Oihan Agirretxe: “Positiboki aldatu nau bidaiak”

maider-azurmendi 2015ko ira. 18a, 12:30
Oihan Agirretxe herritarrak uda ez zuen urtero bezala pasa nahi eta Palestinara brigadista modura joatea erabaki zuen. Esperientziak pertsonalki aldatu du eta Palestinak bizi duen egoeraz beste ikuspegi bat eman dio. Hango herritarrek bizi duten jazarpena gelditzeko nazioarteko laguntza beharrezkoa ikusten du.

Hiru asteko egonaldia izan arren, bizitza aldatzen duen esperientzia horietako bat izan da Palestinara egindako bidaia Oihan Agirretxerentzat. Askapenak antolatutako brigadan bost lagun abiatu ziren abuztuaren bian Euskal Herritik. Guztientzat esperientzia aberasgarria bezain intensoa izan da. 

Zergatik Palestina?

Zerbait egin nahi nuen abuztuan ohiko udara ez izateko. Aita egona zen Palestinan baita lagun batzuk ere eta beti izan dut kuriositatea bertako errealitatea ezagutzeko. 

Nola prestatu zenuen bidaia?

Askapenaren brigaden artean aukeratu nuen Palestina eta bi formazio saio egin genituen. Alberto Pradillaren “El judio errado” liburua irakurri nuen ere joan aurretik eta horrek lagundu zidan bertako egoera, batez ere alderdi erlijiosoari dagokiona, hobeto ulertzeko.

Askapenako kideek arazoak izan zituzten Saharan. Zuek arazorik izan al zenuten?

Gure kasuan ez. Hala ere, ia beti, palestinar herriarekiko elkartasun mugimenduetako kideek izaten dituzte han arazoak. Dirudienez gu ondo kamuflatuta joan ginen.

Israelentzat brigadista berez ez da arazoa. Beraiek jakin, nahi dutena da bertan zaudela, zeinekin mugitzen zaren. Europarrak gaizki tratatzea ez zaio komeni Israeli. 

Nolakoak izan ziren lehenengo egunak?

Tel Aviv-era iritsi eta zuzenean Jerusalem okupatura joan ginen. Bertan egun bat pasa genuen, ohiko leku ‘turistikoak’ ikusten. Niretzako erlijioaren inguruan dauden ohiturak ikustea deigarria izan zen. 

Juduen aldea guztiz “europarra” da. Alde palestinarrean arkitektura arabiarra da nagusi eta judua oso mendebaldekoa da, multinazionalen dendak aurki daitezke. Estatu europarra nahi dute izan.

Gure kontaktuarekin elkartu ginen Bet Lehem-en. 

Errefuxiatu gune batean izan zineten…
Bai, Aida errefuxiatu gunean egon ginen egun batzuk. 1948an Israelgo estatu demokratiko judua osatu zenean, bertan zeuden palestinarrak, ez juduak, euren etxetatik bota zituzten. Momentu horretan okupatuta ez zeuden lurretara mugitu ziren errefuxiatu gune hauek sortuz. 

Sarreran giltza erraldoi bat dago eta honen esanahia da, guztiak okupazioa gertatu zenean, euren etxeen giltzak eraman zituztela noizbait bueltatzeko itxaropenarekin. Erbestea hain luzea izango zela ez zuten espero eta 1.000 lagunetik egungo 6.000ra pasa dira.

Nolakoa da han bizitza?

Lurralde mugatuak dira eta jendetza biltzen da leku oso txikian. Israelen esku dago ura adibidez eta hilabetean behin ematen diete. Langabezia handia dago, zerbitzu edo denda txikiak daude eta horietan egiten dute lan ahal dutenek. 

Guk bisitak egiten genituen, euren egoera ezagutzeko helburuarekin. Gure elkarrizketa horietan, saiatu ginen jende desberdinarekin egoten ikuspuntu anitzak jasotzeko.

Bizi duten etengabeko jazarpena izugarria da. Adibidez ikusi genituen ume batzuk harriak harresira botatzen eta militarrek gas negar-eragilea bota zieten. Umeak besterik ez ziren baina han berdin dio… Gau batean sei gazte atxilotuta eraman zituzten... 

Ebronen egoera nolakoa da?

Aidatik Ebronera joan ginen. Elkarren ondoan bizi dira han israeldarrak eta palestinarrak. Goiko etxeetan kolonoak daude eta behean, alde zaharrean, palestinarrak. Bertan 128 check point daude, une oro zaude kontrolatua eta militarrek nahi dutena egiten dute. Hirian batzuetan autoritatea polizia palestinarrak du eta beste batzuetan, Israelgo armadak. Palestinarrek jazarpen bikoitza pairatzen dutela esango nuke, palestinar poliziak atxilotzen ditu harriak botatzen dituzten gazteak eta israeldar armadak ere bai…

Atxiloketak behin eta berriz aipatzen dituzu…
Bai han atxiloketak oso ohikoak dira… Familia batekin egon ginen Ebronen pasa genituen egunetan. Jazarpen konstantean bizi dira, atxiloketak, torturak, hilketak… jazarpena jasanezina da. Kolonoek nahi dutena egiten dute, kontutan izan behar da herrialde ezberdinetatik eramaten dituzten juduak direla, etxebizitza ematen zaie doktrinatze kulturala… fanatiko erlijiosoak dira. “Hau jainkoak guri emandako lurra da eta gurea da” diote. 

