Pekin, Londres, eta, orain, Rio de Janeiro (Brasil). Maialen Chourraut piraguista hirugarrenez ariko da Joko Olinpikoetan.
Dagoeneko Riora bidean da herritarra. Hegazkina hartu du, eta bihar iritsiko da. Hamar bat entrenamendu saio egin, eta abuztuaren 8an hasiko da lehian. Ondo bidean, K1 modalitateko finalerdia eta finala hilaren 11n jokatuko lituzke. “Helburua nire onena ematea da; ametsa, urrezko domina”, zehazten du Maialenek.
Joan den asteburuan bigarren postua eskuratu zuen Espainiako txapelketan, Nuria Vilarrublaren atzetik.
Rioko Joko Olinpikoak hasteko falta diren ordu, minutu eta segundoak gutxitzen joan ahala, bertan aritzeko gogoak handitzen al doaz?
Bai, irrikitan nago Riora iritsi eta Jokoetan murgiltzeko. Bihar iritsiko gara hara. Egia esan, konpetitu aurreko egun horien tentsioa sentitzen hasia naiz. Ea lehenbailehen iristen diren konpetizio egunak.
Pixka bat itxaron beharko duzu oraindik...
Abuztuaren 8an jokatuko dut lehenengo kanporaketa. Sailkatuz gero, hilaren 11 litzateke bigarren eta azken konpetizio eguna: finalerdietan ariko nintzateke aurrena, eta, txartela lortuz gero, finalean ondoren.
Egun hori iritsi aurretik, hamar bat entrenamendu-saio burutuko ditut. Rioko kanaleko jaitsierak eta gimnasioko lana uztartuko ditut. Entrenamendu aste gogorrenak uztaileko lehenengo biak izan ziren; orain, apur bat jaitsi dugu erritmoa, Riora txisparekin iritsi ahal izateko.
Rion egin dituzu zenbait egonaldi, bertako kanalari neurria hartzeko. Zer moduz joan dira?
Iazko azaro-abenduan joan ginen aurrenekoz; hiru aste igaro genituen han. Preolinpikoan aritu nintzen lehian orduan, eta ez zen gaizki joan, hirugarren izan bainintzen. Hala ere, kosta zitzaidan kanalari puntua hartzea.
Aurtengo apirilekoa izan zen bigarren aldia. Sentsazioak hobeak izan ziren, eta, maiatzean, hirugarren aldiz egon ginenean, are hobeak. Beti gertatzen da: saio gehiago egin ahala, erosoago sentitzen zara. Bihartik aurrera ere konfiantza irabazteko helburuarekin entrenatuko dut, jaitsiera luzeak eginez.
Orain, gainera, piragua berria daukat, aurrekoa baino zertxobait txikiagoa. Berriak direnean, apur bat arinago jaisten zara.
Zein helbururekin zoaz Rio de Janeirora?
Helburua nire onena ematea da, ahalik eta ongien konpetitzea. Ametsa, urrezko domina irabaztea.
Londresko 2012ko Jokoetan bezala brontzea irabaztea sinatuko zenuke?
Edozein domina irabazita gustura bueltatuko nintzateke, baina ez nuke sinatuko brontzea, nire buruari urrea irabazteko aukera kenduko niokeelako. Berdin-berdin joango ote nintzateke Joko Olinpiko batzuetara, aurrez brontzea irabaztearekin aski edukiko banu? Ez dut uste.
Urrea lortzeko lehian zeintzuk dituzu arerio nagusi?
Jessica Fox australiarra nabarmenduko nuke; oso ongi ari da, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan urrea irabazi berri du Polonian. Bestalde, kontuz Ana Satila brasildarrarekin. Oso bizkor ari da jaisten, nahiz eta oraingoz finalak ez zaizkion nahi bezala atera. Zeresan handia eman dezakeela uste dut; gainera, etxean ariko da.
Beste zenbait piraguista ere badira kontuan hartzekoak: Katerina Kudejova eta Jana Dukatova eslovakiarrak, Corinna Kuhnle austriarra, Melanie Pfeifer alemiarra...ez da erraza izango. Dena den, ahalik eta ongien konpetitzea nire esku dago. Ikusiko dugu emaitza nolakoa den gero. Orain da garaia zirt edo zart egiteko, nire kartak jokatzeko.
Lau urteko itxaronaldi eta prestaketaren ostean, kale edo bale pare bat egunetan egin beharrak presionatu egiten al zaitu?
Lau urtean behin izateak egiten ditu berezi Joko Olinpikoak; horregatik nahi izaten dugu denok horietan lehiatzera joan. Akats gutxien egiten dituen piraguistak poltsikoratuko du urrezko domina. Zentzu horretan, badaukat zer hobetua. Batzuetan kosta egiten zait erasokorra izatea jaitsialdietan; beste batzuetan, ordea, erasokorregia naiz. Oreka aurkitu behar dut.
Hitz egin dezagun olinpiadaz, Joko Olinpiko batzuetatik besteetara igarotzen den lau urteko tarteaz. Londrestik Riora bitartekoetan bizitu dituzu esperientzia berriak, guraso izatea tartean, baina Jokoen atarira berdin iristen zara: urrea irabazteko aukerekin.
Duela lau urte Munduko Ranking-ean bigarren iritsi nintzen Londresera, eta aurten ere postu berean ailegatuko naiz Riora. Kuriosoa da datua. Duela lau urte urrea irabaztetik oso gertu sentitu nintzen, eta bihozkada berbera daukat aurten, uste dut aukerak ditudala urrea lortzeko. Kanalean erakutsi behar da hori, ordea.
Mamu ugari dabiltza bueltaka Rioko Jokoen inguruan. Loa kentzen al dizute?
Logistikak arduratzen nau ni gehien, oso mantsoa baita han garraioa. Ezinegon horrek kezkatzen nau, erlojuari etengabe begira egoteak, pentsatuz ea garaiz iritsiko garen ala ez entrenatu eta konpetitzera. Errepideak kolapsatu egiten dira, eta bi ordu inguru behar dira hoteletik kanalera joateko.
Horrekin ez dut esan nahi Rioko egoera soziala, pobrezia...kezkagarri eta larria ez denik. Asko kostatzen ari zaie Jokoak aurrera ateratzea, hiritarren portzentaje inportante bat kirol ekitaldi hori Rion egitearen kontra dago... Ez gaude ohituta egoera horiek ikustera, eta han egon izan garenean oso gogorra egin zaigu.
Zika birusari dagokionean, ni, pertsonalki, lasai noa. Han birusa hartzen badut lasaiegi joan naizelako, orduan damutuko naiz. Maiatzean Rion egon ginenean, ez genuen deus entzun Zikari buruz. Gero, gure etxera bueltak Pau Gasolek egin zituen adierazpenekin kointziditu zuen, eta orduan esan genion gure buruari, 'zer gertatzen da hemen'?.
Logistika arazoek eragiten dute zuzen-zuzenean konpetizioan, eta esan bezala, faktore horrek kezkatzen nau gehien.