidea. Lehiaketa %100ean, zentzu guztiak horretan jarrita... Eta orain, Ane dago.
Dena, entrenamenduak eta lehiaketak, lehen bezala osatzen ditut gutxi gora behera. Lehen egia da txapelketak neuzkanean denbora guztian konpetizioan sartuta egoten nintzela, detaile minimoena analizatzen. Orain, aurretik egiten ditut lanak. Hori bai, gero Anerekin joaten naiz, zerbait landu behar badut, Anerekin batera joaten naiz. Ez naiz lehen bezain itxita egoten. Lehen 24 orduak piraguismoarentzat ziren, baina orain banatu egiten dut denbora alabarekin egoteko. Egoera aldatu egin da eta orduak ahal ditudan hoberen aprobetxatzen saiatzen naiz.

Ez zinen kayaketik jaitsi haurdunaldian, Ane eduki arte. Ama izan ostean hamabost egunera berriro ere uretan sartu nahi izan zenuen… Hainbesterainokoa al da harra? Horrek beharra erakusten du, bizioa ia. 
Egia da, bizio bat da, ikaragarri gustatzen zait. Baina ez dakit zer gustatzen zaidan gehiago, piraguan ibiltzea edo lehia bera... Erretiratzen naizenean gogo berarekin ibiliko ote naiz? Jakingo al dut piraguan lasai ibiltzen? Orain zalantzak sortzen zaizkit.

Ama izan nintzenean hiru hilabete bakarrik geratzen ziren AEBtako Mundialetarako, ez nintzen ondo iritsi, baina uste dut egindako esfortzuak lagundu egin zidala bueltarako. Zesareak gorputza kristo bat eginda utzi zidan. Pala hartzen nuen eta 15 kilo pisatzen zituela zirudien eta piraguak 30 kilokoa zirudien. ‘Orain arte egindako lan guztia horrela bukatzeko...’ pentsatu nuen orduan.

Mentalki gogortzeko balio izan zizun urteak behintzat, ez da gutxi. Irakaspen ona da.
Egia esan, ez zen guztiz urte txarra izan. Lehengo urteko Mundialeko sailkapen probak irabazi egin nituen, baina mastitis bat izan nuen orduan. Minez eta leher eginda, mareatu egiten nintzen jaitsieretan. Ez nengoen egoera onean eta Munduko Txapelketan ez nuen nire maila ematerik izan.

Aurten ez zait hori gertatuko, sasoi ona daukat, indartsu sentitzen naiz. Lehiakorra izan nahi dut ez Londreseko Mundialean bakarrik, goian egon nahi dut jaitsiera guztietan, finalak nahi ditut, finalak behar ditut. Izan ere, Munduko Kopan, Europako Txapelketan eta Mundialean finalera sailkatuz gero, Federazioak Riorako bonifikazioak ematen ditu datorren urteko selekzio probei begira eta komeni da bonifikazio horiek pilatzea.

Rio de Janeiro, hasi da ametsa.
Helburu nagusia da Rio, dena Riora begira dago eta plaza bat bakarik dago hara joateko. Beste neskak azkar doaz, jaitsiera azkarrak egiteko gai dira. Nik alde daukadana esperientzia da, eta indartsuagoa naizela ere bai. Hori erakutsi nahi dut. Aurten ez dut ezer dantzan utzi nahi.

Rioko Joko Olinpikoetarako bidea ez da erraza, prozesu konplikatua da.
Joko Olinpikoetara ezin da edonor joan, plazak oso mugatuak dira. Nire kategorian, K1 nesketan, Komite Olinpikoak hamabost plaza banatzen ditu. Mundialean sailkatzen diren lehenengo 15 herrialdeei emango zaizkie. Plaza lortzekotan, Espainiarentzat lortzen da, ez piraguistarentzat. 

Riora zein joan datorren urteko apirilean erabakiko da, Seun eta Paun egingo diren selekzio probetan. Zortzi jaitsiera egingo dira bi leku horietan, eta sei jaitsiera onenek puntuatuko dute plaza olinpiko hori lortzeko. Sailkapen probez gain, lehen aipatu ditudan bonifikazioak daude. Txapelketa handietako finaletan sartuz gero, puntuazio extra bat ematen dute eta selekzio probetako puntuak batuta onena dena, huraxe joango da Riora. 

Selekzio probak bi asteburutan izaten dira. Jakin ezazu, lesio bat, gaixo jarri edo konpetizioa gaizki hasi eta konfiantza faltak edo tentsio gehiegi izateak lan guztia pikutara bota dezake... Hoberena lasai joatea da, gauzak lehenagotik ondo eginda izatea. Plaza horren jabe egiten den neska nahikoa hesi pasatako neska izango da, nahikoa egoera zailak pasa dituena eta prestatuta egongo da Rion ondo lehiatzeko. Konplikatua da, baina Joko batzuk irabazteko ez dago beste biderik, tentsio eta presio hori entrenatu egin behar da. Hala ere, Londreseko Mundialean ez badugu plaza lortzen, Rioko Jokoak akabo.

Gaiz aldatuta, zure aitak, Iñakik, erretiroa hartuko du Ekain liburu dendan, baina zu oraindik ere istorio polita idazten ari zara. Zenbat kapitulu geratzen zaizkio?
Ez dakit. Egutegia luze daukat jarrita. Ane, gogoa, motibazioa, datorren urtean Rion gertatu daitekeenaren arabera, bertan izango naizen, edo ez... Faktore asko hartu behar dira kontutan.