Etxe baten okupazioa nola gauzatzen zuten ikusi genuen. Pixkanaka etxeak hartuz, lurra bereganatzen doaz. Etxetik kanpo daudela sartu eta bueltan lanetik, erosketetatik… etxea hartu dietela aurkitzen dute. 

Eragile eta lider politikoekin egoteko aukera izan zenuten?

Bai, Ramallah-ra joan ginenean. Hau da Palestinako hiriburu administratiboa. Elkarte bat badago errepresioa jasaten dutenei laguntza psikologikoa ematen diena eta hauek kontatzen zuten askotan torturatua izan eta gero denbora luzera azaleratzen direla arazo psikologikoak. Ez dira tratatzen, gainditzen, eta egun gizartearen arazo bihurtu dira. 

Bi familia bisitatu genituen. 20 urteko semea nola manifestazio batean atera eta bertan akabatu zuen frankotiratzaileak kontatu ziguten. Gogorra izan zen. Aktiboa zen politikoki gaztea eta jakin bazekiten gerta zitekeela. Beste familiaren kasuan, gazteak ez zuen ezertan parte hartzen, errefuxiatu gunean sartu ziren militarrak tiro bat bota eta bera jo. Neska lagunak kriston indarra zuen, unibertsitatean ikasten hasi eta herrialdearen egoera hobetzeko gizarte formatu bat izatea garrantzitsua zela esaten zuen behin eta berriro. Aurrera egiteko gogoz, ilusioarekin eta itxaropentsu zegoen.

Presoen egoera ere ezagutu zenuten…

Palestinarrentzat atxilotzeko adin minimoa 12 urte da eta israeldarrentzat 18. 300etik gora ume daude egun kartzelan eta ohikoenak atxiloketa administratiboak dira. Inkomunikazio egoera gutxienez sei hilabetekoa da. Sei hilabete jakin gabe zergatik atxilotu zaituzten, abokaturik gabe, bisita gabe…

Kotxean sartzen zaituzten momentutik hasten dira torturak. Umeekin tortura fisikoak eta helduekin psikologikoak. Palestinan 6.000 preso politiko daude. Egoerak muturrekoak dira espetxeetan, gehienak israeldar espetxetan daude.

Orokorrean, ikusten al dute soluziorik?

Han jende desberdinarekin hitz egin genuen gaiaz. Hiru egoera eman daitezkeela uste dute. Batetik orain bezala jarraitu, kolonizazioak terrenoa jatea pixkanaka.

Bestetik, bi estatuen teoria dago, estatu palestinarra eta israeldarra eratzea. 1993an sinatutako Osloko hitzarmenean zehaztutakoa betetzea litzateke. Honetan marra berdea finkatu zen orduan baina Israelek pixkanaka hau gainditzen joan da. Hau onartzekotan, orain arte okupatu dizkieten lur guztiak Israelen esku geratuko lirateke, Gaza eta Zisjordaniara mugatuko litzateke estatu palestinarra. Horrela izanda, lehengai guztiak Israelen lurretan geratuko lirateke erabateko menpekotasuna sortuz. 

Azkenik, palestinar gehienek defendatzen duten estatu bakarra legoke. Bakean elkarrekin bizitzea. Bakea eta justizia nahi dute eta elkarbizitzaren alde daude.

Zein da egoera politikoa?

Bi alderdi nagusi daude Palestinan, Al-Fatah, nagusi da Zisjordanian eta Hamas, Gazan. Bien arteko egoera liskartsua da. Batu beharrean Palestinaren egoera hobetzeko, bakoitzak bere oinarriak defendatzen jarraitzen du elkarlanerako inolako jarrerarik agertu gabe. 

Eragile batek esan zigun denen artean zerbait lortu ahal izateko, partido berri bat sortu beharko zela. Ohiko bi alderdi hauen higadura gainditu eta irtenbide amankomun baten alde egingo lukeena. 

Zure ustez zein izan daiteke irtenbidea?

Ez dut irtenbiderik ikusten. Lehenengo bi intifadek nazioartean gatazka ezagutzera emateko balio zuten. Horretaz gain, palestinarrak atxilotu, akabatu eta errepresioa handitzeko. Israel da munduko estatu militarizatuenetako bat.  

Egun alderdiek ez dute jenderik. Intifaden garaian herri kontzientzia zegoen, herri izaera defendatzeko grina baina egun, kapitalismoaren ideologia indibidualista sartu da. 
Umeak edukitzea, ugari-tzea da geratzen zaiena. Gehiago dira juduak baino.

Zein sentsaziorekin etorri zara?

Subidoiarekin. Egoera txar horretan nola bizirik irauten duten eta aurrera nola ateratzen diren izugarria da. Erakusten duten duintasuna… 

Argi dago, hemen ditugun arazoak ez direla ezer. Positiboki aldatu nau bidaiak. 

Hemen zer egin daiteke?

Palestinaren gatazka konponduko bada, laguntza internazionalarengatik izango da. Israelek ekoizten dituen produktuak boikoteatzea da norberak etxean egin dezakeena. Boikotak ahultzen ditu ekonomikoki zein moralki.

Bestalde, han zer gertatzen den kontatzea. Gatazka erlijioso bezala saltzen da eta horrela ez da. Bertakoa genozidio, muturreko kolonizazio edo apartheid bat bezala definituko nuke. 

Hara joatea animatzen dut jendea. Palestinarrek hori nahi dute bertatik ikusi eta bueltan gure herrialdetan kontatzea. 

Guk dokumental bat egingo dugu eta ondoren, hitzaldi eta emanaldiak herriz-herri antolatuz zabalduko dugu.