Insausti eta Ilargi tabernek irekiko dute Michelingo partiden zerrenda: 19.30ean jokatuko dute elkarren kontra. Kiroldegian berriz, Viña del Mar tabernak Trumoiren aurka neurtuko ditu indarrak, ordu berean. Horrez gain, beste bi norgehiagoka jokatuko dira kiroldegian: Buenetxea eta Indaux-en artekoa 20:10ean, eta Txindoki eta Urdanetaren artekoa 20:50ean. Michelinen berriz, areto futboleko txapelketaren irabazle El Punto tabernak Txoko izango du aurrez aurre, 20:10ean.
Hamar taldek hartuko dute parte aurtengo edizioan. Zenbakiak eskuetan, bost taldek egin beharko lukete aurrera, baina koadroa herren geratuko litzateke, hobe izaten baita taldeen kopurua bikoitia izatea denek partiduak jokatu ahal izateko. Hori dela eta, kaleratuak izango diren bost talde horietatik bat ariko da final-laurdenetan; zozketa bidez erabakiko dute nor izango den. Hiru partidu jokatuko dituzte guztira: bi Michelinen (9:10ean eta 9:50ean) eta udal kiroldegian bestea, 9:10ean.
Sei talde horiek jokatuko dituzte final-laurdenak, beraz. Finalerdietan arazo bera izango lukete ordea, hiru taldek egingo luketelako aurrera. Hori saihesteko, sistema bera erabili eta kanporatuak izango diren hiru taldeetako bat sailkatuko da finalerdietarako, zozketa bidez. Michelinen eta udal kiroldegian norgehiagoka bana jokatuko dituzte; 10:30ean hasiko dira biak.
Azkenik, udal kiroldegian ariko dira nor baino nor finalera iristen diren bi taldeak, 11:45etatik aurrera. Hamar talde horietako batek hartuko du Izkiña tabernaren lekukoa, aurten ez jokatzea erabaki baitu.