Herrialde Katalanetako egoera aztertuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 30a

'Lasartetik mundura, mundutik lasartera' hitzaldi zikloak hasi du bere ibilbidea. AldarriCATuz taldeko kideek Herrialde Katalanetako egoera politiko eta soziala izan dute hizpide.

Pozik agertu dira antolatzaileak AldarriCATuz taldeko kideek emandako hitzaldiaren ostean. Hogeitamar herritar inguru gerturatu dira Villa Mirentxura Herrialde Katalanetako ezker independentistak bere herriaren egoerari buruz egiten duen irakurketaren berri izatera.

Bilakaera historikoa azaldu dute hasteko, Catalunyan nazionalismoaren sorrera hobeto ulertze bidean. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako egoeren arteko desberdintasunak ere aztertu dituzte.

XX. mendeko bigarren zatian, ezker independentistaren sorreratik gaur arteko ibilbidea sakonago azaldu dute. Diotenez, sektore askotan, "egungo independentismoa autonomismoaren krisitik dator", eta egoera ulertzeko zenbait gako eman dituzte.

Askapen prozesua bultzatu duten aldagaiak aztertu dituzte, etorkizunerako erronkak aipatuz eta orain arteko ahuleziak eta akatsak onartuz.

Herritarrek zenbait galdera egin dizkiete AldarriCATuz-eko kideei. Besteak beste, prozesuak izan ditzakeen oztopoei eta prozesuaren babes sozialari buruzkoak.