Fase erabakigarrian sartzear

Txintxarri Aldizkaria 2016ko apirilaren 15a

Iritsi da ordua. Liga erregularra bukatuta, gaur arratsaldean hasiko dira herriko areto-futbol txapelketako kanporaketak. Zehazki, kontsolaziokoak. Txapeldunen fasera sailkatu diren taldeen txanda bihar goizean izango da. Michelingo kirol-guneko kantxan jokatuko dira asteburuko partidak.

Fase erabakigarrira iritsi da herriko areto-futbol txapelketa. Liga erregularra amaitzearekin batera, kanporaketak hasiko dira gaur. Kontsolazio Ligakoak, hain zuzen: Reformas Lagunak, Urdaneta Hortz Klinika eta Also, Txoko eta Viña del Mar tabernak ariko dira bertan. 

Bi norgehiagoka ikusi ahalko dituzte lasarteoriatarrek gaur, Michelingo kirol-guneko kantxan. Also eta Urdanetak jokatuko dute 19:45ean. Handik ordubetera ariko dira Viña del Mar eta Reformas Lagunak. Txokok atseden hartuko du aste honetan.

Txapelketaren antolatzaile Ostadar SKTk zehaztu duenez, formatu berria du aurten kontsolazio faseak. Ligaxka jokatuko dute taldeek; aurreneko bi postuetan sailkatzen direnek jokatuko dute finala.

Txapeldunen fasea, bihar

Areto-futbol zaleek hainbat partidaz gozatu ahalko dute bihar ere, Txapeldunen faseari ekingo baitiote zortzi taldek: Txindoki, Izkiña, Kattagorri Insausti, TSST, Trumoi, Ilargi eta Indauxek. Liga erregularreko sailkapena kontuan hartuta prestatu dituzte kanporaketak. Txindokik (1goa) Indauxekin (8.a) neurtuko ditu indarrak; Izkiñak (2), Ilargirekin (7); Kattagorri Insaustik (3) El Punto (6) iazko txapeldunaren kontra jokatuko du; eta TSSTk (4) Trumoiren aurka (5).

Azken bi talde horiek izango dira jokatzen lehenengoak bihar, 9:15ean. Handik ordubetera Kattagorri Insausti eta El Puntoren txanda izango da. 11:15ean Ilargik eta Izkiñak neurtuko dituzte indarrak, eta 12:15ean, azkenik, Txindokik eta Indauxek. Joaneko partidak izango dira biharkoak; datorren asteburuan jokatuko dituzte itzulikoak.

Erregularrena, Txindoki

Txindoki tabernak irabazi du emozioz betea egon den liga erregularra. 67 puntu bildu ditu denera, Izkiñak baino bat gehiago besterik ez. 

Liga erregularrean onena izateak, ordea, ez du bermatzen ekaina aldean txapeldun izatea. Iazko kasuari begiratu besterik ez dago: orduan ere Txindoki izan zen talde erregularrena, 63 punturekin. Txapela, ordea, El Puntok jantzi zuen, Txindoki bera garaituta finalean. Penaltietara iritsi zen partida, bi taldeek husna berdindu eta gero. Arantzatxoa uztailan atera zuen Txindokik, Mosso memoriala irabazita.

Kontsolazio fasea berriz, Trumoik poltsikoratu zuen; 2-1 hartu zuen mendean Indaux.