Hala ere, 2017an Paun Munduko Txapelketa da, gainera Frantziak antolatzen dituen lehiaketak sekulako txapelketak izaten dira, hori ezin da alde batera utzi, Paun asko entrenatzen dugulako eta bertan oso azkarrak garelako. Horrekin urte bat jan duzu. Gainera, 2019an La Seu d´Urgellen izango da Munduko Txapelketa. Etxean Mundial bat, goxoki polita, hori ere ezin da galdu, urte preolinpikoa da gainera, plaza olinpikoa egongo da jokoan. 

Bateko eta besteko, 2020an jartzen zara, Tokyon. Urte dezenterekin ailegatuko nintzateke, baina ez dago hain urruti. Badakit sasoia eduki daitekeela adinean aurrera eginda ere. Piraguista beterano onak badaude, azkarrak adinean gora egin arren. Ez dakit zer gertatuko den, denborari utziko diogu lana egiten, baina 2020rako motibatuta nago gaur egun.

Gustura nabari zaitut. Baina zerbait botatzen duzu faltan? Diru laguntzak adibidez, bai prestaketarako, bidaietarako, konpetizioetarako... Oro har, arreta gehiago agian? 
Nik niretzako behar dudana badaukat. Askotan kexatzen gara ez dugula jasotzen behar dugun arreta guztia. Baina bestalde, asko guregana jotzen saiatzen dira eta guk ezin dugula esaten diegu edo aitzakiak jartzen dizkiegu konpromisoei. Ez da erraza entrenatzen egon eta agenda konpromisoz betetzea, gatazka moduko bat da, politena federaziotik bertatik proiektuak aurrera eramatea izango litzateke, baina zaila izaten da, ez dagoelako diru askorik, aurrekontu murriztuekin ibiltzen gara... 

Okerrago ere egon gintezkeen, baina hobeto ere bai. Ni, pertsonalki, oso eskertuta nago, piraguismoaz bizi naiz, baina ez naiz profesionala, beken eta diru-laguntzen bidez ateratzen dut ogibidea. Jasotzen ditudan mota guztietako laguntzak, jasotzen dudan arreta zein den ikusita, agian, nik ez dut nahikoa itzultzen. Entrenatzen bai, esfortzua ez dut sekula negoziatzen, baina uretatik kanpoko gauzetan agian gehiago egin beharko nuke, egia da.

Mantentzen al duzu harremanik Lasarte-Oriarekin? 
Ni lasartearra naiz, Lasarten dauzkat familia eta lagunak, nire txokoa Lasarten dago. Geroz eta gutxiago etortzen naiz kanpoan denbora asko ematen dudalako, haur txikiarekin ezin dut nahi dudanean hiru egunetarako hona etorri, nahikoa dauka Anek egiten ditugun bidaia guztiekin. Gabonetan etorri nintzen eta tarteren bat dudanean itzultzen naiz. Gainera Anek ere egon behar du bere aitona-amonekin izeba-osabekin...

Txintxarriko kazetaria izango bazina eta 2016ko Jokoen titular bat idatzi behar izango bazenu, zer idatziko zenuke?
'Maialen Chourrautek urrea lortu du'.

Hori da zure helburu argia.
Dudarik gabe. Urrutitik begira, 2012an Londresen Xabik beti esaten zidan ‘Maialen, ez duzu dena eduki behar irabazteko, zuk itxaroten duzu guztia kontrolpean edukitzera. Eta dena daukazunean... Ez dira beti gauzak ateratzen, batzuetan dena eduki gabe ere irabazi daiteke’. 

Egia esan, 2012an oso indartsu nengoen, sekulako nabigazioa neukan. Urrezko dominatik segundo bat eskasera geratu nintzen. Orain, Rion saiatuko naiz domina hori neureganatzen. Ea nola doazen aurtengo konpetizioak, datorren urtekoak... Baina buruan jada hori daukat, urrea. Iaz gehiago kostatzen zitzaidan horretan pentsatzea, ez neukan hainbesteko grina urrea lortzeko, baina orain... Uste dut ez naizela geldituko hori lortu arte. Gero han zer gertatuko den? Ikusiko dugu. Han egongo ote naizen? Ikusiko dugu. Baietz espero dut.

Ondo gogoan daukat. Londresen brontzezko jaitsiera bukatu zenuean keinu bat egin zenuen, ez dakit lasaituarena edo beste...
(Galdera eten du) Minarena izan zen.

Minarena orduan...
Urrezko domina nahi nuen, eta iritsi nintzenean eta ikusi nuenean hirugarrena nintzela pentsatu nuen: ‘Akabo, urrea irabazteko aukera joan egin zait’. Niretzat izan zen: ‘Galdu ditut Jokoak’, ez zen izan ‘brontzea daukat’. Nire helburua Jokoak irabaztea zen, urrea, ez nuen beste ezer nahi... Eta orain ere urrea nahi dut. Ez dut inoiz Munduko Txapelketa bat irabazi, zilarra eta brontzea dauzkat, baina urrerik ez. Urrea nahi dut. Irabazi egin nahi dut eta ikusi inork ez duela nik baino hobeto egin, ni izan naizela onena. Hori nahi dut.