Palestinako egoera bertatik bertara ezagutu eta hemen ezagutarazteko helburuz egin zuen bidaia Oihan Agirretxek, abuztuan. Atzo arratsaldean egin zuen ariketa hori, Villa Mirentxun, aretora bertaratutako 50 bat herritarren aurrean. 'Lasartetik mundura. mundutik Lasartera' zikloaren bigarren hitzaldia izan zen, lasarteoriatar batek eskainitako lehenengoa. AldarriCATuz-eko lagunek eskaini zuten aurrenekoa, orain dela bi aste atzera, Villa Mirentxun bertan.
Hiru astez bertan bizitako esperientzia partekatu zuen entzuleekin, eta baita hainbat alor jorratu ere: historia, kokapen geografikoa, Aida errefuxiatu gunean bizitakoak, Hebron herria, biztanle palestinarren prekarietatea eta beste hainbat.
"Jazarpen etengabea"
Agirretxek behin eta berriro errepikatu zuen ideietako bat honakoa izan zen: "Judutar sionisten etengabeko jazarpena pairatzen dute palestinarrek, euren eguneroko bizitzan". Hainbat adibide jarri zituen hori ilustratze aldera: kolono israeldarrek nola kentzen dizkieten etxebizitzak, ortuak eta antzeko jabetzak palestinarrei, egun batetik bestera. "Horrelako ekintzak burutzeko beti darabilte argudio bera: jainkoak erabaki duela israeldarrei lur horiek ematea", azaldu zuen.
Poliziak eta indar armatuek ez diete tratu berdina ematen israeldarrei eta palestinarrei aspektu guztietan, eta atxilotzerako orduan bereziki: "Palestinarrak atxilo hartzeko adin minimoa 12-14 urtekoa da, eta israeldarrena, 18. Palestinarrak sei hilabetez egon ohi dira inkomunikatuta, jakin gabe zergatik hartu dituzten preso, bisitarik jaso gabe eta abokaturik gabe. Era berean, autoan sartzen dituzten une beretik torturatzen dituzte, fisikoki umeak eta psikologikoki helduak".
Prekarietatea egunerokotasunean
Agirretxek zehaztu zuenez, prekarietatean murgilduta bizi dira palestinarrak.Aida errefuxiatu guneko bizimodua jarri zuen exenplutzat: "Ura, adibidez, israeldarren esku dago; hilean behin ematen diete palestinarrei. Osasuna eta hezkuntza aldetik ere baldintzak oso kaxkarrak dira, zaborra kaleetan sakabanatua dago, elektrizitatea eskuratzeko ere trikimailu asko egin behar dituzte, industria-gunea suntsitu zuten israeldarrek, denda eta komertzioak oso txikiak dira... Prekarietatea ikaragarria da".
Gaur egun 6.000 lagun inguru bizi dira bertan. Gunearen sarreran giltza erraldoi bat daukate sinbolotzat. "1948an, Israelgo estatu demokratiko judua osatu zenean, palestinarrak zeuden bertan. Euren etxeak kendu zizkieten, eta orduko horretan okupatu gabe zeuden lurretara mugitu ziren, errefuxiatu gune horiek sortuz. Etxebizitzetako giltzak eraman zituzten haiekin, egunen batean haien jatorrizko bizitokietara bueltatuko zirenaren itxaropenez".
Brigadista lana
Askapenaren brigada batekin bidaiatu zuen Oihan Agirretxek Palestinara, hiru astez, abuztuan. "Sekulako esperientzia" izan dela nabarmendu zuen atzoko hitzaldian, "subidoiarekin" bueltatu zela, eta "edonori" gomendatzen diola esperientzia hori bizitzea. "Izugarria izan da niretzat bizi duten egoera muturrekoa izan arren, nola egiten dion aurre herri palestinarrak, erakusten duten duintasuna. Haurrekin hitz egitean ere asko harritzen nintzen, oso kontziente dira bizi duten errealitateaz, ez du hemengoen mentalitatearekin zerikusirik".
Bideo-kronikak egiten zituzten egunero, bisitatzen zituzten toki denetan, eta Askapenaren sare sozialetara eta YouTube kanalera igo gero, bertako egoeraren berri emateko mundu osoan zehar. Atzo aipatu zuenez, "arrakasta dezente" izan dute haiek eskegitako multimedia materialak. Hitzaldian zehar ere erakutsi zituen hainbat grabazio, haren azalpenak irudiz hornitzeko.
"Palestinarrek pozarren jasotzen dituzte brigadisten bisitak; oso harrera beroa egiten dizute hasieratik, edozein laguntza keinu asko eskertzen dute", azpimarratu zuen Agirretxek.
Nazioarteko laguntzaren beharra
Herritar gaztea eszeptikoa da palestinar gatazkaren konponbidearekiko, borroka armatuari dagokionean batez ere: "Lehenengo bi intifadek gatazka nazioartean gizarteratzeko balio izan zuten, baina palestinarrek dituzten baliabideekin nekez egingo diote aurre munduko estatu armatuenetariko bati".
Era berean, nabarmendu zuen "ezinbestekoa" dela nazioarteko laguntzaren beharra, eta horrek asko eragin dezakeela konponbide prozesuan.
Hitzaldiak iraun zuen bitartean ikus-entzuleen galderak erantzun zituen Agirretxek.